Iraizoz, De Marcos, Etxeita, Laporte... eta Aduriz. Athletic zaleek begiak itxita ere asmatuko lukete zuri-gorrien hamaikakoa. Historiako bolada on bakoitzak iltzatuta uzten du jokalarien zerrenda luzea, eta gaur egun ere antzeko zerbait gertatzen da San Mamesen. Denboraldi amaierako minutu pilaketa saihesteko hamaikakoetan aldaketak egin zaleak izaten dira entrenatzaileak, baina daukanarekin arnasa hartzea erabaki du Ernesto Valverdek. Bai Europako Ligan, eta bai Espainiako Ligan. Azken asteotan hamaikako jakin baten aldeko apustua egin du entrenatzaileak —Herrerin eta Iraizozen aldaketa salbu—, eta zoragarri erantzuten ari dira jokalariak: lan erdietan, lehen postuan kokatu dira Europako Ligan, eta lehen laurdena jokatuta, Europako postuetatik bi puntura daude ligan.
Lotsagabe zelairatu da Sporting, beldurrik gabe, eta Athletic estu hartzeko gai izan da lehen hogei minutuetan. Jony ezker hegaletik eta Halolovic eskuinetik, buruz burukoak bilatu eta bilatu ibili dira une oro, eta Etxeita eta Laporterekin lehia zoragarria izan du Guerrerok. 16. minutuan iritsi da bisitarien lehen abisu serioa, Guerrerok area ertzean Halilovici utzi dion baloian. Kroaziarrak oso gutxigatik bidali du jaurtiketa kanpora.
Beñat baloia mugitzen hastearekin batera bi pauso atzera eman ditu, ordea, Sportingek, eta denboraldi honetako jokorik onentsuena egin du Athleticek atsedenaldira bidean. De Marcosen erdiraketana, lehen gola sartzeko zorian egon da Aduriz burukada batean (19. min.), eta Laportek ere ez du urruti izan gola Beñatek ateratako korner batean. Baina Susaetak desorekatu du partida, baloia ukitu eta ukitu zelai erditik dotore jositako jokaldian. Aduriz, Beñat, Raul Garcia eta Williamsen jokaldi ederrean baloiari bultza egin, beste lanik ez du izan Susaetak.
Penaltia Williamsi
Zailena eginda zegoen, baina atsedenaldirako lanak amaitzea erabaki du Athleticek. Raul Garciaren burukadari erantzun ona eman dio Albertok 37. minutuan, baina Mascarellek penaltia egin dio jarraian Williamsi (41. min.). Adurizek lehen jaurtiketan huts egin badu ere, aldaratzean sareetara bidali du baloia (2-0). Sportingi batere aukerarik eman gabe, bigarren zatiari ere oldarkor ekin diote zuri-gorriek, Adurizen aukera on-onarekin. Donostiarrak zutoinera bidali du baloia, atezainari iskin egin ondoren, eta Beñatek ere ez du asmatu aldaratzean.
Etxeitak eta Raul Garciak kornerrean aukera on bana huts egin ondoren, Adurizek sartu du hirugarren gola, Beñaten opariari amaiera ona emanda. Mendi eta Loraren aukerak gorabehera, Erasoren jaurtiketarekin Athleticek gozatuz amaitu du partida.