Futbol gosea dute Athleticeko jarraitzaileek. Joan den maiatzaren erdialdetik San Mamesen jokatu barik dago talde zuri-gorria. Aurreko Ligako azken norgehiagoka izan zen. Joseba Etxeberriak agur esateko baliatu zuen partida hunkigarria, hain zuzen ere. Ordutik etxetik kanpo aritu da. Denboraldi-aurreko lagunartekoak taldea behar den moduan prestatzeko eta dirua irabazteko baliatzen ditu klubak. Bazkidea omentzeko abuztu bukaeran jokatzen zen neurketa ere kendu egin du egungo zuzendaritzak.
Lau hilabete zain egotea denbora larregi da Athletic futbol talde bat baino gehiago dela sentitzen duen jarraitzailearentzat. Horregatik, irrikaz dago taldea ikusi eta animatzeko. Orro egiteko. Bada, taldeak eta harmailek bat egin eta Katedrala dardarka ipintzeko mementoa ailegatu da. Gaurkoa neurketa aproposa da zelai zaharrak ez duela magiarik galdu baieztatzeko. Batetik, lehen jardunaldian hiru puntuak eskuratuta dagoen Athletic egongo da. Gogotsu eta ilusioz gainezka dagoen Athletic. Eta, bestetik, hazita dagoen Atletico Madril. Madrildarrek badute pozik egoteko arrazoirik, gainera. Azken urte erdian hiru final jokatu ditu Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeak. Hiru jokatu eta bi irabazi. Azkena Milango Inter handiaren kontra, Europako Superkopan. Hori gutxi ez eta txapelketako lehen jardunaldian Sporting jipoitu zuen (4-0).
Denboraldia hasteko ez dago gehiago eskatzerik. Baina, antza denez, Atletico Madril ez dago konforme orain arte eskuratutakoarekin. Gehiago gura du. Real Madrili eta Bartzelonari aurre egitearekin egiten du amets. Amets egitea ez da asko kostatzen, baina erronka gogorregia dela dirudi. Ez baitago bi hautagai nagusiei aurre egiteko moduan. Txapeldunen Ligara bueltatzea izan daiteke erronka polita. Horretarako, defentsako lana hobetzen lagunduko duten futbolariak fitxatu ditu. Godin eta Filipe Luisen etorri berriek eta De Gea eta Dominguez gazteen ekarpenak asko lagunduko diote taldeari erasoko jokoaren eta defentsako jokoaren artean galdutako oreka berreskuratzen. Aurrean, Europako aurrelari bikoterik onenetakoaren esku utziko du sasoi honetan ere golak egiteko ardura. Forlan eta Aguero goi mailako jokalariak dira. Euren kabuz partida asko irabazten dituzten futbolari bi. Athleticek ere badaki zer emateko gai diren. Espezialistak dira zuri-gorrien atea zulatzen. Beraz, lan gogorra izango dute Athleticeko erdiko atzelariek.
Erritmo eroa saihestu nahian
Zer egin behar da sasoian dagoen maila oneko talde bat mendean hartzeko? Ba al du Athleticek irabazteko aukerarik? Bai. Hori bai, Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak lan ona egin beharko du irabazteko. Ohiko grinari eta lanari kontrola gehitu beharko dio Athleticek. «Ez zaigu joan-etorri askoko neurketa komeni», esan dute behin eta berriz jokalari zuri-gorriek asteon. Ez da ohikoa Lezaman gisa horretako adierazpenak entzutea. Bestelako kontuak dira ohikoagoak. Izan ere, Athleticek etxean jokatzen duenean erritmo biziko neurketak izaten ditu gustuko. Neurketa ero eta bizietan irabazle izaten da gehienetan. Baina gaurko aurkaria gertutik jarraitu beharrekoa da. Futbolari azkarrak eta onak ditu. Lekua dutenean arriskua sortzeko erraztasuna dutenak. Eta, gainera, gola erraz egiten dute. Beraz, hobe da kontrarioa kontrolpean izan eta aukera gutxiko neurketa planteatzea. Athleticek beti izango baitu korner eta falta batean De Gearen atea zulatzeko aukera.
Athleticen ez da aparteko berritasunik. Deialdian aldaketa bakarra dago: Oskar de Marcosek hartu du Castilloren lekua. Gainerakoak Herculesen aurka aritzeko aukeratutakoak dira. Horrek esan gura du Toquero osatu dela, eta prest dagoela jokatzeko. Beraz, litekeena da Caparrosek hamaikakoa errepikatzea. Halere, ez litzateke harritzekoa izango Iturraspe edo Muniain aritzea.
Bata bestearen irrikaz
Athleticek zaleen laguntza baliatu gura du Atletico Madrili irabazteko. Zaleak, berriz, gogotsu daude taldea zuzenean ikusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu