Bilbo Basket 67-87 Baskonia

Baskoniak astindua eman dio Bilbo Basketi

Aurreneko garaipena eskuratu du Dusko Ivanovicen taldeak ACB ligako azken fasean (67-87), defentsako lanari eta kanpoko jaurtiketetan izandako eraginkortasunari esker. Alex Mumbrurenak ondo hasi dira, baina gero ez dute aukerarik izan. 

jarraia182977.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 17a
23:47
Entzun

Ezin hobeto ekin dio bart Kirolbet Baskoniak ACB ligako azken faseari, Valentzian. Aurrean eraman du Retabet Bilbo Basket Euskal Herriko derbian, eta aurreneko garaipena lortu. Dusko Ivanovicen taldeak defentsan eta kanpoko jaurtiketetan izandako eraginkortasunean oinarritu du lana. Hiruko jaurtiketen %40 sartu egin ditu.  Azken emaitzak (64-87) garbi adierazten du zein izan den nagusi. 

Bi taldeek bizi jokatu zuten hasieratik, eta Bilbo Basketek zehaztasun handiagoa jarri zion bizitasunari. Asko asmatu zuen erasoan, jaurtitzeko aukera onak aurkitzeko abilezia eta ordena izan zituelako, eta atzean oldarkor aritu ziren Mumbrurenak. Baskonia ere eroso ibili zen joko azkarrean, baina asmatzea eta atzean lan hobea egitea falta izan zitzaion hasiera horretan. Bilbotarrak joan ziren aurretik lehen laurden osoan, azkenera arte, 23na bukatu baitzuten. Baskonia gero partida txikitzeko erabili zuen baliabide parea erakusten hasita zegoen ordurako: defentsako lana eta eraginkortasuna hirukoetan. 

Baskoniak talde luzeagoa dauka Bilbo Basketek baino, eta galdera izan da hasiera horretan ea Mumbrurenek eutsi ahal izango zioten erritmo biziari. Azkeneko emaitzan dago erantzuna. Baskonia bigarren laurdeneko lehen minutuan jarri zen aurretik lehen aldiz (23-24), eta lau puntura ere igo zuen aldea. Baina azkar suspertu ziren Bilbo Basketekoak, eta 33-27 aurreratu. Lau minutu geratzen ziren atsedenaldira heltzeko, eta orduan hasi zen partida aldatzen. Bizkaitarrek bi joko antolatzaile dituzte soilik fase honetan, eta bietako batek, Jonathan Rousellek (12 punturekin taldeko onena atzo), hirugarren falta egin zuen. Nabaritu egin zuten zuloa, eta, Baskoniaren hobekuntza gero eta sendoagoa zenez, atsedena hartu aurreko bizpahiru minutuetan, jan egin zuen aurkaria. Luca Vildozak (saskiratzaile onena, 20 punturekin) eta Ilmane Diopek lan bikaina egin zuten tarte horretan, eta zazpi puntu goitik joan zen Ivanovicen taldea aldageletara (37-44). 

Sei hilabete jokatu gabe egon eta gero, Vildoza joko antolatzailearen lana bikaina izan zen, eta ez zuen atzera egin bigarren zatian. Hirugarren laurdenean aurreko joera izan zuen partidak, eta azkenera hasi zen aldea handitzen Baskonia. Hiru minutu falta zirenean, hamabost punturen aldea zeukan (47-62). Handik minutu eskasera hogeikoa izan zen (49-69). Defentsa sendoak eta hiruko jaurtiketek eman zioten aldea Baskoniari. 22 goitik zela bukatu da hirugarren laurdena (50-72). Laurden horretako partzialak dena azaltzen du: Bilbo Basketek 13 puntu sartu zituen, eta Baskoniak, 28. 

Azkeneko laurdenean, 30 puntura ere zabaldu zuen aldea. Baskonia, atzeko lan onean oinarrituta, kontraerasoan ere zital aritu zen, eta eroso jokatu zuten Ivanovicenek, aurkariaren hutsak behartuz eta baliatuz (Bilbo Basketek 17 baloi galdu zituen; Baskoniak, zortzi). Aurkaria saiatu zen partidan jarraitzen, baina ezin, aurrean eraman zuelako Gasteizko taldeak. Azkeneko minutuetan itzali egin zen Baskoniaren sua, eta horregatik ez zen aldea askoz handiagoa izan azkenean. 

Ivanovicek badu gustura egoteko modua, eta ez bakarrik emaitzagatik. Izan ere, Vildozaz gain, Jayson Granger ere berragertu egin zen, ia hamar hilabete jokatu gabe egon eta gero, eta biek partida handia egin zuten. Kontrako aldean, Diopen lesioa dago, hanketako giharretan arazoak izan zituelako. Bilbo Basketen min hartu zuena Quentin Serron izan zen, orkatila bihurritu baitzuen. Kontuan izanda ez dagoela denbora asko partida batetik bestera, kezkagarriak izan daitezke bi lesioak. Baskoniak bihar Teneriferi egingo dio aurre (lehen jardunaldian galdu egin zuen Unicajarekin); 21:30ean izango da partida. Bilbo Basketek Joventut izango da kontrario egun berean (15:30); Badalonakoek galdu egin zuten Bartzelonaren aurka. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.