Josean Kerejeta Caja Laboral Baskoniak presidenteak klubaren urrezko domina eman dio gaur Tiago Splitter pibotari (Brasil, 25 urte, 2,11 metro), honek hamar urtean Gasteizen egindako lana eskertuz. San Antonio Spurs NBAko taldean jokatuko du Spliterrek datorren denboraldian -hilaren 13an aurkeztu zuen Spursek-.
Jokalariak aitortu du gaur Gasteizko ekitaldian "arraro" sentitu dela, agur esango diolako Baskoniari. "Egun berezia da", baina "oso pozik" agertu da NBAra doalako. "Biziki" eskertu du euskal kluba.
Baskoniak 2000an ekarri zuen Splitter, Brasildik. Urtebetean Espainiako EBA Ligan aritu zen, Baskoniaren harrobiko taldean, eta hurrengo biak Bilboko Basketen utzita, LEBen. 2003tik aurrera Espainiako ACBn jokatu du, Baskoniarekin. Azkeneko denboraldia izan da haren onena, ACBko jokalari hoberenaren saria eman diotelako; taldeak, gainera, liga irabazi du.
Kerejetak adierazi du oraindik ez dutela haren ordezkoa fitxatuta. Batetik, "Tiago bezalako jokalaririk ez dagoelako merkatuan". Bestetik, denboraldia hasteko bi hilabete inguru falta direlako.
2007tik nahi zuen Spursek
Spursek 2007ko draft-ean aukeratu zuen Splitter, 28. tokian, baina orain erabaki du fitxatzea. "Umetatik eduki dut NBAn aritzeko ametsa", esan zuen jokalariak hilaren 13ko aurkezpenean. "Urtero joan naiz maila hobetzen eta hauxe zen NBAra jauzi egiteko unea. Jokalari helduagoa naiz orain. Nire bizitzan pauso garrantzitsua da".
Tim Duncan pibot ezaguna taldekide izango du. Splitterrek aitortu du bere idoloetakoa dela hura.
sasKIBALOIA
Baskoniak urrezko domina eman dio Splitterri
Pibota hamar urtean izan da Gasteizko klubeko jokalari, eta orain NBAra doa. "Hura bezalako jokalaririk ez dago merkatuan", esan du Kerejeta presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu