Hasteko, derbia. Portland San Antoniok eta Arratek indarrak neurtuko dituzte gaur NUPeko pabiloian (18:30), Asobal Ligako lehen jardunaldian. Garaipen batekin hasi nahiko dute bi taldeek sasoia. Portlandek etxean jokatuko du, eta, ondorioz, faborito da, baina Arratek badaki Iruñeko taldea ederki urduritzen, eta ez du etsiko.
Portlandentzat asko dago jokoan denboraldi honetan. Azken bi sasoietan esku-hutsik gelditu dira nafarrak, eta Portlanden gisako lehen mailako talde batentzat denbora gehiegi da hori. Iruindarrek, beraz, Asobal eta Txapeldunen Liga irabazteko helburu nagusiekin ekinen diote lanari.
Erakusteko asko du Portlandek; eta lortzeko. Txapelen zain daude Iruñeko zaleak. Gogoa behar bilakatu da. Denboraldi hau denek espero dituzten fruituak jasotzeko egokiena izanen ote den, ordea, ez dago argi. Aldaketaz betetako Portland baita oraingoa.
Entrenatzaile berriari. Jokalari berriei. Eta, batez ere, aurreko urteotako taldearen bizkarrezur izan diren hainbat jokalariren agurrari. Horri guztiari egin beharko dio aurre Portlandek. Francisco Javier Ekisoain Zupo-k entrenatzaile postua utzi ondoren, Javier Cabanas eseriko da aulkian. Ez du lan erraza izanen, Ekisoainen itzal luzea izanen baitu ondoan -kirol zuzendaria izango da-, eta ikusteko dago erabakitzeko zenbaterainoko ahalmena izanen duen.
Entrenatzaile berriari egokitu zaio talde berri bat egitea, Kasper, Lozano eta Rocas gabe erabat aldatu baita Portland. Hirurak Bartzelonara joan dira. Eta hirurak izan dira funtsezko jokalariak. Defentsaren ikur izan da Kasper Iruñean. Rocasen kalitatea, halaber, eredu bilakatu da. Lozano erabakigarria izan da, nahiz eta azken sasoian gutxi jokatu, neurri handi batean Ekisoainek bazter utzi zuelako joanen zela jakin eta gero.
Valver Matosevicek, Fernando Hernandezek eta Cristian Malmagrok sendotu dute Portland. Denboraldi-aurrean ez du lan txarra egin taldeak, baina oraingoa da serio aritzeko ordua. Carvajal eta Andorinho gabe hasiko da Portland, bi hegalekoak min hartuta baitaude.
ARRATE, BESTE URRATS BAT EGIN NAHIAN. Isil-isilik, pausoz pauso, horrela dabil Arrate orain lau urte Asobal Ligara itzuli zenetik. Lehen sasoian jauzia nabaritu zuen, eta azken jardunaldira arte sufritu zuen mailari eusteko. Ordutik, hala ere, gorako bidea besterik ez du ezagutu. Pixkana-pixkana ari zaio ahazten azken uneraino sufritzen egotea zer den. Zorioneko ahanztura.
Iragan denboraldian balentria lortzekotan izan zen: EHF Koparako sailkatzea. Azken partidan galdu zuen aukera. Granollersek kendu zion zazpigarren postua, azkenean Europarako txartela eman zuena. Pena izan zen, eibartarrek ondo merezia zutelako saria. Denboraldi bikaina egin zuten, onena azken 17 urteetan. Sasoi honetako helburua, beraz, argia da: koskarik ez jaistea, eta, ahal izanez gero, beste aurrerapauso bat ematea, aukeran Espainiako Koparako edo Europarako sailkatzea.
Arrateri ondo etorri zitzaion Liga amaitu baino askoz lehenago maila ziurtatzea, horri esker denbora gehiago izan baitzuen datorren denboraldiko taldea diseinatzeko. Kontratua amaitzen zitzaien jokalariak lotzea izan zen eibartarrek egin zuten lehen gauza. Hala, Malumbresekin, Kobinekin, Salaberriarekin eta Jurkiewiczekin akordioa lortu zuten. Ez, ordea, Davor Cuturarekin, serbiarrak Granollersekin sinatu baitzuen. Klubak, halaber, ez zien kontratua berritu Nunesi, Martinsi, Chelu Cidi, Jaitori, Panaderori eta Ganboari.
Taldean zeudenak lotu ostean, fitxaketen txanda izan zen: Sergio Berrios eskuin hegaleko espainiarra, Vladimir Matovic pibot serbiarra, Unai Arrieta ezker hegaleko elgoibartarra, Arkaitz Vargas ezker alboko irundarra, Novica Rudovic ezker alboko montenegroarra eta Bojan Stefanovic eskuin alboko serbiarra.
Denboraldi-aurreko emaitzak espero zirenak izan dira. Ciudad Realen, Portland San Antonioren, CAI Aragoiren eta Valladoliden aurka galdu du, eta Ademarri eta Logroñori irabazi die. Ademarren aurkakoa izan da eibartarrek egin duten partidarik onena. 34-25 irabazi zioten Espainiako taldeari Egiako torneoko finalean, erraz, dotore. Gaur antzeko zerbait egin nahi dute. Debrek jokalari guztiak ditu prest, Matovic izan ezik.
Beharra eta ilusioa
Portland San Antoniok eta Arratek gaur Iruñean jokatuko duten derbiarekin hasiko da Asobal Liga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu