Bederatzirekin, nahikoa

Epaileak Koikili eta Castillo kanporatu arren, espero baino gutxiago sufrituta hartu du mendean Athleticek Almeria

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Athleticek Almeria mendean hartzea ez da aparteko notizia. Garaipena San Mamesen eskuratu duela esanez gero, gutxiago harrituko dira futbol jarraitzaileak. Eta hiru puntuak asko sufritu barik eskuratu dituela jakiteak ere ez du eragin handirik sortuko zaleengan. Baina litekeena da bat baino gehiago ahozabalik geratzea partidaren nondik norakoen berri jakiten duenean. Izan ere, Athleticek bederatzi jokalariarekin irabazi zuen. Neurketaren azken hogeita bost minutuetan egon ziren lehoiak bi gutxiagorekin. Eta bigarren zati guztia bat gutxiagorekin. Hala ere, estutasun handi barik irabazi zuen norgehiagoka.

Nola lortzen den bi jokalari gutxiagorekin merezita eta arazo barik irabaztea? Hiru dira faktore nagusiak. Batetik, zuri-gorrien grina eta lanerako gaitasuna azpimarratu behar dira. Ikaragarria izan zen futbolari guztien beharra. Baina, batez ere, Llorenteren eta Muniainen lana aipatu behar da. Inor gutxietsi barik, eurak izan ziren Athleticen garaipenaren ardatzak. Aurrelari errioxarrak sekula baino gehiago egin zuen korrika. Bere ekarpena ezinbestekoa izango zela jakinda zelairatu zen atsedenaldi ostean. Peoi lanetan jarri zen izarra.

Muniainen partida, berriz, txapela kentzeko modukoa izan zen. Athleticek baloia oinetan duenean gauzak egiten dakien futbolari bat behar zuen taldeari arnasa emateko. Harribitxi gaztea izan zen oxigenoa banatzeko arduraduna: baloia aurrera eraman, faltak behartu, aurkariak urduritu... denetik egin zuen. Aparta izan zen bere lana. Eta bi aurrelarien atzetik euren lekua ezin hobeto zaindu zuten taldekideek. Bi euskarriek, batez ere. Gurpegiren eta Javi Martinezen ekarpena ere ezinbestekoa izan zen.

Athleticek ondo egin zuen lana. Horretarako, zaleen babesa izan zuen. Jokalariek eta zaleek bat egiten dutenean San Mamesen sortzen den giroa ez sinestekoa da. Garaiezina dirudi Athleticek. Taldeak eta zaleek euren esku zegoena egin zuten. Aurkariak, berriz, berea egin ez zuelako lagundu zuen. Juanma Lilloren taldea negargarri aritu zen. Agerian geratu ziren gabezia guztiak. Taldearenak eta entrenatzailearenak. Neurketa guztian zehar gol aukera bakarra sortu zuen Almeriak. Goitomek izan zuen, baina suediarraren kontrol eskasak eta Iraizozen geldiketak ezerezean utzi zuten aukera. Horrela lortu zuen garaipena Athleticek. Presidenteak partida ostean egin zuen agerraldiak itsusitu zuen arratsalde perfektua. Epaileek Athleticekin duten jarrera salatu zuen Garcia Makuak. Zaleen babesa lortze aldera, lekuz kanpo egindako adierazpenak izan ziren.

San Josek huts penaltian

Orain artekoa atsedenaldi ostean gertatutakoa da. Lehen zatia normalagoa izan zen. Ohikoagoa. Athleticek lehen minututik erakutsi zuen nagusi zela. Neurketa hasieratik ezarri zuen gustuko duen erritmoa. Horri eskerrak penaltia izan zuen alde. Baina San Josek huts egin zuen. Akats hori Llorentek konpondu zuen bost minutu geroago. Aurrelariaren zortzigarren gola izan zen. Hortik aurrera kontrolpean izan zuen partida Athleticek. Velasco Carballok Koikili eta Castillo egotzi zituen arte. Ezker hegaleko biek ez zuten zorterik izan eurentzat garrantzitsua zen partidan. Biak ari baitira datorren sasoian Athleticen jarraitzeko borrokan.



Athletic 1

Almeria 0

Athletic. Iraizoz; Iraola, Ustaritz, San Jose, Koikili; Javi Martinez, Gurpegi; Susaeta (Gabilondo, 73. min.), Muniain (David Lopez, 85. min.), Igor Martinez (Castillo, 46. min.), eta Llorente.

Almeria. Diego Alves; Michel, Marcelo Silva (Piatti, 69. min.), Carlos Garcia, Jakobsen, Juanma Ortiz; M'Bami, Bernardello, Vargas (Corona, 69. min.); Goitom (Crusat, 69. min.) eta Ulloa.

Gola. 1-0. Llorentek (10. min.).

Epailea. Velasco Carballo. Txartel gorriak Athleticeko Koikili (45. min.) eta Castillori (68. min.). Txartel horiak Athleticeko Koikili (bi), Iraola eta Gurpegiri, eta Almeriako Juanma Ortiz, Vargas, Michel, Crusat eta Carlos Garciari.

Bestelakoak. 34.000 ikusle inguru San Mames futbol zelaian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.