Basoan galduta, irteeraren bila

Zigandak lau aldaketa egingo ditu gutxienez hamaikakoan, etxetik kanpo Mallorcari irabazteko

2008ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gutxitan azaldu du hobeto taldearen egoera Jose Angel Zigandak: «Salbatzeko moduan gaude. Baso batean sartu garela dirudi, eta zuhaitzek batzuetan ez digute uzten argia ikusten, baina ezin gara erotu. Behar izanez gero, atzerapauso bat eman eta argia aurkitu behar dugu sei talde galduta dauden baso ilun horretan, eta irteera besteek baino lehenago aurkitu», adierazi zuen atzo. Ultzama aldeko basoak izango zituen buruan Osasunako entrenatzaileak. Orgiko basoan perretxikotan ari dela galdutako kanpotar baten moduan ikusten du, ordea, Zigandak basoa.

Osasunak ez du baso horretatik irteteko bidea ondo ezagutzen, eta iluntzen ari du Ligan. Eguzkia erabat ezkutatu aurretik -hamar egun eta hiru jardunaldi soilik geratzen dira-, irteera aurkitzea komeni da. Denbora luze batean ilunpean eta nora ezean ibili nahi ez badute, behintzat. Gaur iluntzean Mallorcako jokalariak izango dira zuhaitzak, eta basoak Ono Estadi izena hartuko du. Jokalarien artetik tentu handiz igaro -adarrekin kontuz ibili beharra dago argi gutxi denean-, eta Moyak zainduko duen irteerako atea aurkitu behar dute derrigorrean gorritxoek. Argitara irten beharra dago.

Osasunaren egoera ez da batere samurra izango, baina helburua oraindik euren esku dagoela jakiteak indarra eman behar die. Mallorcan irabaziz gero, jaitsiera postuetatik at izango dira nafarrak. Basoko alde ilunenak utzi eta argitasun handiagoko eremuan sartuko dira. Basoan jarraituko dute, baina argi gehiagorekin -eta puntu gehiagorekin- errazagoa da irteeraren bila jarraitzea. Etxetik kanpoko azken hiru partidetatik bi irabazi egin dituzte nafarrek -hirugarrena Ontanaya Lopez epaileak erabaki zuen Osasunak bezala basoan jarraitzen duen talde baten alde, Valentziaren alde-. Eta Ligako azken txanpan etxetik kanpoko sendotasunari eustea ezinbestekoa izango da, hiru partidetatik bakarra jokatuko baitute gorritxoek etxean.

Igandean Real Madrilen aurka jasotako jipoia ahaztuta dago. Jokalariek hala diote behintzat. Entrenatzaileak ere bai: «Astelehenean Taxoarera iritsi orduko argi utzi genuen Mallorcako partidan soilik pentsatu behar genuela. Orain ez dago ez iraganik eta ezta etorkizunik ere, orainak soilik du garrantzia, eta gure oraina Mallorcan dago. Maiatzaren 19tik aurrera izango dugu atzera begiratzeko nahikoa denbora», esan zuen atzo Larraintzarkoak.



PUñAL, ORDEZKOEN AULKIRA. Eta Mallorcan irabazten ahalegintzeko, lau aldaketa egingo ditu gutxienez Zigandak hasierako hamaikakoan. «Astebetean hiru partida jokatu behar ditugu, eta freskotasun apur bat ondo etorriko zaigu. Gainera, entrenamenduetan lan bikaina egiten ari den jendea dago, eta haiek ere merezi dute jokatzea. Egoera fisikoaz gain, burua ere fresko izatea garrantzitsua da, eta ondo etorriko zaigu», arrazoitu zuen bere erabakia Zigandak. Eta egia da, gaur Mallorcan jokatu beharreko partidak adinako garrantzia baitu nafarrentzat datorren igande iluntzean (21:00etan) Nafarroako Erresuman Murtziaren aurka jokatu beharreko lehiak. Berritasunen freskotasunak mesede egin diezaioke taldeari, eta zenbait jokalariri atseden hartzeak ere mesede egingo dio, gainera.

Harrigarriena Patxi Puñal ordezkoen aulkian ikustea izango da. Nahi baino gorabehera gehiago izan du haren jokoak, baina jokatzeko moduan izan den guztietan hasierako hamaikakoan jarri du Zigandak. 35 jardunaldietatik bi besterik ez du galdu, eta bietan txartel pilaketaren ondorioz zigorra bete behar zuelako geratu zen deialditik kanpo. Gainerako 33 partidetatik 32tan hasierako hamaikakoan izan da Puñal.

Gaur, ordea, Javi Garciari utziko dio tokia. Eta Carlos Velarena ere deigarria da. Mexikarrak ez du ezker hegalerako lehiarik izan bigarren itzulian, eta partida guztiak hasieratik jokatzen ari zen. Baina Mallorcako lehia ordezkoen artean hasiko du mexikarrak, Hector Fonti aukera eman nahi baitio Zigandak, Plasil ezkerrera bidalita. Beste bi aldaketak ulerterrazagoak dira: Krutxaga zigortuta dago, eta Josetxok jokatuko du atzean. Eta, partida bateko zigorra bete ostean, Juanfran eskuin hegalean izango da berriz; Azpilikueta atzera itzuliko da eta Javier Flaño aulkian geratuko da. Bosgarren aldaketa aurrean izan daiteke: Portillori aukera eman edo taldeko golegile onena -Dady- berreskuratu zalantzan dago Ziganda.



«Baso batean sartu garela dirudi, eta zuhaitzek ez digute uzten argia ikusten, baina ezin gara erotu»

«Orain ez dago ez iraganik eta ezta etorkizunik ere, orainak soilik du garrantzia, eta oraina Mallorcan dago»

«Entrenamenduetan lan bikaina egiten ari den jendea dago, eta haiek ere merezi dute jokatzea»

jose angel ziganda
osasunako entrenatzailea




ZenBaKIa

4

Mallorcaren aurkako partidak. Osasunak sasoi honetan Mallorcaren aurka jokatuko duen laugarren partida da gaurkoa. Lehendabiziko bietan gorritxoek aise irabazi zuten, Nafarroako Erresuman: 2-0 Espainiako Kopan eta 3-1 Ligan. Hirugarrenean, ordea, denboraldiko jipoirik handiena hartu zuen Osasunak, Ono Estadin 4-0 galdu eta Espainiako Kopatik at geratu baitziren Zigandaren mutilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.