San Andres egun ingurukoak (azaroak 30) jardunaldi zalapartatsuak dira Eibarren, eta baita Astelena pilotalekuan. Urtero kontzerturen bat antolatzen da, eta pilota munduaren egunerokoa aztoratzen du. Bihar, esaterako, Orquesta Mondragon taldeak joko du, eta agertokia desmuntatzeko eta kantxa garbitzeko lanak erlojupeko proba izango dira, arratsaldeanIrujo eta Gonzalezen arteko lau t'erdiko partida joka dadin. Lanok Jose Abalos kantxazain beteranoak gertutik jarraituko ditu. «Goizeko bederatzietarako han egongo naiz, gauzak nola egiten dituzten zaintzen».
Kontzertuak aste honetako pilota aukeraketa eta entrenamenduak baldintzatu ditu, atzo hasi baitziren hango agertoki handia muntatzen. Benetako komeriak, baina, emanaldiaren ondoren iritsiko dira, larunbat gauean. Aspekoek zehazten dutenez ez da arazorik egongo igandeko jaialdian baldintza ezin hobeetan jokatzeko, baina gau-goiz parteak frenetikoak izango dira Isasi kaleko katedralean. Lehen pausoa gauean bertan emango da, agertokia kontzertua bukatu berritan desmuntatuko dutelako, garbiketa taldeko langileak sar daitezen.
Goiz esnatuko da Jose Abalos, eta ez du urrun izango eguneko lehen Ducados zigarreta Astelenara iristen denean. 30 urtetik gora daramatza «bere etxean» erretzen, eta eskubide osoz urratzen du tabakoaren aurkako legea. Ordurako iritsiko da garbiketa taldea, eta goiz bukaerarako kantxak eta harmailek garbituta egon beharko lukete. «Duela bi urte ere antzeko egoera bat egon zen, eta kantxako atzeko koadroak ez zituzten ondo garbitu. Oinak zorura itsasten ziren! Ezin zen ibili. Baina, tira, orduko kontzertuan, errebotean, basura ontzi handi bat jarri zuten edalontzi eta edariak botatzeko, eta aurten, esan didatenez, ez da halakorik egongo».
Harmailak garbitzeak ez du misterio handirik, beste edozein azpiegitura garbitzea modukoa baita; kantxak, aldiz, zaintza bereziak ditu. Lurra nola dagoen jokoa baldintza dezake, eta horrek arduratzen du gehien Abalos. Garrantziaren adibide, Astelenako kantxak espresuki erositako garbiketa makina bat du, eta aldageletako korridoreetan gordetzen dute.
«Ura eta xaboia baino ez, produktu arrarorik gabe, beste guztia makinak egiten du», zehaztu du Abalosek. Zorua garbitzeko ohiko makinen antza du, gainean langile bat esertzen diren horietakoa; diskoak, baina, espartzuzkoak dira, ez oso gogorrak. Beste guztiari dagokionez, pilotalekuak itxura ona du, eta Abalos gustura dago azken berrikuntzekin. Eibarko Udalak 300.000 eurotik gorako inbertsioa egin zuen gasoliozko berogailu zaharra aldatu eta berriago bat jartzeko. Zarata gutxiago egiten du, eta nabaritzen da.
Jende asko, betekadarik ez
Asteburuko lau t'erdiko txapelketako partidetan ez da betekadarik egongo, ez bihar Labriten, ezta etzi Astelenan ere. Bietan, baina, sarrera txukunak espero dituzte, eta bi enpresetako txartel saltzaileek antzeko aurreikuspena egin dute: «Hiru laurdenak inguru beteko dira». Labriti dagokionez goiko harmailetako sarrera guztiak salduta daude dagoeneko. Kantxakoak, berriz, «astiroago» doaz.
Astelenan, aldiz -Labrit baino handiagoa da-, goiko harmailakoak ere erritmo onean doaz, baina oraindik gelditzen dira. Kantxakoak, 40 eurokoak, dezente astiroago doaz, baina oraindik hiru egun falta dira. Asteartean, bestalde, beste jaialdi bat jokatuko da Astelenan. Titin-Barriola Irujo-Laskurainen aurka ariko dira.
Bederatzietarako, han
Bihar gauean kontzertua dago Astelenan, eta teknikari eta langileek bizkor lan egin beharko dute pilotalekua etzi arratsalderako prest egon dadin. Jose Abalos kantxeroak gertutik aztertuko du dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu