Azkenaldiko hobekuntza berretsi nahi du Realak,eta lehen postuetan doazen taldeekin aldeak txikitu
xabier lopetegi
Donostia
Bizitzan dena da errazagoa tartean gozamena baldin badago. Baita futbolean ere. Sufritzen jakitea ezinbestekoa da, baina baita ondo pasatzea ere, eta hori falta izan zaio Realari azken bolada luzean: gozatzeko partidak edukitzea, garaipen erosoak lortzea. Malagaren aurkako partida ez zen erraza izan, baina denboraldi honetan aurreneko aldiz bi goleko aldeagatik irabazi eta partida bukaera lasaia izan zuen. Nahikoa izan da hori hainbeste gorabehera eta polemiken zamapean zegoen ilusioa pizteko, jarraitzaileek ere gozamenerako tarterik txikiena eskertzen dutelako. Hala ere, emaitzekin eutsi behar dio taldeak sugar horri, ahal dela gaur Sevilla Bri irabazita. Beharra eta plazera arituko dira aurrez aurre.
Izan ere, Sevillaren bigarren taldeak ezin hobeto daki zer den presio falta arma bihurtzea. Ez zaio eskatzen goian egotea, eta bereziki horregatik meritu handia dauka sailkapenean laugarrena izatea, zelai gainean gozatzea lasaikeriarekin nahastu beharrean, lehiakortasun handia erakutsi duelako. Realeko gazteen egoera oso desberdina da. Politikariei ehun eguneko epea ematen zaien bitartean, haietako askori ukatu egin diete zailtzeko eta futbolari bihurtzeko behar den zentzuzko denbora. Lehen Mailara igotzea ez den edozer gauza porrota da. Hori lortu ezean Reala desagertu egingo dela entzuten ari dira behin eta berriro, baina hori ez da euren errua. Iragan igandean, baina, aurrerapauso handia eman zuten Malaga mendean hartuta eta eszeptikoak konbentzitzen jarraitu nahiko dute.
Emaitza bolada ona harrapatzea da orain erronka. Lau partida gelditzen dira urtarrilaren 3a baino lehen, eta egun horretara goiko postuetan sartuta iristea albiste bikaina izango litzateke. Sailkapena estu-estu dago oraindik ere: bost puntura dago jaitsiera, eta zazpira igoera. Komeni da Sporting, Numantzia eta Malagaren trena ez galtzea, taula bitan hautsi baino lehen. Liga herena igaro da dagoeneko, eta ez da ikusi zeharo gailentzen den talderik baina hori pentsatuz lasaitzea ez litzateke onegia, Realak ere ez duelako aparteko mailarik erakutsi. Sendoago aritu da azken boladan baina hobekuntza horri ez dio behar beste etekinik atera.
Malagari irabazi zion hamaikakoari eutsi edo gehien erabili duena errepikatzea erabaki beharko du Colemanek, baina lesioek dezente baldintzatuko dituzte bere asmoak, Vaughan eta Skoubo ez ezik Gerardo eta Larrea ere min hartuta daudelako. Atzelariaren tokian Castillo arituko da eta Larrea ordezkatzeko Malagaren aurka erabilitako formula errepikatuko du, ziurrenik: Prieto arituko da erdian Estrada eta Aranbururekin batera. Defentsaren erdian eta euskarrian dago zalantza. Mikel Gonzalez eta Ansotegi ondo aritu ziren Malagaren aurka, baina Labaka zein Victor Lopez jokatzeko moduan daude eta eurengan konfiantza erakutsi du beti Colemanek. Litekeena da, nolanahi ere, Gonzalezek titular jarraitzea. Euskarrian, berriz, Markel, Garitano eta Elustondo daude bi postutarako.
Joan den sasoiko kontuak eta egungo aurrekontuak onartu dituzte akziodunek
ERREDAKZIOADonostia
Azkena ekainean egin zenaren aldean lasaia izan atzo Donostiako belodromoan egin zen Akziodunen Batzarra, nahiz eta ez zen falta izan jarrera kritikorik, txistu hotsik eta modu txarrean esandakorik, batik bat, batzarraren azken laurdenean. 19:00etan hasi zen batzarra, eta 22:00etan amaitu zen lehen bozketa eta 23:20etan batzarra bera. Izan ziren eztabaida, hausnarketa eta kritikez haratago, bozketako emaitzak aintzat hartuta, joan den denboraldiko kontuak onartu zituzten atzo belodromoan izan ziren akziodunek (%71ak), eta egungo aurrekontuei ere baietza eman zieten (%62ak), nahiz eta hori ez den batere datu argigarria, aurrekontu benetakoak urtarrilaren 3ko hauteskundeen ostean taldearen gidaritza hartzen duen zuzendaritza batzordeak osatu beharko dituelako. 1.004 bazkide izan ziren atzo Belodromoan, 1.857 akziodun ordezkatuz. Akziodun guztien %42a zuzendaritza batzordeak jakinarazi zuenez.
Batasunaren aldekoa izan zen atzo Juan Larzabal presidenteak emandako mezua. Harrobiaren eta akzioen atomizazioaren aldeko apustua berretsi zuen eta kanpoko auditoriarik ez dela behar nabarmendu zuen berriro ere. Realaren egoera ekonomikoa «delikatua» dela argitu zuen, «baina ez kritikoa». 18,5 milioi euroko zorra du.
Akziodun askok zuzendaritzak ukatzen duen kanpoko auditoria horren beharra nabarmendu zuten Realaren benetako egoera ekonomikoaz jabetzeko, orain arteko zuzendaritza batzordearen jardun kaskarra kritikatu zuten, eta egoeraren larriaz ohartarazi, taldea Lehen Mailara igo ezean desagertzeko arriskuan egon litekela nabarmenduz. Miguel Fuentes eta Maria De la Peña azken presidenteak jendartean izan ziren atzo, eta Iñaki Badiola urtarrilaren 3ko hauteskundeetarako orain arteko hautagai bakarra ere bai. Hartu zuen azken horrek ere hitza, lasaitasuna eta batasuna eskatzeko, eta zera argitzeko: ez daukala Realeko akzioen %35a erosteko asmorik.