Gipuzkoan gelditzen diren zale baikor apurrek diote bi partida jokatu behar direla Anoetan jarraian eta, bi horiek irabazita, 19 puntu izatea pozez zoratzen egoteko modukoa litzatekeela, orain artekoa ikusita. Tamalez, esatea baino askoz zailagoa da hori egitea, Realak zer talderi irabazi dien ikusita : bata Nastic, Ligako talde ahulena, eta bestea, zorte handi samarrarekin eta kostata, Osasuna. Valentzia eta Athleticen ondoren, gainera, Sevilla eta Real Madril datoz. Gutxienez urduri egoteko modukoa da, baina, dauden egoeran, jokalariek ezin diote erreparatuaurkariaren pedigriari.
Ez dira gutxi Liga honetan ezusteko galantak eman dituzten talde apalak, baina Realari ez zaio egokitu oraindik. Bada garaia. Horretarako, ordea, askoz hobeto jokatu beharko du: partidekin hartzen joan den sendotasunari, defentsan izandako hobekuntzari, arintasun eta oldarkortasun handiagoa gehitu behar dizkie. Hori da gainditu beharreko irakasgaia, Racingen aurkako partidan hamaikagarren aldiz ikusi zen bezala. Azken metroetara nahiko erraz gerturatu zen, baina hortik aurrera ez zuen tarteka erakutsitako nagusitasuna gauzatu, eta baloi asko galdu zuen. Hori aldatu ezean, jai izango du gaur Valentziaren kontra.
Teorian, pozteko arrazoiak izan beharko lituzke Lotinak, hain justu erasoan laguntzera etorri diren jkalari berriak deialdian sartu ahal izan dituelako. Haatik, ohi baino kezka aurpegi nabariagoa izan zuen entrenatzaileak ostiraleko prentsaurrekoan: «Berezko sentimendua dut kezka; horregatik atera zaizkit zimurrak betozkoan», esan zuen txantxetan. Izan ere, fitxatu berriei sasoia hartzea falta zela adierazi zuen, eta bigarren itzulian freskotasun hori «onerako» izango bada ere, une erabakigarri hauetan «kalterako» dela.
Horietatik nork jokatuko duten hasieratik ez zuen aurreratu nahi izan Lotinak. Ulertzekoak dira haren zalantzak, guztiak hasieratik jartzea tentazio handia izan arren, apustu arriskutsua ere badelako kolpean hiru jokalari berri sartzea. Fisikoki erritmoa falta zaielako, eta taldeak zeukan dinamika apur dezakeelako. Badirudi Herrerak eta, batik bat, Lopezek aukera gehiago dauzkatela hamaikakoan sartzeko.
Bi horiek ez dira fitxatu berri bakarrak izango, Skoubo ere zerrendan baita, aspaldiko partez. Bi partida baino ez ditu jokatu, biak ordezko gisa, baina haren bilakaerarekin «pozik eta itxaropentsu» dagoela azaldu zuen Lotinak. Orpazurdako lesioa gainditzerakoan izan duen ustezko nortasun faltaren inguruan hitz egin eta idatzi duten guztiei erantzuteko aukera izango du danimarkarrak. Seinalerik onena izango litzateke segidan jokatzen hastea, oso jokalari aprobetxagarria delako, baina, ikusitakoa ikusita, ez da erraza harengan fede handirik izatea.
Batzuekin edo besteekin, berriekin edo haiek gabe, irabazi egin behar du Realak. Ez dago besterik.
Valentzia, sendotasun eta abiadura eredua
Futbolean denetarik gerta daiteke, baina arraroa litzateke gaurko partidan gol festarik ikustea, Realari bereak eta bi kosta baitzaio atea zulatzea eta bere arrakastaren zati handi bat defentsan oinarritzen duen talde baten kontra jokatuko baitu. Kanpoan irabazitako lau partidak 0-1eko markagailuarekin irabazi ditu Valentziak. Haren errezeta azken denboraldietan goi mailara ekarri duena da: seriotasuna, ordena, presio latza eta talentua eta abiadura aurrealdean.Denboraldia indartsu hasi zuen, baina lesioekin oso zorte txarra izan du, funtsezkoa duen euskarri postuan, batez ere: Edu, Baraja, Albelda... Jokalari gutxi izan ditu jokatzeko moduan, eta horrek ez dio utzi normalean ezartzen duen erritmo bizia eta intentsitatea ezartzen. Horrenbeste hutsune edukita, beste edozein taldek latz sufrituko luke, baina Valentziak jokalari zerrenda luzea eta bikaina dauka, eta, bolada txar bat igaro ondoren, azken bost partidak jarraian irabazi ditu Ligan. Nolanahi ere, Getafek Espainiako Kopako partidan erakutsi zuen ez dela garaiezina eta gabeziak badauzkala. Villa eta Anguloren mugikortasunarekin erne badabil eta zelai erdiko borrokan Valentziarekin nor baino nor hobeto aritzeko gai baldin bada, zerbait lortzeko aukerak izango ditu Realak, defentsan ohi baino erraztasun gehiago ematen ari baita Quique Sanchez Floresen taldea: Curro Torres, esaterako, berea ez den hegalean ari da jokatzen, eta ez dabil fin. Gainera, aulkian azken jardunaldietan baino arma gehiago izango ditu Lotinak, Reala bigarren zatira bizirik iristen baldin bada partida berotzeko.