Mingarria izan zen porrota, eta are eta mingarriagoa izan zen Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak Constant Vanden Stock estadioan eman zuen itxura. Zuri-gorriek ez zuten gutxieneko maila eman. Norgehiagoka txarra jokatu zuten oso, eta inolako duda barik merezitako astindua hartuta bueltatu ziren etxera. Europako txapelketa indartsuenetako bateko zazpigarren sailkatuak ezin du Athleticek atzo eman zuen maila eskasa erakutsi. Zuri-gorriek agerian utzi zituzten euren gabezia guztiak.
Anderlechtek merezita egin du aurrera. Ariel Jacobsek ondo prestatu du kanporaketa, eta ez dio aukerarik eman ilusioz gainezka zegoen aurkariari. Athletic talde sendo egin duen armak erabili ditu Caparrosekin izan duen lehia taktikoa irabazteko. Athleticeko teknikari eta jokalari guztiek behin eta berriz nabarmendu dute taldeak edozein zelaitan eta edozein aurkariren kontra erakutsi duen lehiatzeko gaitasuna. Futbolean emaitzek balio dute, eta onak diren bitartean bigarren mailan geratzen dira bestelako kontuak. Baina emaitzak balekoak ez direnean nekez defenda daiteke Athleticen jokoa. Txarra delako oso. Sarri askotan landu gabeko taldea dirudi, erdipurdikoa.
Ikusmina zegoen Athleticen hamaikakoaren berri jakiteko. Susaeta izan zen berritasun nagusia. Joaneko partidako emaitzak baldintzatuta, eskuin hegal erasokorragoa zelairatu zuen Caparrosek. Jokalariak zeintzuk ziren jakin ostean, teknikariaren aginduak zeintzuk ziren jakitea zen falta zena, jokalari berberekin oso era ezberdinetan jokatu baitaiteke. Bigarren gauza hori jakin barik geratu ziren Athleticeko zaleak. Izan ere, ordu erdi eskas iraun baitzuen norgehiagokak. Tarte horretan, Anderlechtek sareetara bidali zituen izan zituen lehen aukera biak. Lukaku izan zen neurketa hasi bezain laster etxeko taldea aurretik jarri zuena. Aurrelari gazte eta abila ondo mugitu zen Athleticeko atzelarien artean -jokoz kanpo ere egon zitekeen pasea eman ziotenean-, eta Iraizozek egin zuen gainerako guztia. Aparteko misteriorik ez zuen jaurtiketa hankapetik pasa zitzaion. Zuri-gorrien lehen huts larria izan zen.
Gola kolpea izan zen, baina aurrez ere jakinekoa zen Athleticek gutxienez gol bat egin beharko zuela final-zortzirenetarako sailkatzeko. Beraz, mingarria bai, baina ez zen gol erabakigarria izan. Talde zuri-gorriak denbora asko zuen aurretik kanporaketari buelta emateko.
Zelai erdian baloiaren jabe izan eta jokoaren ekimena izateko egokia zen zelai erdiarekin ahaztu eta luze jokatzen hasi zen Caparrosen taldea. Anderlecht eroso zegoen egoera horretan. Bere arma nagusia delako zuzen jokatu eta jokalarien indarra baliatzea. Futbol partida bat baino gehiago tenisekoa bihurtu zen. Talde bateko eta besteko atzelariek luze jokatzen zuten baloia hartzen zuten bakoitzean. Besteak beste, zelai erdian ezin zelako gauza handirik egin. Zelaiaren egoera txarra zen oso eta nekeza zen baloia azkar eta ondo erabiltzea. Baina ez dago argi zelaia ondo egonda ere bestelako jokorik egingo zutenik.
Aukera bakarra
Tenis partida horretan Athleticek izan zuen aurkariari sakea kentzeko aukera. Yestek aukera paregabea izan zuen banakoa sartzeko, baina gorputza txarto ipini zuen eta horrek eragotzi egin zion Llorentek emandako pasea zetorkion bezala errematatzea. Kontrola egin ostean jaurti zuen, eta ordurako gainean zituen atzelariak. Athleticen lehen aukera ona izan zen. Eta azkena. Bi taldeetako batek aurkariaren areara egin zuen hurrengo jokaldian San Josek bere atean sartu zuen gola. Lukakuk eskuin hegaletik egin zuen banakako jokaldia, eta bere erdiraketa urruntzeko asmotan ari zenean bere atean egin zuen gola erdiko atzelariak. Ezkerrarekin urrundu beharreko erdiraketa eskuinarekin desbideratzen ahalegindu zen. Bistan da ez zuela asmatu. Bigarren oparia.
Bigarren oparia eta akabo neurketa. Ordutik aurrera galduta ibili baitzen Athletic. Anderlechtek, gauza handirik egin gabe, kontrolpean zuen partida eta bideratuta kanporaketa. Ez zuen gehiago behar izan gainera. Athleticek behera egin zuen nabarmen. Ez zuen suspertzeko indarrik izan. Atsedenaldiak ere ez zion ezertarako balio izan. Ezta aldaketek ere. Muniaini eman zioten neurketaren erritmoa aldatzeko ardura, baina ordu laurden eskas egin zuen zelaian. Kolpe bat eman zioten izterrean eta ezin izan zuen jarraitu. Berdin zen. Bigarren zatia hasi bezain laster Juhaszek hirugarren gola egin zuen etxekoentzat. Buruarekin errematatu zuen falta bat. Zuri-gorriek txarto defendatutako jokaldia izan zen. Hirugarren oparia, alegia.
Neurketa hasi aurretik inork gutxik espero zuen kanporaketa irabaziko zuen taldeak horren neurketa erosoa izango zuenik. Baina aukerak aprobetxatu egin behar dira. Eta gozatu ederra hartu zuten jokalari eta zale belgikarrek. Kanporaketako detailerik ederrena azkenerako utzi zuten, gainera. Legearrek gol bikaina sartu zuen areaz kanpotik. Zuri-gorriek oparitu ez zuten gol bakarra izan zen.
Athleticek agur esan dio Europako Ligari. Azken kanporaketara arte maila ona eman du. Egin beharrekoa egin du. Baina atzokoa kolpe gogorra izan zen. Gogorregia. Ikusi egin beharko da nola eragiten dion porrotak geratzen zaion lehiaketa bakarrean. Baina, orain badute Ligan lehiakorrak izateko beste arrazoi bat: sei onenen artean sailkatu eta datorren sasoian azken kanporaketak utzi duen ahozapore txarra aldatzea, alegia.
Anderlecht 4
Athletic 0
Anderlecht. Proto; Gillet, Mazuch, Juhasz, Deschacht; Van Damme, Kouyate (Sare, 73. min.), Biglia; Legear (Suarez, 80. min.), Boussoufa eta Lukaku (De Sutter, 66. min.).
Athletic. Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Susaeta, Orbaiz (Muniain, 46. min., Gabilondo, 58. min.), Javi Martinez, Yeste; Toquero (De Marcos, 52. min.) eta Llorente.
Gola. 1-0. Lukakuk (3. min.); 2-0. San Josek bere atean(26. min.); 3-0. Juhaszek (49. min.); 4-0. Legearrek (68. min.).
Epaileak. Thomas Einwaller (Austria). Txartel horiak: Anderlechteko Deschacht eta Lukakuri; eta Athleticeko San Jose, Yeste eta Amorebietari.
Bestelakoak. Bete egin zen Bruselako Constant Vanden Stock estadioa, 19.500 ikusle inguru. Athleticeko 1.100 bat zale izan ziren harmailetan.
Zelaian ez da liskarrik izan, baina kanpoan bai. Anderlechteko muturreko zaleak saiatu dira Athleticekoei erasotzen, baina Belgikako Polizia oldartu zaie, eta 30 bat lagun atxilotu ditu.
Tentsioa, beldurraren bidaian
H. Gallastegi.Emaitzak baretu zituen asko partidak iraun zuen bitartean, baina hasi baino lehen liskarrerako zeuden beste asko. Bezperan hasitakoak jarraipena izan zuen atzo uneka -Athleticeko bi zale jipoitu zituzten bezperan-, baina Belgikako Poliziak eta Ertzaintzak prestatutako segurtasun neurrietan ito zen tentsioa gehienetan. Arratsalde partean jo zuen goia tentsio horrek. Anderlechteko muturreko zaleek elkarretaratzea egin zuten La Monnaie plazan, Athleticeko zaleen hoteletik eta zelaira joateko autobusak hartu behar zituzten tokitik hurbil. Belgikako Poliziak inguratuta egin zuten elkarretaratzea, baina hesia apurtu eta saiatu ziren Athleticeko zaleengana iristen. Oldartu egin zitzaien Polizia. Liskarrak izan ziren, eta Anderlechteko 30 bat zale atxilotu zituen Poliziak. Hori izan zen eguneko gertakari larriena, beldurraren bidaian. Ez zuten Athleticeko zaleek behar bezala gozatzerik izan atzo. Zelaian ez, eta zelaitik kanpora ere ez.
Gozatzekotan goiz partean gozatu zuten apur bat, Bruselako Manneken Pis eskultura famatua zuri-gorriz jantzita aurkezteko antolatu zuten ekitaldian. Segurtasun neurriz inguratuta egin zen ekitaldi hura ere, baina ikusgarria izan zen. Bruselako 1-7 Peñak antolatutako ekitaldia udaletxean hasi zen eta Fernando Garcia Makua Athleticeko presidentea eta Jose Luis Astiazaran Futbol Liga Profesionalekoa izan ziren bertan, besteak beste. Giro onean joan zen dena. Lasaia izan zen eguerdi partea.
Bazkalostean areagotu zen tentsioa nabarmen Bruselako erdialdean. Athleticeko muturreko zaleak eta Standard Liejakoak elkarrekin zebiltzala jakinarazi zuen Belgikako Poliziak -Anderlechtekoen kontrario sutsuak dira Standard Liejakoak-, baina ez hori bakarrik. Anderlechteko muturreko zaleak ere SMS bidez La Monnaie plazan biltzeko deia egiten ari zirela ere jakinarazi zuen Poliziak. SMS horietan, nonbait, parean tokatzen zen zale zuri-gorriak jipoitzeko deia ere egiten zen. 16:00etan egin zen elkarretaratze hori azkenean. Belgikako Poliziak inguratuta izan zituen une oro Anderlechteko zaleak. Orduan lehertu zen tentsioa.
Belgikako muturreko zaleak Poliziaren hesia gainditu eta Athleticeko zaleengana iristen saiatu ziren. Zelaira joateko autobusa hartzera zihoazen haiek orduan. Polizia oldartu egin zitzaien Anderlechteko zaleei, eta 30 bat lagun atxilotu zituen. Ez ziren Athleticeko zaleengana iritsi. Haiek Anderlechteko Constant Vanden Stock zelairako bidaiari ekin zioten, eta ez zuten han aparteko arazorik izan. Eurentzat prestatutako kaiolan sartu zituzten segurtasun neurri itzelezkoen artean -hainbat tanke arin, furgoneta, eta oinezko zein zaldizko polizia-, eta sartu bezala atera zituzten gero autobusean aireportura eramateko. Partidan ez zen aparteko arazorik izan. Emaitzak, tamalez, izan zuen zerikusia horretan. Que viva España abestia behin baino gehiagotan entzun behar izan zuten euskal zaleek.
Isuna San Mamesko gertaerei
Atzo jakin zen Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak Athletici 7.250 euroko isuna jartzea proposatu duela. Joan den ostegunean San Mamesen gertatu ziren istiluak zigortzeko egin duen proposamena da. 3.750 euroko isuna segurtasun zaindariek ez zutelako eragotzi zaleak zelaira sartzea; beste 3.500 euroko isuna, berriz, bengalak eta gisa horretakoak sartzea ez zutelako eragotzi.
Gainera, Batzordeak Athleticeko hamar zale identifikatu dituela jakinarazi du. Ustez Belgikako zaleei harriak bota zizkieten zaleak dira. Haiei launa mila euroko isuna jarri nahi die Batzordeak, eta urtebetean futbol zelaietara sartzea debekatu.