Futbola-Txapeldunen Liga

BATEk gogor, besteak bigun

Athleticek irudi kaskarra emanda galdu du, eta aldapa gora jarri zaio Txapeldunen Ligako bidea

BATE Borisov-Athletic partidako irudi bat. TATYANA ZENKOVICH, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko irailaren 30a
08:30
Entzun

Ernesto Valverde aktore txarra da. Bere aurpegiak ondo baino hobeto islatzen ditu bere sentimenduak, eta atzokoan zimur asko azaleratu zitzaizkion. Aurpegia eskuekin maiz estali zuen, ikusten zuena sinetsi ezinik. Athleticek denboraldi hasierako partidarik txarrena jokatu baitzuen Borisoven, eta langa nahiko altu zegoen. Bigun eta sendotasunik gabe atzean, eta trakets erasoan. Oso baldar, baloi asko galduz. Bolada txarra arduratzen hastekoa da, eta emaitzak baino larriagoa da irudia.


Borisoven galdu izanak oso aldapa gora jarri dio bidea Athletici Europan, eta bizkarreko larria da zaleentzat. BATE ez zelako Xakhtar, ez zuen haren maila edo sendotasunik. Gorriak ikusiko lituzke Espainiako Ligan mantentzeko. Hurrengo bi partidetan Porto du aurkari Athleticek, eta biak irabazi ezean akabo Txapeldunen Liga. Pasaportea gorde eta hurrengora arte. Orain, baina, larriagoa da jokoa konpontzea, jarrera, ordena, eskarmentua... Iragan sasoiko Athletic ikusgarri eta indartsu hura ez da inon ageri.  


Motel hasi zen partida, jarraitutasunik gabe. Baloiak ez zion inori irauten oinetan, eta jaberik gabeko joko horretan gogo gehien jartzen duenak irabazten du. Ahal fisikoak ere eragina du eta BATEk indartsuago jokatu zuen. Joko finik egin gabe, egurra banatu, gorputza sartuz eta aurrera eginez. Oldarkor. Horrekin aski izan zuen Athletic lotu, eta une batzuetan kikiltzeko. Lehen golean ere ahal fisikoak garrantzia izan zuen (18. min.). Kornerra motz atera eta Signevitxek lehen zutoinean atzera jo zuen. Prestaturiko jokaldia zen, bigarren zutoinean Poliakov bakarrik baitzen. Iturrasperen zaintza hutsa izan zen.


Valverderen amesgaiztoa gorpuzten ari zen eta jokalariek ez ziren. Bigun atzean, oso bigun, BATEri hazten utzi zioten, aukera onak lortzeraino. Erasoan, aldiz, ez zen ikusi balizko alde teknikoa. Bigarren gola ere drama bat izan zen, area barruko tragedia (42. min.). Jokaldi nahasia Signevitxek irabazi eta Karnitskik gaizki jo. Iraolak jaurtiketa desbideratu egin zuen eta Iraizozek berandu erreakzionatu.


Aldaketek, eraginik ez


Valverdek aurpegia hor: negarra, lotsa eta amorru koktela. Zorionez, baina, Aduriz agertu zen, atsedenaldiko errieta arintzeko. Muniainen pasea area barruan kontrolatu, buelta eman eta 2-1ekoa sartu zuen (44. min). Lehen zati osoan bi atzeko erdilariekin borroka pasa ondoren, bakar baten zaintza izan zuen une bakarra izan zen. Ordura arte ikusitakoen ondoren, gaitz erdi. 


Atsedenaldian Susaeta eta De Marcos zelairatu ziren. Azken hori erdilari, San Mamesen askok eskatzen duten tokian. Baina ezer gutxi aldatu zen. Bigarren zatiaren hasieran Athleticek baloiak galtzen jarraitu zuen eta BATEren kontraerasoak elikatzen. Jokaldi horietan ikusi zen aurkaria ere ez zela beste mundukoa. 


BATE ausart aritu zen, golaren bila. Ez zen uzkurtu eta Signevitxek hirugarrena barkatu zuen Iturraspek galduriko baloi baten ondoren (68. min). Athleticek bigarren zatia ere eskasa izan zen. Susaetak izan zuen gol aukera onena baina Txernikek ondo urrundu zuen (81. min). Are gehiago, etxekoen hirugarrena gertuago egon zen Athleticen bigarrena baino. Txalotzekoa etxekoak ez zirela euren arean giltzapetu, eta ondo merezita ospatu zuten garaipena ikusleek olatuarena egiten zuten bitartean.  

Gazteen mailako partida

Txapeldunen Ligako partidaren aurretik, BATE Borisoveko eta Athleticeko jokalarien arteko partida izan da arratsaldean, Youth Leagueko norgehiagoka, hain justu —gazteen mailako Txapeldunen Liga—. 1-2 irabazi du Athleticek. Zuri-gorriek aurrea hartu dute lehen zatian, Gorka Guruzetaren gol bati esker, baina 70. minutuan partida berdintzea lortu du Tishkok. Partidaren hondarrean 1-2koa jarri du Asier Villalibrek.

Garaipenaren ondotik, sailkapenean hirugarren da Athletic, hiru punturekin, Oporto eta Xakhtarren atzetik —biak lau punturekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.