Batzuk gora, Vettel behera

Lewis Hamiltonek erakustaldia eman zuen Nurburgringen, eta txapelketako liderra ez zen fin ibili

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Lewis Hamiltonek (McLaren) erakustaldia emanda nagusitu zen igandean Nurburgringeko zirkuituan, Alemaniako Sari Nagusian. Inork ezin zuen imajinatu Valentzian eta Silverstonen ikusitakoaren ondoren ingelesa horrela berragertuko zenik, are gutxiago, azkenekoz podiumean Bartzelonan agertu zela kontuan hartuta. Igandekoarekin, Hamilton lau aldiz bakarrik igo da aurten podiumera, eta horietako bitan koska nagusian. Sebastian Vettelek (Red Bull) ez du inoiz aurkari zuzenik izan txapelketan, baina urte hasieran McLaren zen haiengandik gertuen zegoen taldea. Toki hori Ferrarik hartu du azkenaldian, horregatik da ulertzen zaila Hamiltonen balentria.

Inork ez du zalantzan jarriko Jenson Buttonen (McLaren) gidari maila. Horrez gain, jarrera eredugarria izan du beti. Dotorea da bai gidatzean, bai eta autotik kanpo ere. Munduko txapelduna da,gainera, duela bi urte BrawnGP auto zuri haiekin lortu zuena. Asteburu honetan ez du bere mailarik onena eman —ez zuen lasterketa amaitu—, berak onartu baitzuen larunbatean nora ezean zebilela autoa prestatzeko unean. Alde horretatik, uler daiteke Hamiltonek taldekideari aurrea hartu izana. Hori bakarrik, ordea, ez da aski bien artean izan den aldea argitzeko. Button ohi baino makalago ibili da, eta Hamiltonek noizean behin duen asteburu magikoa izan du oraingoan.

Taldekideen arteko lehiak bigarren maila gelditu ohi dira, titulua gehienetan talde askotako gidarien artean dagoelako jokoan. McLarenen bi gidari on dituzte, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Button lasterketa nahasietan agertzen da, estrategiaren denborak inork baino hobeto kudeatzen baititu. Normalean bera da beste guztien estrategia jarraitzen ez duena, sarritan geldialdi bat gutxiago eginda. Haren gidatzea oso garbia da, autoa ondo zaintzen du, eta, horregatik, pneumatikoek gehiago irauten diote. Hamilton sutsuagoa da, baina hark onartu zuen pneumatikoak zaindu izanak ezinbesteko laguntza eman ziola garaipenerako bidean. Edozein kasutan, garaipena lortzeko funtsezko izan ziren bi aurreraketa gauzatu zituen. Bata Mark Webberri (Red Bull), eta bestea Fernando Alonsori (Ferrari). Pistan, buruz burukoan, irabazi zuen lasterketa, eta horrek balio handiagoa ematen dio.

Ezin albo batera utzi Alonsoren eta Felipe Massaren (Ferrari) arteko alderaketa ere. Ohitura bilakatuta ere ezin zaio garrantzirik kendu Alonsok Massa txikitzeko duen erraztasunari. Espainiarrak ez du aurkaririk taldean, eta horrek lasaiago eutsi dio giroari barnean. Ferrarik Massa taldean nahi du, harekin ondo osatzen baitute estrategia: Alonsok garaipenak eta Massak puntu gehigarri batzuk. Zaila da jakitea brasildarrak zer egin dezakeen Alonso taldean ez badago, baina aurten oso denboraldi eskasa ari da egiten. Haren posturik onena bosgarrena izan da. Iaz Bridgestone pneumatiko berriak omen ziren arazoa, Pirellirekin konpondu zena. Ez bat, eta ez beste. Massak ez du taldearen arreta jasotzen, baina ulertzekoa da, Alonsok etekin hobea ateratzen baitio daukanari.

Webber, Red Bulleko lehena

Azkenerako gelditu da Red Bull taldeko gidarien aurrez aurrekoa. Garaile argia dago hemen, asteburu honek kontrako irudia eman badu ere. Alonsorekin eta Massarekin gertatzen den modukoa dago Red Bullen. Asteburuko albistea ez da Hamiltonen garaipena soilik izan, baizik eta urtean lehen aldiz Vettelek Webberren atzetik amaitu duela. Hamar lasterketaren ondoren, Webber hirugarren izan zen, eta Vettel laugarren. Hori deigarria baldin bada, seinale Webber galtzera ohituta dagoela. Vettel gaztea izan arren, azkarra da. Bai eskuz eta bai buruz ere. Badaki lasterketa batean pattal aritzea ez dela arazoa, errenta handia baitu sailkapen nagusian —77 puntu ateratzen dizkio Hamiltoni—. Puntuetan amaitzenn badu, ez du kezkatzeko motibo askorik.

Vettelek ohiko maila eman izan balu, garaipena berea zuen. Webberrek garaipenerako hirukotea osatu zuen, eta horrek esan nahi du Vettel tartean egon izan balitz haien aurretik ibiliko zela. Berak eta taldeko ingeniariek dakite zein den horren zergatia. Lasterketa bat ez da aski Vettelen egoera zehazteko, baina jada azken bi lasterketetan taldekideak muturra erakutsi dio. Beste taldeekikoa baino gehiago, taldekidearekiko joerak adierazten du gidari bakoitzaren sasoia. Horri eutsiz gero, Vettelek zerbait galdu du, eta Webberrek zerbait irabazi. Asteburu honetan bertan gertatuko da beste atal bat, Hungarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.