Novica Velickovic. Real Madrileko jokalaria

«Baskoniak sobera du kalitatea eta eskarmentua»

Kanporaketa parekatua ikusten du Novica Velickovicek. «Talde lana» da, Real Madrileko hegaleko serbiarrarentzat, finalean sartzeko gakoa.

Novica Velickovic eta Andres Nocioni lehian, Buesa Arenan jokatutako partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bikain ari da sasoi honetan Novica Velickovic (Belgrad, 1986), baina azken bi denboraldietan ez zuen jokatzeko aukera askorik izan, eta orduan bizitakoen oroitzapenak gogoratu ditu.

Bilakaera bitxia izan duzu Real Madrilen. Ez zenuen askorik jokatu aginte makila Ettore Messinak eta Emanuele Molinek zutenean, baina sasoi honetan garrantzitsu bilakatu zara Pablo Lasori esker. Gogorra izan al zen zuretzat hain gutxi jokatzea? Gustura al zaude orain?

Beti da zaila kantxatik kanpo geratzea. Horrelakoetan zer pentsatu? Bada, taldeak duela lehentasuna, eta taldea norberaren egoeraren gainetik dagoela. Une jakin batzuetan, lesioengatik adibidez, kanpoan ikusi dut neure burua barruan baino gehiago, baina gauza bat argi eduki izan dut: eskatu didatenean prest egon naizela kantxaratzeko, beti. Aukera eman eta prest ez egotea, hori barkaezina da jokalari batentzat. Jokalariak berean pentsatzen du normalean, baina taldean oso jokalari onak daudela onartu behar du, haiek ere jokatu nahi dutela, aurkari batzuk egokiagoak direla zuk jokatu edo aulkian geratzeko… Arrazoi askok baldintzatzen dute jokalari batek zenbat denbora jokatzen duen.

Askok esan zuten udan ez zenuela jarraituko Real Madrilen, aukera handirik ez zenuelako eduki, baina Lasorekin hitz egin eta kontratua bi urtez berritzea erabaki zenuen. Orain, erabaki hura zuzena izan dela ikusten da. Pozik?

Erabaki garrantzitsuetan funtsezkoa da jokalarion nahia. Nik asko maite dut klub hau. Betidanik nahi izan dut Real Madrilen jokatu, eta nahi horrekin, lehentasuna garbia zen, arazoak arazo. Behin talde honetara etorrita, bertan jarraitu nahi nuen. Europako talde handienetakoa da, zale talde aparta du, hiria ederra da eta jendea oso adeitsua da. Kantxetatik at horrek asko betetzen zaitu. Etxean banengo bezala nago, eta hori ere garrantzitsua da erabakiak hartzeko orduan.

25 urte dituzu, 2,05 zara luzean, hiruko ona duzuna, indartsua… Gasteizen ez zuten ondo hartu zuk Real Madrilekin kontratua berritu izana…

Hitz politak dira horiek. Lehen esan dudanaren haritik, gustuko lekuan aldaparik ez, eta nik bizi-bizi dut Real Madrilera etorri nintzeneko ilusio hori. Zertarako aldatu? Urte asko egin nahi ditut klub honetan.

Entrenatzaile batzuek 3 postuan kantxaratzeko nahia erakutsi dute, baina zuk beti garbi esan izan duzu 4 postua dela zurea, ez zarela ondo moldatzen hegaleko postu horretan. Ez al du mugatzen zintzotasun horrek zure etorkizuna? Jokalari askok bi postutan jokatzen dute.

Zintzoa naiz, beste gauza guztien gainetik. 4 bat sentitzen naiz, hori da nire postua. Errespetatzen dut jokalari batzuek 3-4 postuan jokatzeko duten gaitasuna, baina nik ondo dakit 4 bat naizela, ez 3-4 bat. Hori bai, entrenatzaileak 3 postuan jokatzeko eskatzen badit, jokatuko dut, berak agintzen duelako, baina garbi utzita nik nire onena 4 postuan eman dezakedala.

Sasoi honetan Nikola Miroticek aurrea hartu dizula ikusi dugu, eta orain, min hartuta dago. Banca Civicaren aurka oso ondo jokatu duzu, eta zure aukera baliatu.

Niretzat zorionean, baina taldearentzat zoritxarrean, Mirotic funtsezkoa delako taldean. Gertatzen diren gauzak dira, eta aurrera egin beharra dago. Gaudenak taldea finalera eramaten saiatuko gara, bost edo 30 minutu jokatu, baina Mirotic bueltatzen bada, eskurago izango dugu finala.

Ezustekoa eman zenuten Bartzelonan Kopa irabazita, baina ezin izan duzue liga erregularreko lehen postua lortu. Zein da titulua irabazteko faboritoa?

Topiko batera joko dut, baina egia da. Ezin da asmatu. Hiru taldeak dira indartsuak, eta edonork lor dezake titulua. Jakina, partida erabakigarria etxean jokatzeko abantaila edukitzea gauza ona da, baina kirolean denetarik gerta daiteke.

Ze iritzi duzu Baskoniaren inguruan? Jende guztiak dio asko hobetu duela taldera Lampe eta Nocioni iritsi ondotik. Ados al zaude?

Nola ez. Jokalari apartak dira eta taldea hazi egin da. Baskoniak kalitatea eta eskarmentu du, eta horiek balio garrantzitsuak dira baloiak erre egiten duenean. Talde osoa eta jokalari garaiak dituzte, eta lanak emango dizkigute, ziur.

Lau postuan jokatzen duten bi jokalari izango dituzu parez pare: Andres Nocioni eta Nemanja Bjelica. Ondo ezagutzen duzu Bjelica herrikidea.

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina oso jokalari onak dira. Biek modu ezberdinean jokatzeak Baskonia aberasten duela esango nuke. Nocioni jokalari beroa da, bizkarrez indartsua, eta Nemanja, izaeraz apurtxo bat hotzagoa, baina talentu handikoa.

Zein izan liteke finalerdietako gakoa? Prigioni kamustea, zuen trantsizio joko azkarra, Suarezen eta San Emeterioren arteko dema…?

Beste asko ere esango nizkizuke, baina Pablok ez dit baimenik ematen [Pablo Laso Real Madrileko entrenatzaileak]. Balantza alde batera edo bestera desorekatuko duten dozenaka egoera ditu kanporaketak, eta batek edo beste batek erabakiko duen esan beharrean, orokortasunari erreparatu behar zaio. Esan nahi dut, ahalik eta akatsik txikienak egin, eta talde lana indartu, norbaitek 30 puntu sartu eta taldeak laguntzen ez badio alferrikakoa izanen delako.

Finalerdietako emaitza bat?

Auskalo. Gasteizera 2-0ekoarekin joatea ederra litzateke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.