Beharraren bultzada

Euskara eskolak hartzen ari dira David Doblas eta Ricardo Uriz Lagun Aroko jokalariak. Irakasletza bukatzeko bata, emaztearekin eta seme jaio berriarekin mintzatzeko bestea.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Jaurtiketa saio luzea egin du David Doblasek (Santander, Espainia, 1981), kazetarien jakin-mina ase eta Pablo Laso entrenatzailearen aginduak bete aurretik. Landu beharreko alorra du, bere jarduna hobetzen jarraitu nahi badu. Ricardo Uriz kideak ez du jaurtiketarik egiteko astirik eduki (Iruñea, 1980). Gainera etorri zaizkio kazetariak, partida bikaina jokatu zuelako igandean Valladoliden aurka. Egin beharreko lanak dira bientzat, baina aurten beste betebehar bat sortu zaio bikoteari: euskara ikasten saiatzea.

Doblasek zazpigarren urtea du Donostian dagoeneko, eta Gasteizen ere beste pare bat egin zuen gazte garaian, Baskoniako harrobian. Ondo ezagutzen du Euskal Herria, baina ikasketek bultzatu dute euskara ikastera: «Irakasletza ikasten ari naiz, eta euskara eta praktikak bakarrik falta zaizkit lizentziaduna izateko. Jakina, ikasten ez badut, ez dut titulurik lortuko». Bestelakoak dira Urizen beharrak. Haren emaztea euskalduna da, eta normalean, Aimar orain dela bi aste jaio zen haurra ere hala izango da: «Gipuzkoan bizi naiz, Ainara eta semea euskaldunak dira eta senitarteko asko ere bai. Elkarrizketa askotan galduta ikusten dut neure burua, eta erremedioa jarri nahi diot horri. Aimar jaio izanak eman dit azken bultzadatxoa».

Bi orduko eskolak hartzen dituzte astero: «Lanak uzten digun tartea ez da handia. Astearte eta ostegunetan etortzen gara Legazpi 6 euskaltegira, 20:00etan, lan saioa bukatuta. Etxera joateko gogoa dugu ordu horretan, bi entrenamendu saio egin ostean, baina gustura etortzen gara eskolara», dio Doblasek. Biak lehen urratsean daude, baina gaur-gaurkoz zaila da jakitea nor moldatzen den hobeto: «Ritxik gehixeago dakiela esango nuke», dio Doblasek, eta nafarrak azalpena eman: «Davidek eskolan bakarrik du euskara hitz egin edo entzuteko aukera. Emazteak euskaraz hitz egiten dit batzuetan, eta nik zalantzak argitzeko eskatzen diot. Informazio gehiago jasotzen dudala esan genezake».

Doblas praktikak egiten hasi da Donostiako La Salle ikastetxean, eta han ere saiatzen da euskaraz mintzatzen. Beste iturri bat ere erabiltzen du: «Euskadi Gaztea entzuten dut beti. Han mezu laburrak, argiak ematen dituzte, eta gero eta gehiago ulertzen diet. Ez da albistegi bat bezain zaila, eta antzeko hitzak erabiltzen dituzte sarri».

Lana gogor egin eta eskolara joateko irrika edukitzea irakasle eta ikaskideen meritua omen. «Oihana da irakaslea, eta oso klase dinamikoa da, erakargarria. Ez da batere aspergarria, eta eskertzekoa da benetan», dio Urizek. «Hobekuntza egunez egun ikusten da, gainera. Lehen urratsean gaude, baina ez uste bat, bi, hiru, lau eta horrelakoak bakarrik ikasten ditugunik. Singularra eta plurala, nor-nori-nork aditzak, iragankorrak eta iragangaitzak, oinarrizko galderak... kontu asko lantzen ditugu, eta ni oso pozik nago». Irakasleari koipe pixka bat emateko aukera baliatu dute biek: «Irakasle ona dugu. Barrez lehertzen aritzen gara sarri, eta horren meritua irakaslearena da. Badaki hasi berriak garela, eskolak arina izan behar duela, eta meritu handia du».

Ezezagunak ikaskideentzat

Uriz ez da asko nabarmentzen (1,88 metro da luzean), baina Doblas morrosko handi samarra da: 2,06 metro luzean eta 112 kilo. Klasean ez omen zituzten ezagutu: «Normala ere bada», dio Urizek: «Jende gaztea joaten da klasera, kanpoko jendea askotan, eta gu ere ez gara ezagunak jende guztiarentzat. Realekoak izango bagina, akaso bai, baina saskibaloi jokalariak gara...». Klase batean bakoitzak bere lanbidea zein zen azaldu behar izan zuen, eta orduan jabetu ziren ikaskideak zein ziren Uriz eta Doblas.

Astero bi orduko jarduna egiten dute, eta ez dira ausartzen luzera begirako aurreikuspenik egitera. «Ikaskideek lau ordu hartzen dituzte astero; guk, bi. Eta gabezia hori geure kontu konpontzen saiatu behar dugu. Hizkuntza zaila da, eta urratsetan gora egin baino, nahiago dut gutxieneko maila bat lortu eta elkarrizketa batzuk izateko gai izan, txikiak badira ere». Doblasena da hausnarketa. Bere ama hizkuntza gaztelania dela onartzen du, eta hizkuntza horretan euskaraz baino hobeto moldatuko dela beti. «Baina batak ez du bestea kentzen. Urte asko daramatzat hemen, eta etorkizunean irakasle jardunean aritu nahi badut, euskara ikasi beharko dut, nahi eta nahi ez».

Antzeko asmoa dauka Urizek ere. «Aimar ikastolara joango da urte pare bat barru, eta berarekin eta emaztearekin euskaraz hitz egiteko gai izatea lortuko banu, konforme». Joko antolatzaileak aukera-aukeran utzi dio galdera kazetariari: «Eta Berriarentzako elkarrizketa euskaraz noizko?». «Ekainean bukatuko zait kontratua, eta ez dakit Donostian jarraituko dudan edo ez», erantzun du, ironiarekin. Doblasek 2012ko ekaina arte du kontratua, eta bi urte barru elkarrizketa euskaraz egiteko erronka jarriko omen dio bere buruari. Ordurako hamarkada betea egingo dute ia-ia biek, eta Donostian beste hainbeste egiteko itxaropenarekin. Euskara ahotan dutela.



Adierazpenik ez Espainiako Kopa jokatzeko aukeraz

Lagun Aroren liga hasiera bikainak prentsaren erasoa ekarri du Donostiara. Etengabeak dira handik eta hemendik iristen diren elkarrizketa eskaerak, eta dagoeneko ezusteko handiena ematen ari den taldearen goitizena jarri diete gipuzkoarrei. Jokalariek egunerokoan murgilduta egin nahi diote aurre egoera horri, eta Kopari buruz galdetuta, serio jartzen da Doblas: «Ez dut hitz bakar bat ere esango Kopari buruz, ez behintzat 17. jardunaldia jokatu arte». Zergatia, honatx: «Joan den otsailean Kopa jokatzeko zorian egon ginen, eta presio horrek kalte handia egin zigun». Erabat ados dago Uriz: «Real Madril bakarrik daukagu buruan, ez besterik». Eta Madrilen irabazten badute, zer? «Ospakizunik ez». Doblasena azken oharra: «Ezin zara talde handiekin fio. Bartzelonak galdu egin zuen CAIren aurka, eta gero Menorcari 40 punturen aldeaz irabazi zion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.