Saskibaloia

Baskoniak partida erabakigarria behartu du

Irabazi egin dio Valentziari Gasteizen (76-65), eta han erabakiko da ostiralean bietako zein sailkatuko den ACB ligako finalerdietarako.

jarraia198601.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 2a
22:18
Entzun

Orain, bai, orain finala jokatzeko aukera irabazi du TD Systems Baskoniak: ostiralean erabakiko da Baskonia edo Valentzia pasatuko den ACB ligako finalerdietara. Bana berdindu du kanporaketa gaur (76-65), etxean, Buesa Arenan.

Egin beharrekoa egin du etxeko taldeak, eta ondoen dakiena eginez: defentsa sendoa. Ez bada ere ondo hasi, 8-12 aurreratu da Valentzia, epaileek berriz ikusi duten jokaldi batek eragindako etenaren ondotik, eta zapaldu egin du aurkaria. Lehen laurdena 26-16koarekin bukatu da: laurden akaberako azken hiru minutu eta erdian, Baskoniak 18-4ko partziala sartu dio. Defentsa bikaina egin du, eta horrek aukera eman dio kontraerasoan ateratzeko. Zoran Dragicek tarte horretan ondo jokatu du, eta taldearen defentsa onak partidako gakoetako bat izan zena eragin du: Valentziari baloiak lapurtzea edota galtzea. Datua ikaragarria da: 21 galdu ditu partida osoan.

Bigarren laurdenaren hasieran, Ivanovicek ez du aldatu Henry, eta haren erritmo gozoan, Baskoniak hamabost punturen aldea lortu du bi minutu eta erdian. Gehiago ireki du aldea, seigarren minutu eta erdian, hemeretzi goitik zelako Baskonia (39-20). Lan bikaina egiten segitu du Dragicek: bederatzi punturekin zen Esloveniako eskolta.

Ondo bideratuta zeukan partida Ivanovicen taldeak, bere lana ondo egiten ari zelako, eta Valentziak baloi asko galtzeaz gain, eraginkortasun txikia zuelako hirukoetan. Gainera, defentsan bigun aritu da, gehienetan ohi duen bezala, eta eroso aritu da jokoan Baskonia. Hala ere, atsedenaldira joan aurreko azkeneko hiru minutu eta erdian, sei puntu jan dizkio Valentziak, eta 41-28 aurretik joan da Baskonia. Lehen partidan bezala, irudipena zen etxekoek aukera galdu zutela aurkaria erabat birrindu eta partida erabakitzeko. Gero ere gertatuko zen.

Hirugarren laurdenaren hasiera oso garrantzitsua izateko trazarekin hasi da: Baskoniak aldeari eutsi edota handitu egingo zuen, edo Valentzia partidan sartuko zen. Tartea handitzeko aukera gauzatu da, laurdenaren erdian hamasei goitik zelako (51-35). Jaistea lortu du Valentziak, eta 11ra gerturatu da bi aldiz. Azkenera baina, Rokas Giedraitisen bikoarekin eta Alec Petersen hirukoarekin azken segundoan, hamasei goitik joan da Baskonia azken laurdenera (62-46).

Lanaren hiru laurdenak osatuta zeuzkan Baskoniak, baina biribiltzea falta zitzaion. Ondo ekin dio azken hamar minutukoari, eta hamabost goitik zen sei minutu eta erdi falta zirenean. Baina taldea hasita zegoen erasoan bizitasuna eta jokalarien arteko konexioa galtzen, eta Valentzia partidan sartu da: lau minutu geratzen zirenean zortzira jaitsi du aldea. Izan ditu aukera bat baino gehiago tarteak murrizten segitzeko, baina asko hutsegin du kanpoko jaurtiketetan.

Baskoniaren mesederako, Peters azaldu da, eta hiruko batekin 11ra igo du aldea hiru minutu falta zirela. Beste bost puntu ere sartu ditu amaiera bitartean, eta azkenean 11 goitik bukatu du Baskoniak. Biharko finalerako taldeak erakutsi du prest dagoela. Atzetik aurrera jokatuz, gertu izango du finalerdia. Eta nekea ez dadila azaldu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.