Behar zuena eman dio badiak

Oriok Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi du, Donostian, sei urteren ondoren, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izanda

Igor Susaeta.
2008ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
31 aldiz irabazi du han jokatzen den bandera preziatua, eta, zergatik ez, Orioko trainerua Kontxako badiari mesedeak edo mesede txikiak eskatzen ibiltzeko moduan dago. Pasa den asteburuko emaitza kaskarren ondoren, Mirotza ontziak garaipena behar zuen atzo, Kontxako badian jokatutako Gipuzkoako Traineru Txapelketan; edo asebeteko zuen estropada bat egitea, behintzat. Ba, urte luzez gurtu duenez, han aritzen den bakoitzean bere onena ematen duenez, eskatutakoa edo behar zuena, behintzat, eman zion atzo badiak Oriori. Hartara, asteburuko emaitza txarrak atzean utzi, eta Oriok bere zortzigarren Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi zuen, sei urteren ondoren. San Pedro izan zen bigarren, lehen txandan arraun egin zuen Hondarribia hirugarren, eta Zumaia laugarren. Lau ontzi horiek hilaren 31n Lekeition jokatuko den Euskadiko Txapelketarako txartela lortu zuten.

Baina garaipena lortu zutenak, urrezko dominak kolkoratu zituztenak, Orioko arraunlariak. Kontxan askotan edo gehienetan madarikatua den aurreneko kaletik arraun egitea tokatu zitzaion, baina, esan bezala, badiak behar zuena eman zion Oriori. Izan ere, itsasoa barea antzean zegoen barruan; eta lehen kalea ez zen atzo, agian, arraunerako onena izango, baina txarrena ere ez.

Hartara,orain bi aste ez bezala, kaleen artean apenas egon zen alderik. Traineruen artean, berriz, Mirotza jaun eta jabe hasieratik bukaerara. Estropada onak eta txarrak tartekatzen ari da sasoia hasi zenetik, eta atzo onetako bat egin zuen. Lehen ziabogan berea zen denbora onena, eta nola San Pedro hala Zumaia hiru segundora. Zarautz iazko txapelduna, aldiz, nahiko atzean geratu zen hasiera-hasieratik.

Poparean ondo eutsi zion Libia-ak garaileari, baina hirugarren luzean beste bost segundo atera zizkion Oriok, eta hirugarren maniobran jada, zazpi segundokoa zen aldea. Hego haizea altxatu zen, baina argi zegoen Joxean Olaskoaga Aizperro-k entrenatutakoak nagusituko zirela. Eta halaxe izan zen. Marka ez zen, ez, sekulakoa izan, kanpoaldean itsasoa zikin antzean zegoelako, baina nahikoa, ordea, ondo irabazteko. Ondoko arraunlariek arraun egin zuten atzo Oriorekin. estriborretik Gorka Etxeberriak, Mujikak, Olaskoagak, Larreak, Ibon Exeberriak eta Unai Etxeberriak; ababorretik Albizu, Bentas, Aizperro, Gaztañazpi, Indo eta Peña aritu ziren. Redondo izan zen aurrekoa eta Irakoitz Etxeberria patroia.

San Pedroko arraunlariek ere merezi dute banderaren bat irabaztea, denboraldi bikaina egiten ari baitira; baina Zaragozan, Boiron eta Plentzian bezala, bigarren atzo. Egindakoa errematatzea falta zaie. Zumaiak, aldiz, estropada serioa eginda poltsikoratu zuen laugarren urtez jarraian Euskadikorako sailkatzea. Zarautzek, berriz, ezin izan zuen hobeto Hondarribiak lehen txandan -erlojuaren kontra, ia-ia- egindako denbora ona, eta Euskadikotik kanpo geratu da.

Zumaia-Getaria, baina larri

Emakumezkoen Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen atzo lehen aldiz, eta Zumaia-Getaria segundo eskas bat aterata nagusitu zitzaion Hondarribiari. Hasieratik nabarmendu ziren Javier Etxabek entrenatutakoak, baina larri irabazi zuten. Tolosaldea izan zen hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.