Harrobiko lanaren emaitza da Xabier Artetxe. «11 urte igaro nituen afizionatu mailan zuzendari lanetan: bost urte Olarra taldean, eta beste sei Seguros Bilbaon». Esperientzia eta formakuntza deitzen zaio horri. «Txirrindulari gisa ere ibili nintzen afizionatu mailan, eta esan daiteke kasualitatez heldu zitzaidala zuzendari izateko aukera». Olarra taldeak eman zion aukera hori. «Taldeko teknikari izateko eskaintza egin zidaten, eta urtetik urtera gauzak ikasiz joan naiz». Gorako pauso horien jarraipen gisa, joan den abenduan deitu zioten Caja Ruraletik. «Kirol zuzendari izateko prest ote nengoen galdetu zidaten». Eta ez zuen zalantzarik izan. «Azken 11 urteotan egindako lanaren fruitua da azkenean».
Kontinental Profesional mailan dago Caja Rural, ez dago World Tourrean. «Baina, batean eta bestean, kirol zuzendariaren lana antzekoa dela esango nuke. Txirrindularien ardura zeurea da, lasterketako mugimenduena ere bai, lasterketetatik kanpoko lanak ere egin behar izaten dira…». Artetxeren ustez, auto barruan sartuta alde txikia dago talde profesional batetik bestera. Baina pare bat segundoan pentsatzen geratu ondoren, hausnarketa polita egin du segidan. «World Tourreko taldeetako zuzendariek ardura handiagoa daukate neurri batean, aurrekontua ere handiagoa delako. Baina, egitura askoz zabalagoa denez, zuzendariaren lana autoa gidatzera mugatzeko arriskua dago».
Caja Ruraletik koska bat gora egiteak erabakiak hartzeko askatasuna mugatzea esan nahiko balu, bizkaitarrak argi dauka nahiago lukeela orain dagoen lekuan geratzea. «Horretarako hobeto nago bai Caja Ruralen, edo bai afizionatu mailan». Artetxek ez daki etorkizunean non ibiliko den. «Baina helburua ez da aurrekontu handiko talderen batera joatea. Lan egiten uzten didan talde batean egon nahi dut. Lan egiteko modu bat, txirrindularitza ulertzeko modu bat daukat, eta gustura sentituko naiz hori gauzatu dezakedan neurrian».
Gezurra badirudi ere, 32 urte dauzka larrabetzuarrak, tropeleko txirrindulari askok baino gutxiago. Taldean dauka adibiderik argiena, Iñigo Cuesta bera baino hamar urte zaharragoa baita. Arazorik sortu ote dio ezaugarri horrek? «Ez, ez. Lehenengo egunetik argi utzi behar dira mugak, argi azaldu behar da bakoitzaren esparrua zein den. Mugarriak ondo finkatu behar dira». Baina Cuestaren kasuan, bereziki erraza izan da errespetu hori lortzea. «Iñigok [Cuesta] argi dauka zein den bere lana eta zein zuzendariarena, eta ez dauka mugarrien beharrik. Errespetu handiz tratatzen ditu ingurukoak, eta asko ikasten ari naiz berarekin. Segurtasun handia ematen digu bai zuzendarioi eta bai taldekideei».
Erorketekin, tentsioa
Zuzendari guztien autoen gisan, aparatuz eta trastez josita dauka Artetxek Caja Ruraleko auto barrua. Gainerakoen berdina da egitura guztia: Itzuliko irratia, telebista txiki bat, txirrindulariekin komunikazioa izateko irratitxoa, Itzuliko liburuxka, mapak… Baina, zuzendari batek igaro dezakeen momenturik okerrena zein den galdetuta, gutxitan entzuten den erantzun horietakoa bota du: «Unerik gogorrena zein den? Itzuliko irratitik zure taldeko txirrindulari bat erori dela jakinarazi eta harengana iristen zaren arte igarotzen diren segundo edo minutu horiek». Horren parean jarri du, noski, txirrindulariren bati hurrengo denboraldian taldean lekurik ez daukala esateko momentua ere. «Baina, zuzendariaren lanaren barruan dago erabaki horiek hartu beharra ere».
Zuzendari lana «nekagarria» dela onartu du. «Tentsio handia izaten dugu, eta egun asko pasatzen ditugu etxetik kanpo. Baina asko gustatzen zait lan hau, horretarako egin baititut egin ditudan ikasketak —SHEE Soin Hezkuntzako ikasketak egin zituen, eta baita Kirol Errendimendu Altuko master bat ere—». Gustura omen zebilen afizionatu mailan, pedalei eraginez; gustura afizionatu mailan, auto barrutik aginduak emanez; eta zoratzen omen dabil orain Caja Ruralen, gustatzen zaiona eginez. «Bigarren familia baten parekoa da talde hau. Zorionez oso giro ona daukagu, eta horrek estaltzen ditu eguneroko ezinak».
Zuzendari zintzo, langile, kalkulatzaile eta finaren fama dauka tropelean, eta jarrera horrekin ari da lanean aurten Itzulian. «Egunero presentzia izaten saiatu behar dugu, babeslearen izena toki guztietan agertzeko, eta Itzuliko antolatzaileei gonbidatu izanagatik eskerrak emateko». Baina sailkapen nagusiari ere begiratu nahi dio. «Jose Herrada eta Javi Moreno nahiko aurrean kokatuta daude, eta lehen hamabosten artean sartzeko itxaropena daukagu. World Tourreko talde erraldoien ondoan, guretzat handia litzateke emaitza hori».
Euskal Herriko Itzulia. Auto barrutik. Xabier Artetxe
Beherago ere goza daiteke
Behe-behetik lanean hasita iritsi da Caja Ruraleko kirol zuzendari kargura. 32 urte besterik ez ditu, baina errespetua diote. Gorago begira jarri gabe, lan egiten uzten dioten taldeetan segitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu