txirrindularitza

Beñat Intxaustik Pekingo Itzulia irabazi du

2006tik ez zuen irabazten euskal txirrindulari batek World Tourreko itzulirik. Euskaltel-Euskadi talde profesionalaren azken karrera izan da.

2013ko urriaren 15a
11:56
Entzun

Gaurko etapak 117 kilometro zituen, eta laua zen. Pekingo Itzuliaren bost etapetatik, beraz, lau amaitu dira esprintean, gaurkoa barne. Horrela amaitu ez den bakarra, hain zuzen, Intxaustik (Movistar) atzo irabazi zuena izan da. Etapa irabazi eta lidergoa eskuratu zuen txirrindulari bizkaitarrak. 2011tik da Pekingo Itzulia UCIren mundu mailako egutegian, eta aurreko bi urteetan Tony Martinek irabazi du.

Gaur itxi da, beraz, 2006ko ekainaren 18an ireki zen zirkulua. Zazpi urteotan euskal txirrindulari bakar bat ere ez da izan gai World Tourreko itzulirik irabazteko. Iritsi dira garaipen dotoreak; Intxaustiren beraren aurtengo Italiako Giroko 16. etapakoa, tartean. Irabazi du Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltako taldekako sailkapena; joan den abuztuan, hamahiru segundo bakarrik falta izan zitzaizkion Ion Izagirreri Poloniako Itzulia eskuratzeko —Peter Weening (Orica) nagusitu zen—; 2011n "inoizko garaipenik ederrena" lortu zuen Igor Antonek Bilbon, Espainiako Vueltan; 2009an ilargira bidean berreskuratu zuen arnasa Juanma Garatek, Tourrean, Mont Ventouxen... Gertueneko balentriak dira horiek, euskal txirrindularitzaren poz txikiak.

Tiananmen plazan amaitu da Pekingo Itzuliko azken etapa, eta horrekin batera amaitu da Euskaltel-Euskadi talde profesionalaren ibilbidea ere. Hogei urtez errepidean egon ostean, Pekingoa zuen azken karrera. Garikoitz Bravo gipuzkoarra hamargarren sailkatu da azken proba horretan. Bigarren Daniel Martin (Garmin) izan da, eta horren ondoren sailkatu dira David Lopez Garcia (Sky) eta Rui Costa (Movistar), hirugarren eta laugarren hurrenez hurren. Pekingo Itzuliarekin amaitu da aurtengo UCIren denboraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.