Finaleko lehen partida irabazteak ez zuela deusetarako balio esan zuen Pedro Martinez Baskoniako entrenatzaileak, lehen partida irabazi ondoko pozari eusteko; hiru irabazi behar direla. Eta ez dela erraza izango Real Madril hiru aldiz garaitzea, ez ahazteko Europako Txapelduna dela.
Hasiera bikaina eman zion Kirolbet Baskoniak bigarren partidari, eta 22-33 aurreratzea lortu zuten oso tarte txikian, baina Voigtmann minez jausi zen lurrera, orkatila bihurrituta, eta handik aurrera partida aldatu egin zen. Real Madril indartu egin zen, sinistu egin zuen, eta 52nako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean hautsi zuten madrildarrek partida. Baskonia desagerrarazi egin zuten. 25-5 partzialarekin, ongi bideratuta zeukaten partida; gasteiztarrek, aldiz, oso maldan gora. Azken laurdenean emaitza txukuntzea lortu zuen Baskoniak, baina ez zuten lortu madrildarren garaipena kolokan jartzea.
Bihar, Buesa Arenan jokatuko dute hirugarren partida, 18:30ean.