Sienaren aurkako porrotak mina egin du Madrilen. Fuenlabradan arantzatxoa kendu zuten, baina Euroligako Lauko Finala aldats gora jarri zaio Pablo Lasoren taldeari. Carlos Suarez hegalekoak idatziz erantzun ditu galderak (Aranjuez, Espainia, 1986).
Kanpotik begiratuta, Montepaschi Siena menderatzeko hautagai zineten, baina kontrako emaitza izan zen. Zer gertatu zen?
Bada, zuzen hitz eginda, ez genuela asmatu. Ez erasoan, ezta defentsan ere. Haiek alde handia lortu zuten partida hasi eta gutxira, eta ondoren ondo kudeatu zuten errenta hori. Partida bukaeran kontrako aldea hamar punturaino murriztea lortu genuen, eta alde hori gehiago murrizteko aukeraren batekin, baina asmatu ez eta Sienak partida erabaki zuen.
Sienaren garaipena haien meritutik du gehiago, edo zuen lan txarraren ondorioa izan zen?
Bietatik. Guk askoz hobeto jokatu behar genuen, baina italiarrek ere oso partida ona jokatu zuten. Asko asmatu zuten erasoan, eta defentsan ere gure baliabide onenak kamustea lortu zuten. Eskarmentu handiko taldea dela erakutsi zuen, patxadaz jokatuz alde ona zuenean, urduritasunean jausi gabe markagailuan dezente hurbildu ginenean.
Sienaren aurkako porrotak aldats gora jartzen du zuen multzoko lidergoa, eta, horrekin, final-laurdenetan Moskuko CSKA saihesteko helburua. Egoera horrek eragina izan al dezake zuen konfiantzan?
Asko geratzen da. Lau partida, oraindik, eta Sienak du abantaila, baina egunen batean ere kale egin dezake, multzoko beste hiru taldeen tankeran. Damutu, zertarako? CSKAren aurkako balizko kanporaketan pentsatu? Alferrik. Batek daki nola iritsiko garen lau taldeak Top16 bukaerara. Topiko bat botako dut, baina hamasei onenen lehiaketa oso gogorra da, eta oso laburra, akatsak garesti ordainarazten dizkizuna. Gure asmoa Gescrapen aurkakoa aurrera ateratzea da. Kito.
Lehen bi partidetako emaitzek parekotasuna ekarri dute multzora, eta bai zuek, bai Bizkaiak, asko duzue jokoan gaur. Ados?
Top16an dema guztiak dira erabakigarriak, eta fasea bukatzeko partida gutxiago geratzen diren neurrian, gehiago. Denok ditugu aukerak, Montepaschik zer esanik ez, baina Unicajak ere bai. Kontua da guk dagoeneko partida bat galdu dugula etxean eta ezin dugula beste bat galdu, orduan egoera nahiko zaila bilakatuko litzatekeelako. Gescrapek ez du akatsik egin oraindik etxean, eta hobeto daude.
Itxuraz, Gescrap Bizkaia bere puntu onena lortzen hasi da azken asteetan: lau garaipenjarraian ligan, eta Unicajaren aurkako garaipen erosoa Euroligan. Arduratuta, bolada horrekin?
Kirolean dena da posible, eta ezin da ezer baztertu. Talde bikaina dutela uste dut, lanean ondo ari dena. Kontua da emaitza txar batzuk izan zituztela; baina jokoari dagokionez, ez dut uste talde txarra direnik. Orain lagun dituzte emaitzak, eta gu bezala daude Top16an: bat irabazi, bat galdu. Talde arriskutsua da, eta gaizki egingo genuke partida aldez aurretik irabazia dugula pentsatuko bagenu.
Gescrapi begiratu, eta zerk arduratzen zaitu gehien? Zure eta Alex Mumbruren arteko dema estua izango da.
Ez diot buruz buruko borrokei erreparatzen, saskibaloia talde kirola delako. Gu ondo moldatzen gara korrika egiten dugunean, eta erritmoa guk jartzea erabakigarria izan liteke. Korrika egiteko gakoa errebotea da: errebotea irabazten badugu, gurea izango da garaipena.
Gaur galtzen duenak agur esango al dio Top16ari, edo oraindik ez? Ze garrantzi izan dezake bi taldeen arteko puntu aldeak?
Puntu aldea garrantzitsua da, eta partida bat galduta ere posible da sailkatzea. Hori bai, beste taldeen emaitzen arabera geratzen zara. Asko geratzen da, edozer gerta daiteke. Biharko analisiak zeharo ezberdinak izango dira, bai hemen, Madrilen eta Bilbon ere.
Ondo jokatzen ari zara, eta funtsezko pieza zara Lasoren sisteman. Zure unerik onena al da saskibaloi jokalaria zarenetik?
Eroso sentitzen naiz, baina taldekide guztiak bezala. Taldeak du lehentasuna, ez ni ondo edo gaizki ari naizen. Ez zait axola partida txarra egitea, taldeak garaipena lortzearen truke bada.
Carlos Suarez. Real Madrileko jokalaria
«Bat galdu dugu etxean dagoeneko; Gescrapek ez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu