Behingoz, Baionak aise irabazi dio Ageni, eten anitzeko partidan

Xuri-urdinek Agenen faltak baliatu dituzte, eta Gartziak entsegu eder batekin itxi du lehia (37-16)

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Denbora anitz zen Baionak partida bat hain aise irabazten ez zuela. Atzo Benjamin Boyeten zangoak zigortu zuen Agen. Frantziarrek erakutsi zuten zendako ziren Top 14an zigor kolpe gehien jasotzen duten taldea. Faltak bata bestearen gibeletik metatu zituzten, Benjamin Boyeti beste hainbeste opari emanez. Baionako irekitzaileak 11 ostikotik 11 sartu zituen; errezital hutsa.

Baina, Agen pattal aritu arren, Baionak ez zuen alde handirik lortu bigarren zatia iritsi arte. Lehenago, aldi oro Agen partidan sartuta utzi zuen. Aitzin pasa bat hemen, falta inozo bat han... Atsedenaldian, itxaropenari eutsi zion Agenek: 18-13.

Bigarren zatian jokoa azkartu zuten lapurtarrek, eta Agenek faltak egiten jarraitu zuen. Boyetek, batxe-batxe, puntuak sartuz jarraitu zuen. 30-16 ezarri zuen Baiona, ostikoz ostiko. Partida erabakita zegoen, eta baionarrak lasai jokatzen hasi ziren. Cedric Gartziak entsegu batekin biribildu zuen garaipena, jokaldi ederra eginda. Zaleak irribarretsu joan ziren etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.