Adiskidek eta Zazpi Iturrik ez zuten huts egin asteburuan, IV.BERRIA Txapelketako final-zortzirenetako hirugarren jardunaldian. Aurrera egiteko faboritoak ziren, eta aurrera egin zuten. Batak zein besteak emandako itxura, ordea, oso bestelakoa izan zen. Adiskide Galdakaoko taldeak nagusitasunez irabazi zion Gazteleku Andoaingo taldeari. Hiru partidak irabazi zituen. 66-31 izan zen azken emaitza, bizkaitarren nagusitasunaren erakusle.
Beste kanporaketan, berriz, parekotasuna izan zen nagusi. Zazpi Iturri zen faboritoa Txumulutxuetaren aurka, baina Amezketako taldeak ederki sufritu zuen Dimako taldea bidean uzteko. Kadeteetan Txumulutxueta ezustekoa izan zen irabazi ondoren, baina kanporaketako beste bi partidetan Zazpi Iturriko pilotariek ez zuten bitan harri berarekin estropezu egin. Gazteetan aise irabazi zuten (22-3), baina maila nagusiko partidan, lehia erabakigarrian, bereak eta bi ikusi zituzten irabazteko. Azkenean, hiru tanto eskasengatik irabazi zuten (22-19). Adiskidek eta Zazpi Iturrik elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan. Beste lau talde ere jada sailkatu dira: Aurrera Saiaz, Huarte, Aldabide eta Zugarralde. Asteburu honetan jakingo da zein bi talde sailkatzen diren. Markina eta Irurzun aurrez aurre izango dira larunbatean, Hernanin (16:30). Egun bat geroago, toki berean eta 10:30ean, berriz, Hernanik eta Usurbilek jokatuko dute elkarren aurka.
Adiskide 66
Gazteleku 31
KADETEAK
Elezkano II.a-Larunbe 22
Aristimuño-Ulanga 12
GAZTEAK
Legorburu-Galarza 22
Irastorza-Zendoia 12
NAGUSIAK
Urrutikoetxea-Kantxo 22
Eskudero-Loiola 7
Adiskidek ez zion aukerarik eman Gaztelekuri. Hiru partidak irabazi zituen, alde handiz, gainera. Andoaingo taldea ez zen gai izan hiru partidetan hamabi tantotatik pasatzeko. Lehen bi partidetan, Adiskidek norgehiagoka hasi eta berehala hautsi zuen partida: kadeteetan 8-0 aurreratu ziren bizkaitarrak, eta 7-1 gazteetan. Gaztelekuko pilotariak gogotik saiatu ziren aldea murrizten, baina Adiskidekoek ondo eutsi zioten aldeari, estutasun handirik gabe. Elezkano II.a eta Legorburu bizkaitarren aurrelariak nabarmendu ziren bi partida horietan. Nagusien norgehiagoka, berriz, parekatua izan zen aurreneko tantoetan, baina galdakoztarrek azkar lortu zuten markagailuan tartea egitea. Urrutikoetxeak erakustaldia eman zuen: zazpi tanto egin zituen sakez, eta beste 11 jokaldiz.
Zazpi Iturri 2
Txumulutxueta 1
KADETEAK
Gaztañaga-Goitia 16
Ziarrusta-Etxebarria II.a 22
GAZTEAK
Olaetxea II.a-Arzelus 22
Bilbao-Etxebarria 3
NAGUSIAK
Elurbe-Leunda 22
Etxeberria-Olalde 19
Ezustekoarekin hasi zen Zazpi Iturri eta Txumulutxuetaren arteko kanporaketa, Dimako taldeak ustekabean lortu baitzuen garaipena kadeteetan. Egia da Zazpi Iturrik ez zuela bikote titularrarekin jokatu, baina, hala ere, irabazteko faboritoak ziren. Baina Gaztañagak eta Goitiak huts asko egin zituzten, eta Ziarrusta eta Etxebarria II.ak ondo baliatu zuten. Gazteetan, berriz, ez zen parekotasunik izan. Olaetxea II.a-Arzelus nahierara aritu ziren, eta hiru tantotan utzi zituzten Bilbao eta Etxebarria. Olaetxea II.a izan zen onena: 14 tanto egin zituen. Horiek horrela, nagusien partidak erabaki zuen kanporaketako irabazlea. Berdintasuna espero zen, eta hala izan zen. Partida ez zen ona izan, baina bai gogorra, emozio askokoa. 19na berdinduta egon ziren bi bikoteak, baina azken tantoetan Elurbek eta Leundak hobeto eutsi zieten nerbioei, eta ederki sufritutako garaipena lortu zuten.
@Txapelketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.berria.info
Bata aise, bestea larri
BERRIA Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu dira Adiskide eta Zazpi Iturri, Gazteleku eta Txumulutxueta kanporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu