Hordagoa mahai gainean dago. Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) ez du nahi ordaindu gabeko Ligako partidarik telebistan. Arrazoia? Ekonomikoa, noski. LFPren arabera, galera handia eragiten dio jardunaldiko partida bat erosteko aukera ez eskaintzeak. Kopurua ere jarri dio galera horri: 200 milioi euro inguru urtean. Dirutza da, eta LFP ez dago prest diru sarrera horri uko egiteko. Hilaren 11n utzi zuen argi. Egun horretan LFPko batzarrak honakoa erabaki zuen: jardunaldiko derrigorrez ordaindu gabeko partida bat telebistaz eman behar dela dioen legea bertan behera utzi ezean, apirilaren 2an eta 3an ez da Liga jardunaldirik jokatuko Lehen eta Bigarren Mailan.
Gatazkaren muina Kirol Lehiaketa eta Gertaeren Emisio eta Emanaldien Lege Arautzailean dago. Futbolaren Legea deritzona 1997an onartu zen. Francisco Alvarez Cascos orduko Espainiako lehendakariordeak bultzatutako legea izan zen. Lege horrek behartu egiten du jardunaldi bakoitzeko telebistan ordaindu gabeko partida bat ematera. Legea hasieratik izan zen eztabaida iturri, eta ia hamalau urte geroago ere horrela izaten jarraitzen du. LFP saiatu da legea aldatzen, baina ez du lortu, eta ez dirudi orain ere lortuko duenik. «Ez da planteatzen legea aldatzea. Ez dago Gobernuaren agendan. Ez dago premiarik», esan du Espainiako Gobernuak.
Guztiz kontrakoa pentsatzen du LFPk, «premiazkoa» da legea aldatzea. Are gehiago, ziur da «berandu baino lehen» ez dela egongo jardunaldiko doako partida bat emateko beharrik. «1997an oso ezberdina zen egoera. Orduan, hamabi euro balio zuen partida bat erosteak, eta, egun, hilabeteko hamabost euro ordainduta, partida mordoa ikus daitezke. Ez dugu eskatzen ordaindu gabeko futbola kentzea, derrigorrezkoa izatea baizik. Gainera, 2011-2012 sasoian jarriko genuke martxan. Kopa eta Txapeldunen Liga, halere, ordaindu gabe ikusteko aukera egongo litzateke», dio Jose Luis Astiazaran LFPko presidenteak.
Interes orokorra bai edo ez
Astiazaranen arabera, «Lehiaren Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak argi utzi dute ordaindu gabeko kirol informazioaren beharra garrantzi berezia edo interes handia duten gertaeretara mugatzen dela, eta Ligako partidak ez direla ez garrantzi berezikoak, ez interes handikoak. Are gutxiago, astebeteko maiztasuna izanda».
Iritzi berekoa da Fernando Garcia Makua Athleticeko lehendakaria. «Merkatuaren errealitatearen distortsio argi bat da. Interes orokor bat argudiatzen da, baina azkenean klubak gara faktura ordaintzen dugunak». Antzeko hitzak ditu Jaume Rouresek, Lehen eta Bigarren Mailako taldeen telebista eskubide gehienak dituen Mediapro enpresako presidenteak. «Guk beti esan dugu lege horrek kalte egiten diela klubei. Haiena zen eskubide bat kendu zitzaien kalte-ordainik eman gabe. Europan ez dago ordaindu gabeko futbolik».
Egia da Rouresek dioena, alegia, Europan ez dagoela ordaindu gabeko Ligako partidarik telebistan. Adibideak hor daude: Ingalaterran eta Italian, Ligako partida guztiak ordaindu beharrekoak dira (Sky telebista kateak ditu eskubideak); Alemanian ere Skyren esku daude telebista eskubideak, eta ARD telebista kate publikoak Ligako bi partida soilik ematen ditu denboraldiko, txapelketako lehena eta bigarren itzuliko lehena; Frantzian, berriz, Canal + kate pribatuak ematen ditu Ligako neurketa guztiak. Europako Futbol Liga Profesionalen Elkarteak argi du: «Esku-hartzailea da Espainian indarrean dagoen eredua. Ez du parekorik Europan, eta kalte egiten dio Ligaren garapenari, bideragarritasunari, kirol arrakastari eta gizarte funtzioari».
Baina ez da ordaindu gabeko futbola LFPk kendu nahi duen gauza bakarra. Partiden laburpenak ere ditu jomugan. LFPk laburpen laburragoak nahi ditu telebistan, beti informatiboetan, gehienez minutu eta erdikoak, eta 24 orduko iraungitzearekin. Amaitu egin nahi du egun zenbait telebistetan egiten diren laburpen saioekin, «futbola saturatzen» ari direla argudiatuta. Hori bai, LFP prest dago ordain baten truke saio horiei partidetako irudiak saltzeko. Alemanian eta Ingalaterran denbora daramate hori egiten. Halaber, Ingalaterran BBC komunikazio enpresak soilik eman ditzake irratiz partidak herrialde osorako. LFP ere aztertzen ari da irratiei ere diru sari bat eskatzea partidak emateagatik. Hori guztia, diru sarrerak handitzeko eta klubek duten zorra arintzeko —3.500 milioi eurotik gorakoa—.
Hain zuzen ere, klubek Ogasunarekin duten zorra da LFP presioa egiteko erabiltzen ari den beste elementu bat —klubek 627 milioi euroko zorra zuten Ogasunarekin 2008an—. Espainiako Gobernuak egungo araudia aldatzen badu, LFPk hitz eman du Ogasunarekin zorra duten klubek euren telebista kontratuen diru sarreren %15 emango luketela urtean.
Ikus-entzuleen interesak
LFPren iritzia argi dago. Baita Espainiako Gobernuarena ere. Eta telebista ikusleek zer? Zer diote LFPk ordaindu gabeko futbola kendu nahi izatearen inguruan? ATELEUS Euskadiko Ikus-entzunezko Medioen Erabiltzaile eta Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, jardunaldiko derrigorrez partida bat eman behar izateak «arlo horretan erantzukizuna duten erakundeek ezarritako neurria da, eta telebista kateek askatasunez gauzatu egiten dute, dirutza ordaindu dutelako partiden eskubideak lortu ahal izateko».
ATELEUSek gogoratu du kate bakoitzak «bere interesen alde» egiten duela, eta interes horiek ez direla «ia inoiz» ikusleenak. «Sentitzen dugu erabaki horrekin ordainpeko telebista plataformetara sarrera izan ezin duten ikusleak futbolaren gisako kalitatezko edukirik gabe geratzea». Horren aurrean, ATELEUSek dei egiten die kateei bila ditzaten «ikusle guztientzako eskuragarri izan daitezkeen formula ekonomikoagoak eta lehiakorragoak, orain arte bezala herritarrek ordaindu gabeko futbola ikusten jarrai dezaten».
Kirola. Futbola eta telebista
Batzuen onura, askoren kalte
Espainiako Futbol Liga Profesionalak ez du nahi ordaindu gabeko Ligako partidarik telebistan. Egungo legearen ondorioz urtean 200 milioi euro inguruko galera duela dio. Legea aldatu ezean, mehatxua egin du apirilaren 2an eta 3an Lehen eta Bigarren Mailako Liga jardunaldirik ez jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu