Uliako 81. krosak bi lasterketa izan zituen atzo. Gizonezkoenak eta emakumezkoenak gauza bakarra izan zuten komunean: faboritoak altxatu zituela besoak. Gizonezkoena polita eta urduria izan zen, eta Jesus Españak azken esprint luzean irabazi zion Evans Mayoyori. Azken horrek irabazi zuen lehen euskal herritarraren saria, jaiotzez kenyarra da, baina euskal federazioko fitxa du. Emakumezkoetan, berriz, Malika Assahsak nagusitasun harrigarriz irabazi zuen proba bigarren urtez jarraian. Marokoarrak bi minuturen aldea kendu zion Lucy Karimi kenyarrari. Rosi Talavera, bosgarren, izan zen lehen euskal herritarra.
Berritasun eguna zen atzokoa Uliako krosean. Zirkuitua berria zen, eta parte hartu zuten korrikalariek kolore berezia eman zioten lasterketari. Guztira 220 korrikalari elkartu ziren. Urtero bezala, Gros eta Zurriola inguruko kaleetan ez zen jenderik falta izan, eta ezta txalorik ere korrikalarientzat. Beroa lagun izan zuten, halaber, hemezortzi gradu, eta lurra lehorra egoteak marka txukunak egiteko modua eman zuen. Ikuskizuna ere egon zen, gizonezkoen artean bereziki.
Jesus España zen faboritoa; 5.000 metroko Europako txapeldunordea da, eta pista estali denboraldia prestatzen ari da. Donostiara, gainera, irabazteko asmoz etorri zela adierazi zuen bukaeran. «Haro, Skah, Serrano, Anton, Fiz... irabazle zerrenda harrigarria da, eta nire izena ikusi nahi nuen hor». Eta lortu zuen. Lasterketa astiro hasi zen, baina lau kilometro falta zirela —zirkuituak 9,6 zituen—, bost korrikalari zeuden aurreko multzoan.
Zortzigarren kilometroan España eta Mayoyo gelditu ziren bakarrik. Kenyarrak erritmo aldaketa bortitza egin zuen, eta irabazleak baino ez zion eutsi. Asfalto gainean ageriko gelditu zen euren eta beste parte-hartzaile guztien artean zegoen aldea. Azken metroak buruz buruko lehia izan ziren, eta kenyarrak ez zuen aurkaria atzean uzterik lortu. Are gehiago, irabazleak kontraerasoa jo zuen. 5.000 metroetako probetan esprint onarengatik nabarmentzen da España, eta azken zuzen gunean Mayoyok ez zuen zer eginik. Bien azken ahalegina luzea izan zen, eta garbia. Gero azaldu zuenez, hori zen Españaren estrategia. Behin helmuga gurutzatuta, elkar besarkatu zuten.
Emakumezkoen lasterketak ikusmin gutxiago izan zuen, Malika Assahsa hasieratik nabarmendu zelako. Gizonezkoekin batera korrika egin, eta hamabigarren izan zen orokorrean, eta hori aurkariek ez zutela estutu. Marokoarra korrikalari garaia da, dotorea, eta bi minututik gorako aldea atera zion Lucy Karimi bigarren sailkatuari eta ia hirukoa (2.57) Laila Daub hirugarren sailkatuari.
Uliakoarekin abian jarri da Euskal Herriko puntako krosen egutegia, eta etzi Zornotzakoa jokatuko da. Elgoibarko Mugertza krosa, azkenik, hilaren 14an korrituko da Mintxetako zelaietan.
Batek estu, besteak aise
Jesus Españak esprint luze batean irabazi du Uliako 81. krosa; Malika Assahsak, berriz, bi minuturen aldearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu