Futbola

Bayernek seigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga

Municheko taldeak 0-1 irabazi dio PSGri, Kingsley Coman Parisko taldearen harrobiko jokalariak sartu duen gol bati esker. Ander Herrera hasierako hamaikakoan zelairatu zen.

Bayerneko jokalarak, garaipena ospatzen. MIGUEL A. LOPES, EFE
2020ko abuztuaren 24a
10:47
Entzun

Bayern Munichek 0-1 irabazi dio bart Paris Sant-Germain taldeari, eta garaipen horrekin seigarren aldiz altxatu du Europako txapeldunaren kopa. Lisboan (Portugal) jokatu da partida, eta Kingsley Comanek 59. minutuan sartu duen gol batek eman dio garaipena Alemaniako taldeari. Coman PSGren harrobian trebatutako jokalaria da, eta Neymar, Mbappe eta enparauak ez dira markagailua berdintzeko gai izan. Ezta Ander Herrera ere; PSGko jokalari bilbotarra izan da jokatu zuen euskal jokalari bakarra. Hasieratik jokatu du, eta 72. minutuan aldatu du Thomas Tuchel entrenatzaileak. Bayernen Alvaro Odriozola donostiarrak eta Javi Martinez aiegiarrak jokatzen dute, baina ez dira finalean aritu.

Eztabaidaezina izan da Bayernen nagusitasuna denboraldi ezohiko honetan. Final-laurdenetan Bartzelonari 2-8 irabazi zion, historian arrastoa utziko duen partidan, baina datu horretatik haratago doa egin duen ibilbidea: jokatu dituen 11 partidak irabazi ditu. PSGk izan zituen atzo aukerak gola sartzeko. Neymarrek lehen zatian pare bat erremate egin zuen, baina Neuer atezainak geratu zizkion. Di Maria eta Herrera bera ere saiatu ziren, baina ez zuten asmatu. Bayernek gora egin zuen lehen zatian, eta bigarrenean Kimmichen erdiraketa bat sareratu zuen Comanek buruz. Partida amaitzear zela, Mbappek eta Neymarrek jokaldi polita egin zuten, baina Choupo-Motingek ez zuten errematatu, eta gola sartzeko aukera hori huts eginda egin zion ihes finalak Parisko taldeari.

Partida amaitu ostean, Parisen istiluak eragin dituzte PSGko zaleek Eliseoen inguruetan. 5.000 zale inguru bildu ziren, polizien kontrolei izkin eginez, eta barrikadak egin zituzten, albiste agentzien arabera. Poliziak negar gasa bota du, eta 148 pertsona atxilotu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.