Batek ez dauka lekurik

Binakakoan lau bikote daude garaipen baten aldearekin, eta, bi partidaren faltan, hiru txartel daude jokoan

David Merino, larunbatean, pilota astintzen, Begino begira duela. J. M. / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Xala eta Barriola Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako sailkatuta daude, eta Olaizola I.a eta Beloki —edo Arretxe II.a eta Ibai Zabala— aukerarik gabe geratu dira. Hori da bederatzigarren jardunaldiak utzi duen lehen ondorioa. Hortik aurrera zer? Berasaluze VIII.ak eta Apraizek jokatzeko geratzen diren bi partidak irabazi beharko lituzkete aukeraren bat izateko, tanto alde handiarekin gainera, eta bai Gonzalez-Laskurain eta bai Irujo-Merino II.a bikoteek, bi partidak galdu beharko lituzkete. Bost garaipenekin aukera txiki-txiki bat edukiko lukete. Eta Titin II.ak eta Pascualek ere lanak izango dituzte itxaropenari eusteko. Bi partidak irabazita ere zaila edukiko dute, -12ko tanto aldea daukatelako.

Ondorioa argia da: lau bikote daude partida bakarreko aldearekin, eta lau bikote horietatik hirurentzat soilik dago lekua finalerdietako ligaxkan. Biderik errazena Olaizola II.ak eta Beginok daukate, bi partidak galduta ere, tanto aldearekin, aurrera egiteko moduan daudelako. Bi partidetako bat irabazita ziur leudeke finalerdietako ligaxkan. Eta geratzen zaien bi partidetako bat irabazita, antzeko egoeran leudeke Gonzalez eta Laskurain. Lehen lau partidak galdu arren, errenkadan irabazi dituzte azken bostak, eta +21eko tanto alde ederra daukate. Bengoetxea VIII.a eta Ruiz ageri dira sailkapenean euren atzetik, garaipen kopuru berberarekin, eta igandean elkarren aurka ariko dira bi bikoteak, Eibarko Astelenan. Irabazten duenak finalerdietan edukiko du hanka eta erdi.

Eta Irujo eta Merino II.a ageri dira laukotearen azken puntan. Hori bai, begiratu batera, eurenak dira partidarik samurrenak, azken bi sailkatuen aurka ariko direlako azken bi jardunaldietan. Biak irabazita barruan leudeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.