Handia egin du Beñat Intxaustik (Movistar). Giro hasiera bikaina egiten ari zen Muxikakoa, eta, gutxien espero zuenean, liderraren maillota jantzita amaitu du etapa. Euriak eta errepide irristakorrak erabat baldintzatu dute etapa, erabat blokeatuta geratu da Bradley Wiggins (Sky), erori ere egin da, eta gainerako faboritoek ederki baliatu dute aukera. Erasora jo du Vincenzo Nibalik (Astana). Lurretik bueltan ibili da italiarra ere, baina faborito guztiek 1.24 minutuko aldea lortu dute Wigginsekiko. Bere buruarekin haserre, amorratuta iritsi da Skyko ingelesa helmugara, Sergio Luis Henao eta Rigoberto Uran taldekideak ondoan zituela. Eurekin helmugaratu da Luca Paolini (Katuxa) gaur arteko liderra ere.
Wigginsen ezinaren eraginez, sari harrigarria lortu du Intxaustik —Adam Hansenek (Lotto) irabazi du etapa, ihesaldian sartuta eta bakarrik helmugaratuta—. Abraham Olanok jantzi zuen azkenekoz liderraren maillota Giroan, 2001ean, eta urte hartan bertan podiumera igo ziren Olano bera eta Unai Osa. 54,8 km-ko erlojupekoa jokatuko da bihar, eta estu-estu egongo da maglia arrosa lortzeko erronka, 34 segundo besterik ez daudelako lehen hamar sailkatuen artean, Intxausti eta Robert Kiserlovskiren (RadioShack) artean. 11. dago Samuel Sanchez (Euskaltel), Intxaustirengandik 52 segundora. 1.32ra dago Wiggins.