Amaitu da, eta eskerrak. Osasunak liga irabazi zuela zirudien igande iluntzean Iruñean, baina arrakasta lortzetik urrun ibili da taldea. Mailari eustea, beste helbururik ezin dio jarri une honetan Osasunak bere buruari, eta, sailkapenari begiratuta, helburua lortu duela onartu beharra dago. Ibilbidea izan da, ordea, kezkagarriena. Eman dezakeenaren erdirik ere ez du eman taldeak une askotan, eta galdera gehiegi daude emandako maila apal horren atzean. Arlo askotan huts egin du zuzendaritzak, arlo askotan huts egin dute jokalariek, eta arlo askotan huts egin dute entrenatzaileek ere. Kasualitatetik gutxi du Osasunaren ibilbideak, eta, denboraldi bakarreko kontua soilik ez denez, erabaki irmoak hartu beharrean da kluba. Sailkapenak halakorik ez badio ere, 1999-2000 denboraldian Lehen Mailara igo zenetik, denboraldirik kaskarrena egin du Osasunak. Patxi Izko presidenteari dagokio hausnarketa sakona egitea, eta denbora dezente beharko du den-dena aztertzeko.
Izko eta Lorenzo
Joan den denboraldian ere azken jardunaldian eutsi zion Osasunak mailari, eta udan Jose Angel Zigandak aulkian jarraitu edo ez, zalantza ugari izan zuen zuzendaritzak. Azkenean baiezkoaren alde egin zuen klubak, baina nabarmena zen erabaki horretan ez zegoela konfiantza handirik. Juanjo Lorenzo kirol zuzendariaren iritziaren aurka, Patxi Izkok berak erabaki zuen seigarren jardunaldiaren ostean Zigandari kontratua etetea. Ordura arte presidentea ez zen kirol arloan sartzen, baina Ziganda kanporatu zutenetik isil-isilik dago Lorenzo; nabarmena da indarra galdu duela taldean -2003ko irailaren 30etik ari da lanean Osasunan-. Kritika asko entzun behar izan ditu: taldea desorekatua zela, atzerritar asko zeudela, jokalari asko teknikoak baina hotzak zirela... Kirol arloko erabaki asko hartu beharrean dago Osasuna, baina erabaki horiek nork hartuko dituen argitu beharko du aurretik. Presidenteak hartu behar baditu, alferrik dago Lorenzo bulegoan. Eta lan hori kirol zuzendariarena bada, azken hilabeteotan izan ez duen konfiantza izan beharko du Izkok Lorenzorengan.
Fitxaketak
2007ko udan dirutza handia jaso zuen klubak taldeko jokalaririk sonatuenetako batzuk salduta: Cuellar, David Lopez, Milosevic, Muñoz, Raul Garcia, Soldado, Valdo, Webo, Romeo, Juanlu... Ia 23 milioi euro jaso zituen Osasunak orduan, eta talde sendoa osatzen saiatu zen. Portillo, Pandiani, Dady, Plasil, Medina, Javi Garcia, Hugo Viana, Vela eta Margairaz. 13 milioi euroko gastua eginda indartu zen taldea, itxura batean itxuroso; baina oso fitxa altua zeukaten horietako batzuek. Mailari ozta-ozta eutsita, diru gehiago ez xahutzeko agindu zion joan den udan presidenteak Lorenzori, eta Soldado aurrelaria fitxatzeko atea itxi zion -jokalariak berak eskaini zuen bere burua-. Vadocz, Roversio, Roberto, Masud, Tiago Gomes, Sunny eta Ezquerro. Gastua bi milioi eurotik beherakoa izan zen, oso txikia, baina ordurako liskarretan zebiltzan Izko eta Lorenzo. Egiari zor, Roberto atezainak eta Masudek eman dute maila denboraldi honetan, eta, beraz, garbiketa handia egin beharko du taldeak. Horrez gain, egin beharreko fitxaketetan asmatu egin beharko du. 22 jokalari nahi ditu Camachok, eta lau fitxaketa egongo dira gutxienez -atezain bat beharko da, Ricardok Getafen jokatuko baitu datorren denboraldian-. Kontratua daukaten sei bat jokalarik utzi beharko dute taldea.
Jose Antonio Camacho
Izar gisa iritsi zen Iruñera, baina asko kosta zitzaion taldearen egitura ulertzea. Herrialde askotako jokalariak izan ditu Osasunak denboraldi honetan, eta entrenatzaileak ez du asmatu jokalari bakoitzari barruan zeukan guztia ateratzen. Ikusmin handia sortu zuen haren fitxaketak -lehenengo entrenamenduetan jendetza bildu zen Taxoaren-, baina Osasuna erabat jota ibili zen lehen itzulian. Lehen sei jardunaldietan lau puntu eskuratu zituzten gorritxoek Ziganda aulkian zegoenean, eta hurrengo 13 partidetan bederatzi lortu zituzten Camachorekin. Bi entrenatzaileen batez bestekoa ia berbera da; hutsaren hurrengoa. Camacho aulkian eseri eta lehen 13 jardunaldietan jaitsiera postuetan egon zen taldea, eta bigarren itzuli bikainari esker eutsi dio mailari. Gutxi-asko, milioi bat euroko soldata dauka espainiarrak, Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzailearen parekoa. Kemen handiko entrenatzailearen fama dauka, baina ez du jakin taldeari izaera gogor hori ematen. Hala ere, zuzendaritza gaur arratsaldean elkartuko da, eta baliteke gaur bertan edo bihar baieztatzea Camacho izango dela datorren denboraldirako entrenatzailea.
Lesioak
Asko eta larriak izan ditu Osasunak denboraldi honetan, eta gehienak, atzeko lerroan. Roversio erdiko atzelaria zen atzealderako fitxatutako jokalari nagusia, baina lesio larria izan zuen denboraldi hasieran. Natxo Monreal eta Oier Sanjurjo hegaleko jokalariak ere min hartu zuten ondoren, luzerako. Eta ezin da ahaztu Ludovic Delporteren kasua ere. Lesio bat ahazterako beste bat izan du frantziarrak, eta burua altxatu ezinik dabil. Oso jokalari gutxik ez dute izan lesioren bat edo beste denboraldian, eta horrek nabarmen mugatu du taldea partida askotan. Zorte txarrari begira egoten dira asko lesioak iristen direnean, baina ezin da kasualitatea izan hainbeste lesio batera izatea. Camacho iritsi zenetik itzalean geratu da Joshe Viela prestatzaile fisikoaren lana, eta, zalantzarik gabe, horrek eragin zuzena izan du ondorengo lesio amaigabeetan. Arlo hori ere bideratu beharko du klubak.
Gol falta
Recreativo (34) eta Numantzia (38) azken bi sailkatuek soilik sartu dituzte Osasunak baino gol gutxiago. Gorritxoek 41 gol besterik ez dute sartu 38 partidatan, baina 47 bakarrik sartu dizkiete -Bartzelonari (35) eta Sevillari (39) soilik sartu dizkiete gutxiago-. Oso ekarpen urria egin dute aurrelariek. Egia da Pandianik 11 gol sartu dituela, eta Nekunamek ere ekarpen ona egin duela (8). Baina oso-oso apala izan da gainerako aurrelarien lana. Dadyk eta Masudek hiruna gol sartu dituzte, Portillok eta Ezquerrok bakarra, eta Solak bakar bat ere ez. Camachok berak behin eta berriz esan du gola falta zaiola taldeari, eta datuek ez diote gezurrik. Aurreko denboraldian ez zen aurrelari petorik fitxatu. Hortxe dago beharhandietako bat.
Begiak irekitzeko garaia
Denboraldi honetan 21 jardunalditan egon da Osasuna Bigarren Mailara jaisteko postuetan, eta, nahiz eta azkenean mailari eutsi dion, hausnarketa sakona egin beharko du zuzendaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu