Beherantz zuzenean

Baionak itxura txarra emanda galdu du Perpinyan (47-9), eta oso zail du Lehen Mailan jarraitzea

Cedric Heymans Baionakoa, baloia babesten, Perpinyaren aurkako lehen itzuliko partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Jipoia, astindua, porrota, desastrea... Izenak aukeran daude atzo Baionak izan zuen umiliazioa deskribatzeko. Emaitzak dena dio: 47 Perpinyarentzat, 9 Baionarentzat. Sailkapeneko egoerak ere bai. Baionak Perpinya eta, bide batez, salbazioa sei puntura dauzka. Brive eta Miarritze, berriz, zortzi puntura. Top14ko fase erregularra bukatzeko lau partida falta direlarik, lapurtarren aurkari zuzen guztiek bi aldiz galdu beharko dute, eta Baionak bere partida guztiak irabazi. Ez dago gezurrik erran beharrik, Baionak zango eta hiru laurden sartuakditu Bigarren Mailan.

Penatzekoa ala poztekoa ote da albistea? Erantzuna ez dago hain garbi, atzo ikusitakoaren arabera. Horra talde bat ia bere bizia jokoan duena eta lehen minutuan entsegu bat jasotzen duena. Horra talde bat atsedenaldira defentsako puntuarekin doana eta bigarren zatian 31-0eko partzial sinesgaitz bat jasotzen duena. Horiek ez dira Top14an jarraitzeko merezimenduak.

Zelaian ikusitakoak, Top14an ezinean ibiltzera ez, Bigarren Mailan bere moduko aurkariekin aritzera gonbidatzen du. Urrearen prezioan ordainduak diren senatariak, Perpinyak bi pase egin eta gero oxigeno eske; uztartzeetan bultza egin ordez, hegalean ekilibrista egin nahian Tialata; baloiaren bila joan ordez, zerura begira Phlips...Esperantzarako ez, depresiorako argazkiak eskaini zituen Baionak atzo.

Bi asteren buruan izango den euskal derbia Lehen Mailan gelditzeko bi talderen arteko borroka izan behar zen. Horren ordez, azken lau partidak irabazi dituen talde baten (Miarritze) eta Bigarren Mailari begira dagoen beste baten (Baiona) arteko ikuskizun bat izango da. Taldeko marketin zerbitzua pozik dago, derbiko txartel guztiak saldu direlako. Baionako zaleak, berriz, burumakur eta haserre joan ziren atzo etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.