Bayernek astindua eman dio Portori, eta Bartzelonak aise irabazi dio PSGri

Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ametsetan iritsi zen Porto Munichera (Alemania), baina, konturatzerako, ametsa amesgaiztoa zen. Ez baitago 40 minutuan aurkari batek bost gol sartzea baino amesgaizto okerragorik. Eta horixe egin zuen atzo Bayern Munichek. Pep Guardiolak entrenatzen duen taldea ez zen konformatu Portok joanekoan lortutako aldea ezerezean utzita, eta Julen Lopetegik entrenatutako taldea bera utzi zuen ezerezean.

Erauntsi bat izan zen Bayern lehen zatian. 22 minutu eskas behar izan zituen kanporaketa alde jartzeko, Thiagok eta Boatengek sartutako golei esker. 22 minutu eskas kanporaketari buelta emateko, eta beste hogei minutu eskas Porto txikitzeko, atsedenaldira joan aurretik beste hiru gol sartuta, Lewandowskik bi, eta Muellerrek bat. Bigarren zatian, indarrak parekatu egin ziren. Jackson Martinezek gola sartu zuen, eta Xabi Alonsok, falta jaurtiketaz, bikain.

Bayern Munich hirugarren urtez jarraian izango da Txapeldunen Ligako finalerdietan. Eta han Bartzelona izan dezake aurkari, Kataluniako taldeak duela astebete Parisen bideratutako sailkapena errematatu baitzuen atzo, itzulikoan ere Paris Saint-Germaini irabazita (2-0). Neymarrek sartu zituen bi golak, lehen zatian biak. Kataluniarrak bi urte geroago ariko dira finalaren atarian.

Beste bi itzulikoak, gaur

Gaur geratuko da zehaztuta finalerdietan zer beste bi talde ariko diren. Ez dago batere argi zeintzuk izango diren, joaneko partidetan parekotasun handia izan baitzen. Atletico Madrilek eta Real Madrilek hutsean berdindu zuten Vicente Calderonen, eta gaur Santiago Bernabeun ariko dira. Juventus, berriz, orain astebete etxean lortutako aldeari eusten saiatuko da Monakon (1-0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.