Beharraren derbia

Osasunak eta Athleticek premiazkoa dute gaurko derbia irabaztea Bigarren Mailaren mamua pixka bat urrundu ahal izateko

Asier Legarda-Ereño. Haritz Gallastegi. Iruñea. Bilbo
2009ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bilbon eta Iruñean giroa berotu nahian ibili dira aste honetan kirol kazetari ugari, eta iragar daiteke derbi gogorra eta beroa izango dela gaur arratsaldean Nafarroako Erresuman. Bi taldeetako jokalariek gehiegi hitz egin dute Nafarroako Erresuman sortzen den giroaz eta zaleen portaeraz. Baina bai Athleticekoek eta bai Osasunako jokalariek badakite jokoan diren puntuak biltzeak duela benetako garrantzia. Osasuna behetik gora dator, baina postu arriskutsuetatik gertuegi dago oraindik. Athleticek bi puntu gehiago ditu, baina bizkaitarrek ere nahikoa lan dute azken boladan Ligan, eta ez dute burua Espainiako Kopako finalean.

Ez zegoen partida berotu beharrik, gaur galtzen duenak amildegia oso gertu ikusiko baitu. Partida gogorra izango da bi taldeentzat, beharraren euskal derbia: Bigarren Mailara jaitsi nahi ez duten bi talderen arteko borroka latza. Bigarren jardunaldiaz geroztik, Athleticen atzetik izan da Osasuna sailkapenean, baina, gaur irabaziz gero, aurretik jarriko da; horixe da nafarren helburua. Dena dela, horretarako, hiru partida jarraian irabazi beharko dituzte denboraldi honetan lehendabiziko aldiz. Espanyol etxean eta Atletico Madril etxetik at menderatu ostean, Athleticen ordua da orain. Baina, sasoi honetan, hiru aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeok, eta Osasunak ez du Athletic mendean hartu.

Bilbotarrek aise menderatu zuten Osasuna San Mameseko bi partidetan, bai Ligan eta bai Kopan. Nafarroako Erresuman jokatutako Kopako partidan, Osasuna nagusi izan zen jokoan, eta esku-eskura izan zuen garaipena, baina, luzapeneko minutuetan, Fernando Llorentek gola sartu eta berdindu egin zuen. «Gaur egungo Osasunak ez du zerikusirik ordukoarekin», esan du aste honetan Osasunako atzelari Sergiok. Baina, badaezpada, partida haietan gaizki egindakoa gogoan izatea hobe dute gorritxoek.

Natxo Monrealek eta Jaroslav Plasilek garaiz jaso dute senda-agiria, eta, horri esker, iragan asteburuan Vicente Calderonen 2-4 gailendu zen taldearen aldeko apustuari eutsiko dio Camachok.Patxi Puñal eta Miguel Flaño jada jokatzeko moduan badaude ere, Vadoczek eta Josetxok jarraituko dute euren postuetan.

Velez eta David Lopez gabe

Athleticek, berriz, salbaziorako beste urrats bat egitea du xede. Ez litzateke erabakigarria izango, baina bai oso garrantzitsua. Dena dela, ezin daiteke esan zuri-gorrien inguruan ilusio eta itxaropen handirik dagoenik. Salbuespenak salbuespen, jokalari gehienek ere puntu batekin konformatzen direla adierazi dute. Egiari zor, ez litzateke sari txarra izango. Etxetik kanpo ez baita erraza izaten puntuak irabaztea. Are eta gaitzagoa izaten da derbietan. Gainera, aurkari zuzen baten aurka ez galtzeak baditu bestelako sariak: puntu bat irabazteaz gain, Osasunak atzetik jarraituko luke eta golen aldea ere zuri-gorrien aldekoa izango litzateke. Hala ere, ez da atzetik dagoen talde baten aurka izan behar den mentalitatea. Ez luke izan beharko, behintzat.

Baina Athletic ez da batuta jokatzen ari. Eta zuri-gorriek lanerako gogoa eta elkarri laguntzeko borondatea erakusten ez dutenean, behera egiten dute nabarmen. Batasuna da Athleticen arrakastaren giltza. Zelai barruan eta kanpoan. Egun badago, baina oraindik gehiago egon behar du urtarrilean erakutsi zuen jokoa berreskuratzeko. Athleticek erakutsi baitu gauzak ondo egiteko gaitasuna daukala.

Gaur aukera ona dute lehengo bidera bueltatzeko. Baina zelaian talde itxura ematen ez duenak nekez irabaziko ditu mailari eusteko behar dituen puntuak. Batasuna, kontzentrazioa eta lanerako gogoa uztartuz gero izango du irabazteko aukera. Hala ere, Caparrosek sumatuko du Ion Velez eta David Lopez falta direla. Ahalegindu diren arren, ez dira osatu. Velezen lanerako gaitasuna eta azkartasuna garrantzitsuak izan zitezkeen zuloak aurkitzeko. David Lopez, berriz, maisua da baloairen jabetzari eusten eta kornerrak eta faltak ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.