Reala. Zubikarai; Cadamuro, Demidov, Gonzalez, De la Bella; Mariga, Elustondo (Pardo, 35. m.), Zurutuza (Aranburu, 75. m.); X. Prieto, Griezmann (Ifran, 67. m.); eta Llorente.
Granada. Julio Cesar; Cortes, Ribeiro (Uche, 56. m.), Lucena, Pamarot; Mikel Rico, Moises; Mollo (Siqueira, 46. m.), Jaime (Jara, 56. m.), Dani Benitez; eta Geijo.
Golak. 1-0. Griezmannek (4. min.); 2-0. X. Prietok (7. min.); 3-0. X. Prietok 64. min.); 3-1. Geijok (72. min.); 4-1. Ifranek (90. min.).
Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horia Realeko Marigari.
Bestelakoak. 16.000 ikusle inguru Anoetan.
Batzuen ustez ezertarako ez du balio Espainiako Kopak; nekea pilatzeko eta ondoren ligan huts egiteko tresna besterik ez da horientzat aste barruko lehiaketa hori. Baina, egiari zor, bi kanporaketa igaro, eta zaleak piztu egiten dira balizko finalarekin ametsetan. Txapelketa berezia da, baina tamalez tristura areagotu besterik ez du egin azken sasoietan Donostia aldean. Behingoz lehen kanporaketa igaro eta zerbait egin zezaketela sinetsita zegoela adierazi zuen Philippe Montanier entrenatzaileak bezperan, eta aginduak ondo barneratuta, futbol gosez zelairatu ziren atzo Realeko jokalariak.
Zale asko eta asko euren eserlekuetan esertzerako 2-0 aurretik ziren txuri-urdinak. 4. minutuan Cadamurok eskuin hegaletik erdiraketa neurtua bidali zion Griezmanni, eta frantziarrak, lehen ukituan, baloia sareetara bidali zuen, ezker dotorearekin. 7. minutuan, berriz, Granadako atzealdearen hutsa baliatu zuten donostiarrek. Griezmannek jaurti zuen lehenengo, Llorentek borrokatu zuen atezainak gelditutako baloia, eta Xabi Prietok bidali zuen azkenean baloia sareetara, lasai-lasai. Partida bati hobeto ekiterik ez dago.
Granadak ez zuen ezertxo ere egin lehen zati guztian, baina Dani Benitezek falta jaurtiketa batean —Mollok ere aukera ona izan zuen jokaldi berean—, eta Ricok korner batean, gertu eduki zuten 2-1ekoa. Aipagarriak izan ziren Realeko atezainak egin zituen hiru geldiketak. Ondarroarrak joan den denboraldian jokatu zuen azkeneko aldiz partida ofizial bat, Espainiako Kopan, Almeriaren aurka, eta oso lan ona egin zuen atzo.
Hiru aukera horiek salbu, Realak oso eroso jokatu zuen zelai erdian. Arriskatu beharrik ere ez zeukaten txuri-urdinek, eta tarteka, lehen ukituan, joko ona egiteko gai izan ziren. Xabi Prietok eskuinetik eta bereziki Griezmannek ezkerretik, arrisku handia sortu zuten.
Granadaren golarekin urduri
3-0ekoa 2-1ekoa baino gertuago zegoen sentsazioarekin amaitu zen lehen zatia, eta bigarreneko lehen hamabost minutuetan lau aukera on eduki zituzten etxekoek, Griezmannek joko onari esker. 57. minutuan iritsi zen azkenean 3-0ekoa, Xabi Prietoren bigarren golari esker. Zirt edo zart egin beharra zeukan Granadak, eta Dani Benitezen pase sakona baliatu zuen Geijok 3-1ekoa lortzeko. Baina Ifranek 90. minutuan hurrengo kanporaketarako txartel erdia eman zion Realari.
Reala 4. Granada 1
Behingoz zergatik ez saiatu?
Granadak bigarren zatian gola sartu badu ere, Realak bideratuta utzi du Espainiako Kopako kanporaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu