MENDIA

Behe kanpamentuan da Alex Txikon

Ostiralean, bertan behera utzi zuen Nanga Parbat igotzeko saioa.

Alex Txikon eta harekin Nanga Parbatera joandako taldea, babesean.
2015eko martxoaren 14a
15:50
Entzun

Laugarren kanpalekuan zeuden Alex Txikon, Daniele Nardi eta Ali Sadpara, eta behe kanpalekurako bidea egin dute. Jaitsiera, baina, ez dute lasaia izan. Mendiko gaitzaren ageriko sintoma larriak ditu eskalatzaile pakistandarrak: buruko minez dago, eta zorabioak ere izan ditu, baina kontrolpean dute egoera.

Txikonek 08:30ean ohartarazi du egoeraz, jaisten hasi aurretik: "Arazoak ditugu. Ali lehenbailehen jaitsi behar dugu; beherago joan beharra daukagu. Ez du ondo ahoskatzen; zentzugabekeriak esaten ari da, eta ez da gai gorputza koordinatzeko; seinale txarra da".

Arratsaldeko ordu biak aldera, Txikonek berriro ere hitz egin du behe kanpalekuarekin, eta hirurak jadanik bigarren kanpalekuan zeudela esan (6.700 m).  Bigarren kanpalekuan atseden pixka bat hartu ostean, lehenengo kanpalekuraino (5.050 m) azken esfortzua egiteko gai ikusi dute Ali, eta, beraz, korridorean behera abiatu dira.

Handik, gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago eman ditu Txikonek: "Egia da oso nekatuta antzeman genuela atzo, baina benetan gaur goizean jabetu gara larritasunaz; eskularruaren ordez galtzerdia janzten ikusi dugu, eta alderantziz. Bere adinaz eta seme-alabez galdetu diogu, eta erantzuna erabat zentzugabea izan da. Gauez ere zarata arraroak egiten entzun dut, baina ez dut horrelako ezerekin lotu inondik inora".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.