Lehen itzulia oraindik ez da amaitu eta gaurko partida Osasunarentzat finala dela esatea gehiegizkoa da, baina argi dago hiru puntuak batzea ia derrigorrezkoa dela urtarrila jaisteko postuetan ez amaitzeko. Azken bost jardunaldietan ez du norgehiagokarik irabazi Osasunak. Etxetik at San Mamesen eta Sanchez Pizjuanen galdu du tarte honetan, eta Mestallan berdintzea lortu zuen. Etxeko azken bi partidetan ere kale egin du: Bartzelona liderra aise nagusitu zen (0-3), eta Zaragoza azken sailkatua puntu bat lortuta joan zen, 0-0. Etxetik kanpo ia urtebete egin dute gorritxoek partidarik irabazi gabe, baina etxean irabazitako partidei esker gabeziak estaltzea lortu du orain arte Osasunak.
Gaur arratsaldean hirugarrenez jarraian etxean ere kale eginez gero, ordea, alarmak piztuko dira. Jaisteko postuak lau puntura dituzte nafarrek oraindik, zorionez, baina gaur lehia irabazi beharra dute estutasunik ez izateko. Are gehiago hurrengo bi partidak etxetik at jokatu behar dituztela jakinda.
Getafe ez da aurkari samurra. Halere, 2011n jokaturiko bi partidak galdu ditu. Astelehenean Real Madril indartsuaren aurka amore eman zuen (2-3), eta osteguneanBetisek ezustean hartu zuen (1-3) eta Kopatik at utzi. Urtea ez duela ondo hasi argi dago. Baina ezin da ahaztu etxetik at jokatu dituen azken bi partidak irabazi dituela: Almerian, 2-0 galtzen hasi arren, 2-3 irabazi zuen, eta Sevillaren zelaian ere galtzen hasi zen, baina 1-3 irabazi zuen. «Kopatik at geratzeak ez die zalantzarik eragingo. Guk sortu behar dizkiegu zalantzak, lehendabiziko minututik. Getafe talde ona da, etxetik kanpo maldan gora jarritako partidak irabazi ditu behin baino gehiagotan eta 90 minutuetan lana gogotik egin beharko dugu irabazi ahal izateko», esan zuen atzo Camachok.
Jaisteko postuekiko lau punturen aldea izanagatik, azken bost jardunaldietan bi puntu besterik ez du lortu Osasunak. Camacho lasai agertu zen beste porrot batek jendearengan sor dezakeen urduritasunaz mintzatzean: «Hori ez dago nire esku. Beti bezala, irabaztera zelairatuko gara gu, eta akabo. Jendea urduri jartzen bada, harena izango da arazoa. Helburua zein den argi daukagu eta partidaz partida lan egin beharko dugu helburua lortzeko. Zelai guztietan eta partida guztietan irabazten saiatzen gara gu, eta, agian, horixe izango da gure arazorik handiena, baina nik hemen jarraitzen dudan bitartean ez dugu hori aldatuko».
Osasunaren hasierako hamaikakoan Camuñas eta Lolo sartuko dira. Camuñas ezker hegaleko erdilari lanetan jarrita, Damiak eskuin hegaleko atzelariaren postua berreskuratuko du, Nelson ezkerrera igaroarazi eta Oier aulkian utzi. Bestalde, Sorianok partida bateko zigorra bete beharko du, txartel pilaketaren ondorioz, eta haren postua Vadoczek hartuko du. Hala, euskarri bikoitzean Lolori utziko dio horrek tokia.
Juanfran, hasieratik
Azken hilabeteko sokari jarraituz, herenegun Atletico fitxatzear zela argitaratu zuten Espainiako hiriburuko hedabideek. Dena den, Juanfran Osasunakoa da momentuz, eta hasieratik ariko da gaur. Hargatik, joan den astean Juanfranek Osasunan jarraituko zuela sinetsita bazegoen ere, atzo zalantza gehiago erakutsi zituen Camachok: «Diru kontua da. Oraindik ere ez dut argi ikusten. Dena dela, ez dakit Osasunak eskatutakoa ordaintzeko modurik izango ote duen Atleticok. Joaten bada, merkatuak hala erabaki duelako izango da». Gaineratu zuen ez dakiela Juanfranek taldea uzten badu ordezkoren bat iritsiko den.
Behar dituen puntuak
Osasunak derrigorrezkoa du gaur Getafe menderatzea, azken bost jardunaldietan bi puntu bakarrik batu baitituGorritxoek etxetik kanpo jokatuko dituzte hurrengo partidak: Almerian eta Vila-realen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu