Bartzelonaren eraso zaparrada geratu beharko du gaur, berriz ere, Chelseak

Finalerako bigarren txartela edukiko dute jokoan bi taldeek, joaneko partidako 0-0ekoa gogoan dutela

Erredakzioa
Donostia
2009ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Beldurtuta ez, baina errespetu handiarekin zelairatuko da gaur iluntzean Chelsea Stamford Bridgen. Bartzelonak Real Madrilen aurka erakutsitako joko eta gol festaren oihartzuna Londres aldera ere iritsi da. Espainiako Liga ia poltsikoan dutela eta hurrengo asteko Espainiako Kopako finala buruan dutela jokatuko du Bartzelonak Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko partida, Chelsearen aurka. Joaneko partidan 0-0 berdindu zuten bi taldeek Bartzelonan, ingelesen defentsako lan zoragarriari esker. Kataluniarrak ez ziren gai izan gol bakar bat ere sartzeko, eta, beraz, Chelseak, aurreko sasoian bezala, eskura dauka finala. Manchester Uniteden aurka galdu zuen aurreko denboraldian Txapeldunen Ligako finala, eta arantza hura ateratzeko desiratzen daude jokalariak.

Marquez min hartuta dago Bartzelonan, eta Puyol zigortuta. Beraz, atzealdean aldaketak egin beharko ditu Pep Guardiolak. Abidalek edo Caceresek jokatuko dute zentral postuan Piqueren ondoan, eta Sylvinhok edo Abidalek ezker hegalean. Aurrean, berriz, Henryk min hartu zuen Real Madrilen aurkako partidan, baina hasieratik ariko da ziurrenik. Jokatuko ez balu, Iniesta kokatuko litzateke bere lekuan, eta Keitak jokatuko luke hasieratik Toure eta Xaviren ondoan. Chelseari dagokionez, Ballack hasieratik ariko da zelai erdian -atseden hartu zuen ligan-, eta baita Ashley Cole ere atzealdean, ezker hegalean.



CHELSEA-BARTZELONA

Chelsea. Cech; Ivanovic, Alex, Terry, Ashley Cole; Obi Mikel, Ballack, Essien, Lampard, Malouda; eta Drogba.

Bartzelona. Valdes; Alves, Caceres, Pique, Abidal; Toure, Xavi, Iniesta; Messi, Eto'o eta Henry.

Epailea. Tom Henning Ovrebo (Norvegia).

Lekua. Stamford Bridge futbol zelaia (42.000 ikusle).

Ordua. 20:45 (C+).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.