Sasoi batean, duela ez asko, 11 baserritar lehiatzen ziren elastiko zuri-gorriarekin Real Madrilen kontra. Hori esaten zuten, behintzat, Madrilgo hedabideek. Baserritar haietako asko onak ziren. Oso onak. Espainiako jokalari onenak fitxatzen zituen Real Madrilek, eta, hala ere, hura mendean hartzeko gai izaten ziren. San Mamesen sarri askotan izaten zen garaile Athletic. Azken denboraldiotan, zoritxarrez, ez da horren maiz gertatzen den kontua. Bi taldeen arteko aldea gero eta handiagoa da eta, ondorioz, Katedralean batzen diren zale sutsuen orroak ere ez dira nahikoa izaten Real Madrilen nagusitasunari aurre egiteko.
Gaurkoa ere norgehiagoka nekeza izango da zuri-gorrientzat. Florentino Perezek azken denboraldiotan galdutako handitasuna itzuli gura dio Real Madrili. Horretarako, merkatuan zeuden jokalari onenetakoak fitxatu ditu. Iritziak iritzi, Calcioko (Kaka), Premier Leagueko (Cristiano Ronaldo) eta Frantziako Ligako (Benzema) jokalaririk onenak fitxatu ditu. Messi fitxatzea falta izan zaio bakarrik. Onenak martxan ipintzeko eta iraganeko hutsak ez egiteko, ezinbestekoak diren peoiekin borobildu du taldea. Peoiak deitzea badago behintzat. Albiolek gaztetasuna eta kalitatea eman dio defentsari, eta koherentzia eta kalitatea, berriz, Xabi Alonsok zelai erdiari.
Horiekin guztiekin eta lehen zeudenekin pentsatzekoa zen talde garaiezina izango zela Real Madril. Baina futbolari onenak izatea ez dela nahikoa erakutsi dio txapelketak bigarrenez familia galaktikoari. Oraingoan, ordea, denbora kontua izango dela dirudi. Real Madrili talde izaera emateko entrenatzaile on-on bat fitxatu dutelako: Manuel Pellegrini. Hark ez die joko handirik emango kazetariei, baina futbolaz asko dakiela erakusten ari da berriz. Apurka-apurka taldea garaipenaren bidean ipini duen joko sistema eta jokalariak aurkitu dituela dirudi. Gaur, orain arte gehien nabarmendu den jokalariaren falta izango du: Higuain. Baina hura gabe ere Benzema eta Raul jokalari bikainak izanda, errazago egiten da lo. A ze aukera bi.
Real Madrilen dohainak asko dira. Eta, horregatik, haren kontra lehiatzea egokitzen denean, haren ahala nabarmentzen pasatzen dugu aste guztia: Real Madrilen joa nola zaindu, area ertzean faltarik ez egiteak duen garrantzia, haren aulkian egoten diren jokalarien ahala... beti egon beharra dago aurkariak egin dezakeenari begira. Baina bere buruan itsu-itsuan sinesten duen talde batek jakin beharra dauka berak egin dezakeenari garrantzia ematen. Eta badirudi Athleticek lortu duela urrats hori egiteko beharrezkoa den konfiantza. «Real Madril talde handia da, baina gu ezin gara egon soilik aurkariak egiten duenari begira. Erasoan ere gauzak egin behar ditugu», adierazi du Iraolak aste honetan. Gurpegik, berriz, uste du presioan egon daitekeela giltza. «Azken neurketa bietan ez dugu lan ona egin, eta Real Madrilen aurka ezin dugu presioan huts egin. Talde arriskutsua da oso». Joaquin Caparrosek «bere jokoa» egiteko eskatu dio taldeari. Aurrean, hori bai, beldurra emateko bidean dagoen talde bat dagoela iritzi dio. «Fisikoki talderik indartsuena da, Chelsearekin batera. Oso zuzen jokatzen du, eta golak sartzeko erraztasun handia du».
Ikusmin handia
Ikustekoa izango da San Mamesko argazkia. Bazkideei berriz ere egokitu zaie ordaintzea. Oraingoan, ordea, onenak ikusteko aukeraren truke egin behar izan dute ahalegina. Horregatik, eta gaurko partida eta Anderlecheten kontrakoa ikusteko eskainitako abonamenduak arrakasta izan duelako. Inoiz baino bazkide gehiago egongo da-zale batzuek gaua egin dute sarrerak erosi ahal izateko-. Beraz, giroa beroa izango da oso.
Zaleek ez dute huts egingo. Jokalariek ere gogo ikaragarria dute zaleei garaipen handi bat eskaintzeko. Baina ikusteko dago nola egingo dioten aurre neurketari. Caparrosek erne egoteko eta «buruarekin» jokatzeko eskatu die. Entrenatzaileak ez du joan den sasoian gertatutakoa errepikatzerik gura. Yesteren umekeriak oparitu egin zion garaipena Real Madrili. Aurkariari erraztasunik ez ematea da irabazteko aukera izateko lehen baldintza. Bestela, ez dago zer eginik.
Real Madrilen joak atzeko lerroa indartzeko gogoa eman arren, ez dirudi Caparrosek ezer berezirik egiteko asmorik duenik. Hain zuzen, Yestek jokatuko du beharbada. Malagaren aurka joko zuzenagoa eta oldarkorragoa duten jokalariaren alde egin zuen Athleticek, baina Real Madrili aurre egiteko, talentuaren alde egingo du. Susaetaren partez ariko da Yeste. Gainerako hamar jokalariak Rosaledan aritu zirenak izango dira.
'Baserritarren semeak' gosez daude
Athleticek talde handiekin lehia daitekeela erakutsi gura du gaur, Real Madrilen kontrako partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu