Saskibaloia

Baskoniako hamaika jokalari ohi Euroligako Lauko Finalean

Lau talde ariko dira gaurtik Euroliga irabazteko lehian, Kolonian (Alemania). CSKA Moskun Baskonian aritutako lau jokalari daude; Efesen eta Milanen, hiru; eta Bartzelonan, bat.

Xenghelia saskira jaurtitzen, CSKArekin, denboraldi honetan. EFE
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 28a
11:58
Entzun

Baskonia ez da ariko Euroligako Lauko Finalean, Kolonian (Alemania), baina taldeko jokalari izandako ordezkaritza handi bat bai. Gaur dira bi finalerdiak, eta, lau taldeen artean, Baskoniako hamaika jokalari ohi daude. Lau dauzka CSKA Moskuk: Darrun Hilliard, Tornike Xengelia, Johannes Voigtmann eta Michael Eric; hiru ditu Efesek: Shane Larkin, Rodrigue Beaubois eta Tibor Pleiss; beste hiru Milanek: Vladimir Micov, Michael Roll eta Shavon Shields; azkenik, Bartzelonak bakarra dauka: Adam Hanga. Hamabi izango ziren Mike James CSKAtik bidali izan ez balute duela hilabete pasatxo. Hamaika jokalari horiek talde berean jarriz gero, ez litzateke edozein modukoa izango, eta horrek erakusten eta berresten du Baskoniaren inguruan esaten den hau: sekulako begia duela jokalari onak fitxatzeko ia inork ezagutzen ez dituenean.

Hamaika horietako bat, gutxienez, txapeldun izango da denboraldi honetako Euroligan, eta, kasu guztietan, irabazten duenak irabazten duela, lehen aldiz lortuko du Europako garaikur preziatua. Irekia aurreikusten da Lauko Finala, ez baita faborito argirik. Lau taldeak dira oso onak, eta, hori horrela izanik, goi mailako saskibaloiaz gozatzeko aukera dago gaur eta igandean. Finalerdietan, 18:00etan, CSKA eta Efes ariko dira, eta ondoren, 21:00etan, Bartzelona eta Milan. Ligaxkan, lau taldeen artean onena Bartzelona izan zen (1), CSKA (2), Efes (3) eta Milanen (4) aurretik. Hor bada nabarmentzeko datu bat: Top 8an edo kanporaketetan, irabazleak ligaxkako lau talderik onenak izan ziren. Ez da ezusterik, beraz, Lauko Finalean dauden taldeen artean.

Gaurko bi partidetako irabazleek finala jokatuko dute igandean, 20:30ean. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida, berriz, 17:30ean izango da. Ez da zalerik izango Lanxess Arena pabiloian, pandemiagatik. Hain justu, horrexegatik geratu zen iazko Euroliga txapeldunik gabe, lehiaketa bertan behera uztea erabaki zelako. Azkeneko txapelduna CSKA da, duela bi urteko garaipenarekin, hemen, Euskal Herrian, Gasteizen.

Palmaresean, lehengo Europako Kopak Euroliga izena hartu zuenetik (2000-2001 denboraldian), Panathinaikosek eta CSKAk dituzte titulu gehien: lau. Bartzelonak bi dauzka, eta alerik ez Efesek eta Milanek. Italiarrak lehen aldiz sailkatu dira Lauko Finalera. Europako Kopa ere palmaresaren barne sartzen bada, berriz, Real Madrilek dauzka titulu gehien (10). CSKAk zortzi ditu; Milanek, hiru, eta Bartzelonak, bi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.