Bata ezkor, eta bestea zuhur

Mallorcaren egoera nahasia baliatu nahi du gaur Osasunak, denboraldiko lehen garaipena lortzeko

2008ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Mallorca eta Osasuna aurrez aurre ariko dira gaur Ono Estadian, eta badirudi bi taldeetako inor ez dela etxean ariko.Osasunakoak etxetik 500 kilometrora ariko dira, eta Mallorcakoek euren zelaian jokatuko duten arren, giro arrotza aurkitu dezakete. Kontuak kontu, lehen jardunaldian argitu gabe utzitako zalantzak uxatzeko asmoz zelairatuko dira bi taldeak gaur. Vila-realen aurka Nafarroako Erresuman lortutako 1-1koarekin pozik azaldu ziren Osasunako jokalariak, azken Ligaren txapeldunordea zutelako aurrean. Hargatik, iragan sasoiak eragindako kezkak eta zalantzak uxatzerik ez zuten lortu penalti bidez lortu berdinketarekin. Hori bai, Mallorcakoak baino hobeto daude, Gregorio Manzanoren taldea 3-0 jipoitu baitzuen Valentziak lehendabiziko jardunaldian. Osasunakoak zuhur zelairatuko dira, eta Mallorcakoek taldearen inguruko ezkortasuna ere nabaritu dezakete.

Bitxia da, baina, bai, bigarren jardunaldian soilik egon arren, Mallorcan ez daude batere gustura taldearekin. Ono Estadi ez da inoiz zelai beroa izan, eta gaur ere zaila izango da Mallorcako zaleek egundoko iskanbila sortzea, baina nazkatzen hasiak dira Vicenc Grande presidentearekin. Grande eraikuntza enpresa erraldoi baten jabea da, eta azken boladan zorrei aurre egin ezinda dabil Mallorcako presidentea. Klubak bere enpresekin zerikusirik ez duela errepikatu du behin eta berriz, baina azken egunetan gero eta ozenago entzun daiteke Herrialde Katalanetako uhartean klubaren akzioen zati handiena enpresaburu ingeles bati salduko diola Grandek. Berak jarraituko luke presidentetzan, baina akziogehienak atzerritar baten esku geratuko da (azken orduetan beste enpresaburu austriar baten interesa ere hedatu da). Horrek esames handiak eragin ditu Mallorcako zaleen artean, eta jokalariei ere iritsi egiten zaizkie horrelakoak. Lehen jardunaldian Valentzian 3-0 galdu zuten, klubaren etorkizun ekonomikoa airean dago, eta, hori gutxi balitz bezala, Guiza, Ibagaza, Basinas, Jonas Gutierrez edo Borja Valero bezalako jokalari garrantzitsuek utzi dute kluba iragan udan.

Nahasmen horri etekina ateratzen saiatuko da Osasuna. Aste honetan egin lehendabiziko probetan bi aldaketa ere izan zitezkeela zirudien arren, azkenean Jose Angel Zigandak aldaketa bakarra egingo du hasierako hamaikakoan, lehen jardunaldian Vila-reali aurre egiteko erabili taldearekin alderatuz gero. Aldaketa bakar hori derrigorrez egin beharrekoa da, gainera: Miguel Flañok zigorra bete beharko du lehen jardunaldian txartel gorria atera ziotelako, eta, haren ordez, Josetxo ariko da erdiko atzelari lanetan, Roversio brasildarraren ondoan. Larraintzarko entrenatzaileak ideiak argi dituela dirudi, baina badaezpada taldeko inor lokartzerik ez du nahi Zigandak.

Mallorcari dagokionean, badirudi Osasunako bi jokalari ohiak hasieratik ariko direla: bai Webo eta baita Corrales ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.