'Basapiztia'

Blake Griffin 'rookie'-a zirimola baten pare iritsi da NBAra, eta, estatistika bikain eta jokaldi ikusgarriei esker, Izarren Partida jokatuko du. Txikitzeen lehiaketan ere ariko da.

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Basapizti bat da. Gizaki bat da, baina oihaneko edo sabanako abere gaizto baten parekoa da. NBAko jarraipena egiten duen edozein adituren iritzia da hori. Batzuek hitz jakin batzuk erabiltzen dituzte, beste batzuek beste hitz batzuk, baina antzekoa esan nahi dute denek. Blake Griffin jokalaria dute hizpide (Oklahoma City, AEB, 1989), NBAn zirimola indartsu baten pare sartu den rookie-a. Gizarteko fenomeno sozial bilakatu da Griffin, munduko ligarik onenean hiru hilabete eta erdian egin duena ez duelako beste inork egin inoiz. Eta historia luzea du NBAk. Egiten duena, eta egiten duen moduagatik egin da ezaguna Griffin, eta NBAko taldeetako entrenatzaileek Izarren Partida jokatzeko hautatu dute, ordezko gisa, Mendebaldeko taldean —astelehen goizaldean—. Zaleek aukeratzen dute hasierako bostekoa, bozen bitartez, eta Kevin Durant ligako saskiratzailerik onenak itxi dio atea Griffini.

Griffin bihar goizaldean hasiko da lanean, fokoak erakartzen. Txikitzeen lehiaketan parte hartuko du, Serge Ibaka, Javale McGee, eta DeMar DeRozanekin batera. Griffin da NBAko liderra txikitzeetan, eta ikusgarrienak egiten dituena. Harritzeko moduko hamaika jokaldiren egilea da, eta denek dute ezaugarri bat bera: arau orori muzin egiten dien pizti baten pare jarduten du, indar erakustaldiak eginez han eta hemen, bera baino handiagoak edo zabalagoak diren jokalarien aurka, gauza arrunt edo sinple bat egingo balu bezala. Mitikoak bilakatu dira Griffinen txikitze batzuk, New Yorkeko Madison Square Garden distiratsuan Knickseko Timofey Mozgov pibot errusiarraren gainetik egin zuena, adibidez (argazkian). Mozgov 216 zentimetro da luzean, eta, partida bukatuta, Mozgovek aitortu zuen falta egin ziola bere gainetik pasatuko zela uste eta.

Partida horretan keinu berezia egin zion Griffini Amar'e Stoudemire Knickseko izarrak. Txikitze ikusgarri bat egin zuen bere aurrean, eta Stoudemirek keinua egin zion aurpegiarekin, «ederra egin duk motel» esango balio bezala, eta irrifar batekin erantzun zion Griffinek. Txikitzeak arnasa hartzea bezain arruntak dira harentzat. 208 zentimetro da luzean, eta, hankak lurrean dituela, 95 zentimetroko jauzia dauka. Abiadurarekin egindako jauzian metrotik gora joaten da aise, eta bere jauzia neurtu beharrean ikusi da sarri. Unibertsitate garaian taula jo zuen buruarekin jauzi batean.

Griffin Sherengetiko lehoi baten parekoa da. Haiek naturaren senari jarraituz bizi dira, eta bizirik irauteko hil eta jaten dute. Antzera egiten du Griffinek. Txikitzea baino modu errazago edo bide laburragorik ez dago puntuak lortzeko, eta bulkada horren arabera jokatzen du berak. Saskitik zintzilikatu, ahal duen orotan. Griffinen grabitate zentroa txikia da. Hanka zuztarrak garatuta dauzka oso, baina gerritik gora ez dauka hain gorputz gihartsua, oraingoz, eta, horri esker, bere parekoak baino jauzi handiagoa dauka. Azkarragoa ere bada, eta falta asko behartzen ditu hegaleko postu horretatik.

Izar baten zenbakiak

Griffin 2009ko draft-eko lehen zenbakian hautatu zuen Los Angeles Clippersek, baina denboraldia hasi aurretik belauna txikitu zuen. Urte osoa egin zuen osatzen, baina taldearen zaleei ez zien damutzeko batere aukerarik eman; jokatzen hasi bazen, egurrean hasi zen. Griffinek 22,7 puntu eta 12,7 errebote lortzen ditu partidako. NBAko jokalaririk onenen balorazioan bosgarren da, lehen denboraldia duen arren, eta edonor aho bete hortz uzteko moduko zenbakiak lortzen ditu, gaua joan gaua etorri. 40 partidatan gainditu du hamar puntu eta erreboteko langa, eta 27 aldiz segidan gainditu zituen zenbaki horiek. Inork ez du hogei puntu eta hamar erreboteko batez bestekorik egin rookie-a zenean, Larry Bird mitikoak izan ezik. Azkenekoz, Allen Iversonek gainditu zuen, rookie-a izanda, 40 puntuko langa partida batean. Griffinek 47 puntu bildu zituen Indianaren aurka, eta biko jaurtiketetan, %81 asmatu. Zazpi aldiz txikitu zuen saskia, eta Indianapolisko zaleen txalo zaparrada jaso. Eta Izarren Partida Tim Duncan handiak jokatu zuenazkena rookie-a izanda, 1998an. Zenbaki horiek erakusten dute Griffinek aro bat markatuko duela.

Batzuek Charles Barkleyrekin konparatzen dute, batez ere gaztea zenean, baina kemena baino askoz gehiago da Griffin, Duncanen lauzpabost metroko jaurtiketa errepikatzeko gai delako, eta Karl Malone bezain arin korrika egin kontraerasoak bukatzeko. Griffinek gaur egungo jokalari onengan oso ohikoa ez den dohain bat ere badu: jantzia da buruz. Haitikoa du aita, eta Irlandakoa ama, eta horregatik da beltzaran zurixka, eta ile gorria. Heziketa zorrotza jaso omen zuen gaztetan, eta ez da istiluzalea, edo keinu zatarrak egin zalea, beste jokalari batzuk bezala. Bera baino eskarmentu eta indar handiagoa duten jokalarien desafio franko izan ditu, erakustaldiz erakustaldi, jokalari horiek berotu eta Griffin probokatzen saiatu baitira, baina jokalari gazteari oso falta tekniko gutxi adierazi dizkiote, ez baita probokazioan erortzen.

Griffin da Los Angelesko Izarren Partidako pizgarria. Mingain gaiztoek diotenez, ez du txikitzeen lehiaketa irabaziko, bere jokaldiak jokalari pila bat dagoenean direlako ikusgarriak. Basapiztia dena, ordea, basapiztia da. Jendearekin, edo gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.