Bata ondo etxean, bestea bikain etxetik at

Zigandak gotorleku bilakatu nahi du Nafarroako Erresuma, baina Vila-real bikain ari da etxetik at

2007ko urriaren 7a
00:00
Entzun


Zigandak gotorleku bilakatu nahi du Nafarroako Erresuma, baina Vila-real bikain ari da etxetik at
Asier legarda-ereño

Iruñea

Vila-realek inoiz ez bezala hasi du Liga; jokatutako sei partidetatik bost irabazi ditu. Ondorioz, Manuel Pellegriniren taldea konfiantzaz gainezka zelairatuko da gaur Nafarroako Erresuman, aldarte ezin hobean baita. Horri aurre egiteko, ordea, Osasunak bere armak zorrozten jardun du aste honetan. Eta arma nagusia etxean jokatzea da. Vila-reali etxetik kanpo jokatu dituen hiru partidetan ez diote golik sartu, eta hiru norgehiagokak irabazi egin ditu. Baina Osasunak ere ez daki etxean galtzea zer den: Bartzelonaren aurka berdinketa ona lortu zuen, eta Levanteri astindu ederra eman zioten etxean jokatu zuten bigarren partidan. Vila-real ez da Levante, baina Nafarroako Erresuma gotorleku bilakatzeko bidean, Vila-real ere mendean hartu nahi dute gorritxoek. Orain arte etxetik at pattal ari denez, Osasunak etxean sendo agertu beharra du, baita aurkaria Ligako talderik onenetako bat bada ere.

«Batzuk izenei erreparatzen diete, eta guk jokoari, sailkapenari eta sasoiari begiratzen diegu. Eta une honetan, agian, Ligako talderik onena da Vila-real, horri erreparatuz gero. Gure begirune osoa merezi du, baina partidan buru-belarri sartuta egon eta irabazten ahalegindu behar dugu. Egia da etxetik kanpo gol bakar bat ere ez diotela sartu, baina etxeko partidetan sendo agertzea derrigorrezkoa da guretzat», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak Taxoaren. Datorren asteburuan ez dago Liga jardunaldirik, eta hurrengo bi asteetan Lehen Mailako sailkapenari begiratuz gero Osasuna zuloan sartuta ikusterik ez du nahi Zigandak. Eta hori saihesteko gaur irabaztera derrigortuta daude gorritxoak, jaitsiera postuetan den Deportivok adina puntu besterik ez baitu Osasunak une honetan, nahiz eta aurkari gehienek baino partida bat gutxiago jokatu eta sailkapeneko 14. postuan izan.

«Emaitza onak dituzunean lana ere hobeto egiten da, eta Vila-realen aurka jokoan diren hiru puntuak eskuratuz gero, Liga hasiera normalizatu egingo dugu eta lanerako lasaitasuna irabazi. Aldiz, galduz gero, Liga hasiera beste begi batzuekin ikusten hasiko gara. Hau oso luzea da, 38 partida dira eta 42 puntu nahi ditugu gutxienez. Horretarako, ezinbestekoa da etxean serio eta sendo agertzea. Orain arte etxean jokatutako bi partidetako jokoarekin oso pozik nago, eta bide honetatik jarraitu nahi dugu, Vila-realek estu hartuko gaituen arren», hala amaitu zuen gorritxoen entrenatzaileak agerraldia.



GARESTIEN FITXATUTAKOA, HASIERATIK. Eta, Vila-real mendean hartzen ahalegintzeko, Zigandak bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan. Vicente Calderonen aurrelari peto bakarrarekin jokatu zuen, baina, Vila-reali aurre egiteko, aurrelari bikotea aterako du berriz Larraintzarko entrenatzaileak. Eta, Pandiani min hartuta dagoenez, Eduardo Fernandes Pereira Dady-ren ordua da. Jatorri afrikarreko aurrelari portugaldarra, Portillorekin batera, hasierako hamaikakoan izango da. Beste aldaketa eskuin hegalean izango da, Carlos Vela mexikarraren ordez Juanfran hasierako hamaikakora itzuliko baita.

Dadyrentzat gorritxoekin hasieratik jokatzeko lehen aukera izango da gaurkoa; iragan astean jokatu zituen estreinakoz minutu batzuk elastiko gorriarekin, Vicente Calderonen. Bide batez, beraz, bere zaleen aurrean lehendabiziko aldiz ere ariko da aurrelari garaia. Ezkerra da, 1,90 metroko luzera du, eta garaia izanagatik bizkorra ere badela erakutsi du Taxoaren egin dituen entrenamenduetan. Uda honetan fitxatu zuen Osasunak, Portugalgo Os Belenenses taldetik, eta Lisboan jaio bazen ere, jatorri afrikarra du eta Cabo Verdeko selezkioarekin jokatu ohi du.

«Iruñean oso pozik nago, eta nire lana dakidan bezala egin ahal izatea da orain gakoa. Calderonen oso ondo ikusi nuen neure burua, baina, taldeari gehiago emateko, lanean jarraitu behar dut. Gainera, etxetik at jokatzea ez da etxean jokatzea bezala, eta Vila-realen aurkakoa oso partida garrantzitsua da, etxean jokatzen baitugu. Berandu iritsi nintzen eta min hartuta nengoen, baina jada prest nago eta pixkanaka-pixkanaka jokatzen hasi nahi dut, taldeari lagundu eta, garrantzitsuena, zelaian dibertitzeko», aitortu du Cabo Verdeko aurrelariak aste honetan. Osasuna inoiz fitxatutako jokalari garestiena izateak -3,5 milioi euro ordaindu zizkioten nafarrek Os Belenensesi- ez ote dio aurkarien ate aurrean presio berezirik eragingo, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.