Poza ezin ezkutatuta ziren oraindik Osasunako jokalariak atzo goizean. Azken bi hilabeteetako atsekabeen ostean, behingoz irabaztea lortu zuen igandean Osasunak, eta, aurkaria Real Madril zenez, hiru puntuek pozik utzi zituzten Osasunako zale guztiak. Jose Antonio Camacho entrenatzailearen eta Patxi Izko presidentearen aurkako oihuak ozen entzun ziren berriz ere, baina Real Madril indartsua mendean hartzeak arazo guztiak estali zituen, eta aspaldiko partez zaleek gozatu egin zuten taldearekin.
Aspaldian ez bezalako giroa izan zen Nafarroako Erresuman, talde handien aurkako partida izateko, ohi baino ikusle gutxiago izan bazen ere. Zaleek taldearekin bat egiteko biderik onena zein den erakutsi zuten gorritxoek: ondo jokatzea eta irabaztea. Hori bezalakorik ez dago kritikoak argudiorik gabe uzteko. Larunbatean Mallorcaren aurka ere bide beretik jarraitu beharrean dira nafarrak, dena dela. Bestela, giroa gaiztotu egingo da berriz.
«Guretzat oso garrantzitsua den gauza bat berreskuratu genuen: gure jendearekin bat egitea. Harmailetatik jaso genuen berotasunak asko lagundu zigun. Giroa nahastuta nabaritzen genuen azken asteetan, agian guk ez genuelako gure jokoarekin eta emaitzekin giroa baretzen lagundu, baina kontuak kontu, oso garrantzitsua izan zen igandean berriro ere zaleak gurekin daudela ikustea. Osasunako zale orok harro egon behar du taldeaz, jokalariez eta zaleez», esan zuen atzo Javier Camuñasek. Camachoren aurkako oihuez galdetuta, aitortuzuen entzun zituela, baina «gauza onei» erreparatu nahi diela. Hala ere, argi utzi zuen ados ez egon arren, txistuak eta kritikak «errespetatu egin behar direla.
Pozik zegoen Camuñas. Ez da gutxiagorako, berak sartu baitzuen partidako gol bakarra, Osasunari garaipena eman ziona. Baina hiru puntuek adina poztu zuen Camuñas, Nafarroako Erresuman bizitako giroak. Garai onenetan bezala bultzatu zuten zaleek, eta jokalariek ederki eskertu zuten zaleen babesa. Aurrerantzean ere «bide beretik» jarraitu beharra daukatela gogoratu zuen Camuñasek. Argi dago igandean bezala jokatuz gero zaleen babesik ez zaiela faltako jokalariei, nahiz eta ez dituzten partida guztiak irabaziko.
Jokalari espainiarrak ez du ulertzen Nafarroako Erresuman bizitako giroa kritikatu izana Cristiano Ronaldok. Real Madrilen erasoak mozteko harmailetatik zelaira jaurtitako baloiak, «Real Madrileko jokalariei egindako irainak, Osasunako jokalarien faltak eta joko gogorra, eta beste hainbat gauza» salatu zituen Cristiano Ronaldok, «futbol zaleentzat eta umeentzat eredu txarra» zela argudiatuz. Camuñasek argi erantzun zion: «Gure zaleen portaera eredugarria izan zen, gure jendea eta gure hiria eredugarriak dira. Talde apala gara, sufritzen jarraitu beharko dugu amaiera arte, baina Cristiano Ronaldok esandakoak ez du zentzurik. Aitzakiak besterik ez dira, zelaira jaurtitako baloien kasuan soilik izan dezake arrazoia, baina epailea horretarako dago, eta sei minutu eta erdiz luzatu zuen gero arauzko denbora».
Camacho eta Indar Gorri
Camuñasek zaleen portaera goraipatu bazuen ere, Camachok ez zuen giroa baretzeko eman beharreko pausorik eman, dena dela. «Eurekin alde egin ezazu Camacho», oihukatu zioten behin eta berriz hegoaldeko harmailetako zaleek. Igande gauean Espainiako irrati nagusiek egindako elkarrizketetan Osasunako entrenatzaileak ez zuen zale horiek kritikatzeko aukera alferrik galdu. «Espainiaren eta Espainiako selekzioaren aurka oihu egin ohi dutenek kritikatzen naute, Indar Gorri taldekoek», esan zuen. Nonbait, ez diote oihu egiten Osasuna delako sasoia hasi zenetik etxetik kanpo partida bakar bat irabazi ez duen talde bakarra, Real Madrilen aurka jokatu aurreko zortzi jardunaldietan hiru puntu besterik batu ez zituelako edo jaitsieran sartzear zirelako. Camachok argi dauka «afera politikoa» soilik dagoela haren kontrako oihuen atzean. Eta behin eta berriz hori esan arren, autokritika egin gabe jarraitzen duen bitartean bakerik ez du izango. Zaleak taldearekin bat egitea garrantzitsua dela ukatzerik ez dago, eta, horrexegatik, Camachok hobeto pentsatu beharko luke adierazi beharrekoa; zaleekin bat egiteko, zaleei kritikak egiten jarraitzea ez baita bidea. Espainiak Munduko Kopa irabazi zuenean Camachok esatari lanetan erakutsitako pasioak zenbait zale mindu zitzakeela egia da, baina Camachok ezin du ahaztu Munduko Kopa jokatu aurretik ere ohikoak zirela haren aurkako oihuak eta txistuak. Gainera, berak hala nahiko balu ere, Indar Gorri taldekoek soilik ez dute kritikatu haren lana.
Batasunerako urratsa
Beherakada eten, eta aspaldiko partez zaleei bizipoza emateko balio izan du Osasunak Real Madrilen aurka lortutako garaipenakIgandekoari jarraipena eman nahi diote gorritxoek larunbatean, Mallorcaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu