Golak: 0-1: De Marcosek (41.min); 1-1: Munirrek (84.min.).
Athleticek puntu baliotsua lortu du Bartzelonaren zelaian lanari eta zorteari esker. Lanaren fruitua lehen zatian jaso du, eta zorteak bigarren zatian lagundu dio. Vila-realen aurka 0-3 galdu ondoren moral bultzada behar zuten zuri-gorriek, eta Camp Noun aurkitu dute botika. Berdinketa honi esker Athleticek zazpi puntu ditu eta 14. da sailkapenean (partida bat gutxiagorekin).
Athleticek partida handia egin du Bartzelonan, lehen zatian batez ere. Etxetik kanpo irudi lehiakorra ematen du, eta horri eutsi dio. Ahalegin fisiko handiari esker estu hartu du Bartzelona, eta kontraerasoan aukera pare bat izan ditu. Horietako bat baliatu du De Marcosek 0-1ekoa sartzeko. Susaetak erdiraketa neurtua egin du area barrura, eta atzetik sartuta erremate gurutzatua egin du eskuin hegaleko atzelariak.
Athletic aurretik iritsi da atsedenaldira. Bigarren zatian Bartzelonaren oldarraldia espero zen, eta hala izan da. Hala ere, Busquets eta Messi aulkian egon diren bitartean ez du asko sufritu Berizzoren taldeak. Aldiz, bi horiek zelaira irten direnean etxekoek Simonen atea setiatu dute. Atezainak, beste behin, meritu handiko geldiketak egin ditu, eta baloiak pasa duenean egurren laguntza izan du. Bartzelonak jaurtiketa bana bidali du zutoin eta langara azken ordu erdian. Erantsia, baina, oso handia zen, eta azkenean atea zulatzea lortu du. Munirrek sartu du gola, Messiren jokaldia baliatuta. Azken txanpa sufrikarioa izan da Athleticentzat, baina emaitzari eutsi dio, hein handi batean Yerayren lanari esker.