Mutilek irrist egiten zuten lehen partidetan, baina normala da hori; izan ere, sekula belar gainean jokatu gabeak ziren», azaldu du Mohamed Sid Ahmed Bugleidak, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gazteria eta Kirol Ministerioko kirol zuzendariak. Iritsi berria da Iraken menpeko Kurdistandik, buru den taldearekin batera, NFBren laugarren torneoan parte hartu ondoren —elkarte horrek barruan hartzen ditu FIFAk onartzen ez dituen estaturik gabeko nazioak—.
Mendebaldeko Sahara Britainia Handia baino handiagoa da, eta deskolonizazio prozesu baten biktima izan zen 1976ra arte; urte hartan alde egin zuen handik Espainiak —aurretik potentzia kolonizatzaile izan zenak—, eta Marokoren eta Mauritaniaren esku abandonatu. 1991. urtean, su-etena sartu zen indarrean, eta, harrezkero, Rabatek kontrolatzen du, praktikan, lurralde osoa —baita Atlantikoaren ertzean dagoen eremua ere—, eta Fronte Polisarioaren esku dago, berriz, ekialdeko lur zerrenda txiki bat. Gaur egun, Saharako herri ia osoa Aljeriako desertuan dago babesturik, eta nazioarteko laguntzaren mende bizi da guztiz.
«Arazoak izan ditugu gure bandera erakusteko, Rabatek estu hartu baitu gobernu autonomo kurdua, baina ikusleek elkartasuna eta berotasuna erakutsi digute», azaldu du Bugleidak, Gazteria eta Kirol Ministerioan duen bulegoan. Sarreran, plaka batean, eskerrak ematen zaizkio Granadillako Udalari (Tenerife, Espainia), bulegoetako altzari-tresnak lortzen laguntzeagatik. Ondo-ondoko gelan, atzeko aldean SEAD siglak dituzten txandal berde batzuk txukun-txukun jantzita, Saharako taldeko hogei jokalariak daude: harrera egiten ari zaizkie hamaiketako batekin: gailetak eta kafe disolbagarria. Beste gehientsuenak bezala, Cori Maaruf 26 urteko aurrelaria pozik ageri da izandako esperientziarengatik.
«Harro nago gure herriaren historian beste orrialde bat idatzi izanaz. Lehenengo aldiz parte hartu dugu aurten, eta laugarren gelditu gara bederatzi talderen artean, nahiz eta torneoaren aurreko bost egunetan baino ez ginen entrenatu, eta harean, gainera», azaldu dio gazteak IPS berri agentziari; Maarufek gol bat sartu du torneoan, eta, dioenez, ez da ikusten ari Eurokopa telebistan.
Said Saleh izan da taldeko golegile nagusia, hiru gol sartuta —bi Darfurren aurka, eta bat Okzitaniaren kontra—.
«Egunen batean estatu subirano baten ordezkari gisa jokatu ahal izango dugun, hori jainkoak erabakiko du», azaldu du gazteak; 24 urte ditu, eta Dakhlako iheslari esparruan jaioa da, Aljeriako mendebaldean. Aurrelariak dio ordura arte ere harro eramango duela soinean Saharako bandera nazionala, doan lekura doala:
«Kirolean lortutakoa baino askoz ere garrantzitsuagoa da munduari erakustea bagarela, badela herri bat Mendebaldeko Sahara izenekoa, bizirik dagoena oraindik, nahiz eta okupazio bidegabe eta bortitz baten mende izan den dozenaka urtean», adierazi du Said Salehek, 21 urteko erdilariak. Iheslari esparrutik kanpora egin duen bigarren bidaia izan da hau; esan duenez, lehenengo aldian Espainiara joan zen, Madrilgo familia batek gonbidatuta. Orain dela zazpi hilabete hiru kooperante bahitu zituztenez —bi, Espainiakoak, eta bat, Italiakoa— eta eurogunean finantza krisia dagoenez, Espainiako familiek askoz ere ume gutxiago hartzen dituzte orain, eta nazioarteko laguntzak ere, oro har, asko egin du behera.
Kurdistango eskualde autonomotik itzultzeko, lau hegazkin hartu behar izan dituzte bata bestearen atzetik, baita autobus bat ere, Aljeriako basamortuan zehar. Agerikoa da neka-neka eginda daudela, eta futbolari gazteak desiratzen daude etxe lasto-buztinez eta uralitazko sabaiz osatuetara itzultzeko. Dena dela, inork ez du alde egin egin beharreko guztiak egin arte.
Kurdistan txapeldun
Amaigabea dirudien desertu baten erdian, argazki bat atera diote talde osoari; gero, Salleh Abdallahik baloiarekin duen trebetasuna erakutsi du Aljeriako eguzkiaren azpian, RASD TV Saharako telebistaren kameren aurrean. Erakunde hori zenbait euskal erakunde eta instituziok finantzatzen dute nagusiki; Aljerian eta iheslari esparruetan ikasitako hainbat kazetarik osatzen dute lantaldea.
Handik metro gutxira, Mohamed Molud Gazteria eta Kirol ministroak esan du oso esperientzia ona izan dela, «bai lanaren aldetik, bai moralaren aldetik», eta nabarmendu du «akuilu» izan dela «gazteek kirola egin dezaten». Proiektuak segida izan dezan, hainbat proposamen dituzte esku artean; esate baterako, arauzko zelai bat alokatzea Aljerian, eta lagunarteko partida batzuk jokatzea hango taldeen aurka edo ondoko herrialdeen kontra —Mauritaniaren kontra, adibidez—.
Oraingoz, nola teknikariek hala jokalariek espero dute berriz ere jokatu ahal izango dutela hurrengo torneoan, 2014an. Aurten, ez da izan ezustekorik: Kurdistanek irabazi du —talde horretako lau jokalari Irakeko selekzioan aritzen dira—, eta Darfur izan da azkena.
Baztertuen futbol lehiaketa
Aljeriako iheslari esparruetara itzulita, Saharako futbol selekzioak kontatu du zer-nolako ibilera izan duen Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) onartu gabeko nazioen torneoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu