Behin betiko agurra

21 urte eta zazpi tituluren ostean, Michael Schumacherrek sasoi amaieran agur esango dio 1 Formulari

Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Agur esateko unea iritsi da». Taldeari eskerrak emanez eta geratzen diren sei lasterketetaz disfrutatzeko helburuarekin, Michael Schumacherrek agur esan dio 1 Formulari. Bigarren aldia da txapeldun handiak bere erretiroaren berri ematen duena. Izan ere, 2006. urtean ere autotik jaisteko erabakia hartu zuen. Hala ere, argi utzi nahi izan du hartu berri duen erabakiak ez duela atzera bueltarik: «2006. urtean agur esan nuenean, pilakhustuta nituen; oraingoan, motibazioa galdu dut. Neure burua %100ean ikusten ez badut, ez naiz jarraitzearen aldekoa».

Askorentzat, aurretik zetorren erabakia izan da alemaniarrarena. Joan den ostiralean, Mercedes taldeak Lewis Hamilton pilotu britainiarra fitxatuko zuela iragarri zuen, eta askok Schumacherren postua kolokan ikusten zuten. Hamiltonek ere etorkizuna argituko zuen adierazpenak egin zituen: «Ez naiz Michaelen ordezkoa, eta inork ezingo du bera ordezkatu; izar bat da».

Alemaniarraren 43 urteek eta azken bi urte hauetan izan dituen emaitzek ere ez dute batere lagundu 1 Formulan jarraitu zezan. Izan ere, bigarren gaztaro honetan lortu dituen emaitzarik onenak iazko bi laugarren postu eta aurten Valentziako Sari Nagusian lorturiko hirugarren postuak izan dira.

Askoren arabera, Schumacherrek akatsa egin zuen lasterketetara itzultzeko erabakia hartu zuenean. «Ez al du nahikoa irabazi?», galdetzen zuten askok. Dena irabazita zuen, bai, eta 41 urterekin elitera itzultzea gehiegikeria ez ote zen sumatu zuten. Eginiko adierazpenetan ere, azken bi urteotan eginiko lanaren balorazio txarra egin du Schumacherrek: «Ez ditugu gure helburuak bete,eta ez dugu txapelketan borrokatuko litzatekeen autoa egin». Bi urte geroago, behin betiko erretiratzeko erabakia hartu du.

1991. urtean hasi zuen bere ibilbidea Michael Schumacherrek 1 Formulan, Jordan taldearekin, hain zuzen ere. Hala ere, Flavio Briatorek fitxatu zuenean iritsi ziren lehen garaipenak. 1992. urtean Benetton taldearekin fitxatu zuen, eta lehen bi denboraldietan emaitza onak izan ostean, 1994 eta 1995eko txapelketak irabazi zituen.

Bi aldiz Munduko Txapelketa lortu eta gero, garaiko edozein piloturen ametsa bete zuen: Ferrari taldeak fitxatu eta garaipenez beteriko ibilbidea hasi zuen. 2000-2004 urte bitartean, Schumacher bilakatu zen errepideetako errege. Italiarrekin jarraian lorturiko Munduko lau txapelketek eta lau urte horietan lorturiko 48 garaipenek baieztatu egin zuten askoren ahotan zebilena: historiako piloturik onenaren aurrean zegoen mundua.

Txapeldun polemikoa

Zazpi aldiz izan da Munduko Txapeldun alemaniarra, baina polemikatik gertu bizi izan da beti. Ezaguna da 2002. urtean Austriako Sari Nagusian gertaturikoa. Azken itzulian Ferrari taldeak Rubens Barrichello g eldiarazi zuen, Schumacherrek garaipena eskura zezan.

2010. denboraldian ere bi pilotuak izan ziren protagonista, Hungarian. Lasterketa amaieran, Rubens Barrichellok «ero» deitu zion helmugako zuzengunean, alemaniarrak brasildarraren autoari bidea itxi ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.