Diesel autoaren moduan. Halaxe funtzionatu zuen atzo Aritz Beginok Iruñeko Labriten. Lehenengo sei-zazpi tantoetan kosta egin zitzaion motorra berotzea, eta txukun aritu zen, baina tantoak aurrera joan ahala seigarren abiada sartu eta ziztu bizian hasi zen, pilota behin eta berriz errebote aldera bidaliz. Bera izan zen laukoteko onena, eta egindako lanari esker, garaipena lortu zuen. Aimar Olaizola lagun, Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruizen aurka. Hala, irabazleek binakako txapelketako bigarren puntua lortu zuten, eta txapela janzteko hautagai sendoak direla erakutsi.
Jotzailea beti, baina galtzailea ere izan da Begino profesionaletan debuta egin zuenetik. Atzelari handia izateko dohainak beti izan ditu Auzakoak, eskuin kolpea sekulakoa baitu, baina behar baino huts gehiago egin izanak ez dio utzi garaipen garrantzitsuak lortzen. Urteak ez dira alferrik pasatzen, ordea, eta esperientziak gauza asko erakutsi dizkio. Horietako bat, segurtasuna. Pilota atzeko koadroetan jartzeaz gain, apenas egiten duen kalerik, eta asko jokatu beharra dago hari irabazteko. Sendotasun handia erakusten du. Ezkerrarekin ere inoiz baino hobeto moldatu zen atzo, eta konfiantza handia eman zion Olaizolari.
Goizuetakoa oraindik ere bere mailatik nahiko urrun dago. Egia da partidak jokatu heinean hobetzen ari dela, baina dezente falta zaio. Defentsan dauka, batik bat, hutsune nagusia. Freskotasunik gabe eta aurrean zulorik ezin aurkitu aritu zen Labriten; baina, hala ere, irabazi egin zuen, eta horrek zerbait esan nahi du. Oso pilotaria da, beti dago ongi kokatuta, eta hartzen dituen erabakiak zuzenak dira. Atzo, esaterako, aurrean pattal zebilela ikusita, atzera jotzen hasi zen, Ruiz noiz eroriko zain, eta asmatu egin zuen.
Bengoetxea VI.ak eta Ruizek ere ongi jokatu zuten; leitzarrak, batez ere. Sasoi onean dago, eta hori baliatu beharra daukate puntuak lortzeko. Ruizek 204 pilotakada jo zituen partida osoan, bere lagunak baino 60 gehiago, eta hori garesti ordaindu zuen. Ezinean ibili zen azken txanpan, nekatuta, akituta, eta gorriei erraztasunak eman zizkien. Bengoetxea VI.a saiatu zen handik eta hemendik laguntzen, baina ezin izan zuen. Irabazleek asmatu egin zuten taktikarekin, bien artean Ruiz behartu baitzuten, eta aukera zutenean bukatu. Olaizola II.a inspiratu egin zen, eta bi gantxo eder jo zituen. Guztira bederatzi tanto amaitu zituen aurrean, eta soilik hiru galdu.
Horren merituaren erdia, baina, Beginorena da, piloteoan nagusitu eta ahoko zuloan uzten baitio pilota lagunari. Olaizola II.ak loreak bota zizkion Auzakoari: «Beginorekin jokatzea ohorea da, gozatu egiten dut. Izugarri ematen dio pilotari; galdu, gutxi, eta errematatzeko aukera asko sortu. Bi partidetan bera izan da onena». Nabarmentzekoa da bikoteko erantzukizuna bere gain hartzen ari dela Begino. Konfiantzaz dagoen seinale.
Bengoetxea VI.ak eta Ruizek laugarren txapelketa dute elkarrekin aurtengoa, eta kantxan nabari da hori. Elkar ongi ulertzen dute, eta bikote ona osatzen. Labriten gehiago izan ziren aurkariak, baina erakutsi zuten eurei irabazteko lana gogotik egin beharko dutela aurkariek. Finalerdietara sartzeko hautagai sendoa da Asegarceko bikotea.
Xala-Barriolaren bigarrena
Xalak eta Barriolak lan handia eginda lortu zuten txapelketako bigarren puntua Gonzalez-Laskurainen kontra, herenegun, Donibane Lohizunen (22-18). Partida ona jokatu zuten lau pilotariek, orekatua, eta azken txanpan Xalak egindako hiru tanto erabakigarriak izan ziren. Jendetza bildu zen pilotalekuan.
Bestalde, Aritz Lasa-Merino II.ak eta Titin III.a-Pascualek 2. jardunaldiko azken norgehiagoka jokatuko dute gaur, Logroñon (17:00, ETB1). Lasak Irujo ordezkatuko du, hura eskuetako minez dagoelako, eta, beraz, faboritoak Titin III.a-Pascual izango dira.
Begino horrela badago, erne
Olaizola II.a-Beginok binakako txapelketako bigarren puntua lortu dute, Auzako atzelariak egindako lanari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu