Baskoniak ez dauka huts gehiago egiteko tarterik

Azken orduan jokalari garrantzitsu bat galdu du Alacantek: Serkan Erdogan Besiktasera joan da

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ez dago huts gehiago egiteko tarterik. Ez, behintzat, ustez irabazi beharrekoak diren partidetan. Baskoniak sei partida galdu ditu dagoeneko lehen itzulian, eta liga erregularra sailkapen buru bukatu nahi badu, bizpahiru partida gal ditzake, asko jota. Horiek galtzeko arriskua egon, egongo da aurrerantzean, eta Alacantetik garaipenarekin bueltatzea komeni. Ez dauka ostegunean Malagan jokatutako partidaren garrantzirik, baina aurrera atera beharreko neurketa da, jokalariek konfiantza apur bat lor dezaten.

Atseden hartzeko tarte txikia izan du Baskoniak. Ostiral goizaldean iritsi ziren Gasteizera, berandu, 03:00 aldera, eta ostiral arratsaldean egin zuten lehen lan saioa. Atzo goizean beste entrenamendu bat egin zuten, eta ondoren Alacantera joan ziren. Ivanovicen laguntzaileek Serkan Erdoganen arriskua aintzat hartuta prestatuko zuten partida, baina aztertze lan hori alferrikakoa izango da. Ostiral iluntzean, Alacantek Erdogan Turkiako Besiktas taldeari saldu ziola jakinarazi zuten. Azken orduko hutsune garrantzitsua izango da, Baskoniako jokalari ohia Alacanteko saskiratzaile onenetakoa baitzen. Eskoltak 11 puntu pasa lortzen zituen partida bakoitzeko, eta jaurtiketa batez besteko onekin: %38 hirukoetan, eta %46 bikoetan.

Alacanteko klubak ez du argitu Erdoganen agurraren arrazoia, baina litekeena da azalpena ekonomikoa izatea. Txus Bidorretak 48 ordu baino lehen bilatu beharko du turkiarraren hutsunea estaltzen lagunduko duen konponbideren bat, baina ez da erraza izango. Are gutxiago aurrez aurre Baskonia indartsua daukazunean. Nabarmentzeko modukoa da Pape Sow ere bere taldea izandakora itzuliko dela. Senegaldarrak Alacanten hasi zuen sasoia, baina Baskonian bigarren hilabetea egiten ari da dagoeneko.

Malagako garaipenak taldeari konfiantza eman diola esan du Ivanovicek, «baina ez handi-handia ere. Ez gaitezen sobera puztu, gure jokoak hobera egin behar baitu oraindik, eta asko, onenen parera iritsi nahi badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.