Zalantzaren bat zeukanarentzat, kolpe harrigarria eman du Vincenzo Nibalik (Astana) Italiako Giroko 18. etapan, 20,6 kilometroko kronoigoeran. Denbora askoan Samuel Sanchezena (Euskaltel) izan da denborarik onena helmugan (45.27), baina Vincenzo Nibali (Astana) iritsi arteko poza izan du espainiarrak. Tarteko erreferentzian jada, 9,5. kilometroan, 39 segundo atera dizkio italiarrak Sanchezi —32 segundora zihoan une horretan Michele Scarponi (Lampre)—, eta aldea handitu besterik ez du egin hortik helmugara bidean. Etapan 58 segundo atera dizkio Samuel Sanchezi, 1.20 minutu Damiano Carusori (Cannondale), 1.21 Scarponiri, 1.25 Rafal Majkari (Saxo), 1.26 Rigoberto Urani (Sky), 1.32 Carlos Alberto Betancurri (Ag2r)... Horiengandik oso atzera ibili dira Cadel Evans bigarren sailkatua (BMC), etapan 2.36 galduta, eta Mauro Santambrogio (Vini), 2.33ra.
Sailkapen nagusian Nibalik ikaragarri handitu ditu aldeak, une honetan 4.02ra dagoelako bigarren sailkatua, Evans. Uran 4.12ra geratu da, eta Scarponi 5.14ra. Beñat Intxaustik (Movistar) ez du saio onik egin gaurko kronoigoeran, Nibalirekiko 2.49 galduta, eta sailkapen nagusian bederatzigarren postuari eutsi arren, 8.36ra dago orain muxikarra. 10. posturaino igo da, berriz, Samuel Sanchez. 9.34ra dago espainiarra. Eguraldiak utziz gero, Ponte di Legno eta Val Martello Martelltal Dolomitetako lehen etapa handia jokatuko da, 139 kilometrokoa. Gavia eta Stelvio igo beharko dituzte azken igoerari ekin aurretik. Hori bai, oso eguraldi txarra dago iragarrita biharko, eta litekeena da antolatzaileek ibilbidea aldatu behar izatea, elurraren eraginez.