Bide onean da Baskonia emaitzetan, hirugarrena segidan lortu baitu gaur Murtzian UCAM taldearen aurka, ACB ligako hamahirugarren jardunaldian. Beste bi garaipenak ligan eta Euroligan lortu zituen aurreko igandean eta ostegunean.
Velimir Perasovicen taldeak ez dio ondo ekin partidari, eta hamar puntu atzetik ere ibili da bigarren laurdenean. Hala ere, buelta eman dio egoera zailari, eta lehen zatia aurretik bukatu du (43-44). Bigarren zatiaren hasieran hautsi du partida, eta hamar puntutik gora eraman du aldea. Azken laurdenari ere eroso ekin dio, eta ez du arazo handirik izan ligako zazpigarren garaipena lortzeko, azkeneko minutuetan etxekoak bederatzi puntura gerturatu bazaizkio ere.
Saskiratzailerik onena Xengelia izan da, 19 punturekin, eta Vildoza (14) eta Shields (15) ere ondo aritu dira puntuak sartzen. Fallen lana ere ona izan da saskipean, 10 errebote hartu baititu; horietatik bi, erasoan.
Garaipen honekin lehen zortzien artean sartu da Baskonia sailkapenean, eta, lehen itzulia amaitzeko lau partida falta direnean, aurrerapauso bat eman du Koparako sailkatzeko. Ligaren erdia bukatzen denean, aurreneko zortzi taldeek izango dute aukera Malagan (Espainia) aritzeko; Unicaja Malaga ez badago zortzi horien artean —sailkatua dago Koparako, etxean ariko delako—, lehen zazpiek bakarrik jokatuko dute Kopa etxekoekin batera.
FITXA
UCAM Mutzia 75: (21+16+13+25): Rafa Luz (7),
Townes (12), Larentzakis (4), Eddie (14) eta Hunt (5) —hasierako boskotea—,
Radoncic (5), Lecomte (9), Cate (8), Edu Duran (3), Rojas, Tumba
(2) eta Sakota (6).
Baskonia 86: (15+23+24+24): Henry (7), Vildoza (14),
Stauskas (8), Shengelia (19) eta Eric (2) —hasierako boskotea—, Janning
(6), Diop (3), Sergi García (6), Fall (6), Shields (15) eta Polonara.