Bekatuen ostean, absoluzioa nahi

Baionak izugarri sufrituta eutsi dio Top14ari, eta nabarmen hobetu beharko du zaleak urrikaltzeko

Abdellatif Boutaty Baionako jokalaria eta Alain Afflelou Baionako presidentea, besarkatuta, Top14ko azken-aurreko partidan Ageni irabazi berritan. G. IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Baionak Top14an jokatuko du 2012-2013ko denboraldian. Anekdota iduri lezake, baina duela aste batzuk ezinezkoa zirudien esaldi hori idaztea. Nork erranen zuen Perpinyaren aurka 47-9 galdu eta gero Baionak mailari eutsi eta gutxienez beste urtebetez Frantziako errugbi maila nagusian jarraituko zuenik? Kataluniako taldearen aurkako partida biziki txarra izan zen. Sasoi baten hondoratzea izan zen. Taldea txikituta, mailari eusteko aurkari zuzen baten aurka lezioa jasota, eta zatituta.

Bukatu berri den denboraldiaren analisia hotza egitean, ezinezkoa dirudi Lapurdiko hiriburuko taldeak oraino Top14an jarraitzea. Izan ere, maila galtzeko egin behar den guztia egin du: gaizki diseinatu zuen taldea, zuzendaritzan egonkortasun falta handia egon da eta jokalariek ere ez dute jarrerarik onena eduki. Alta, Top14an jarraituko du. Hori bai, amaitu berri den sasoiko hutsetatik ikasi beharko du, beste denboraldi beltzik izan nahi ez badu.

1. Diseinu txarra

Baionaren fitxaketek ilusioa piztu zuten iazko udan. Alain Afflelouk, taldearen babesle nagusiak, zin egin zuen nazioarteko izarrak ekarriko zituela. Eta horrela egin zuen. Joe Rokocoko, Cedric Heymans, Neemia Tialata, Mike Phillips, Sione Lauaki eta Mark Chisholm, adibidez, nazioarteko selekzio ahaltsuenetan 40 aldiz baino gehiago izandakoak dira. Denak dira jokalari bikainak, baina haien fitxaketek hiru arrisku zituzten. Lehena, iragan udazkeneko Munduko Kopa jokatuko zela Zeelanda Berrian, eta jokalari horiek guztiak han egongo ziren, beren selekzioekin jokatzen. Baionak, beraz, bazekien haiek fitxatu zituenean bere sasoiaren herena jokalariok gabe jokatu beharko zuela.

Bigarren arriskua, berriz, jokalari horiek egokitzeko zailtasuna izan zen. Top14a eta hego hemisferioko txapelketak oso desberdinak dira. Gainera, jokalari horiek beste herri bat ezagutu behar zuten, beste hizkuntza bat eta beste taldekide batzuk. Hori guztia denboraldi-aurrea egin gabe. Gehiegi gauza onerako. Azken arriskua, taldearen oreka falta zen. Izarren bila joanez, Baionak bere taldearen egitura hautsi zuen. Postu batzuetan, jokalariak soberan zeuden. Beste batzuetan, aldiz, faltan. Arnaud Hegik edo Ross Filipok Baiona utzi zuten, eta ez zuten ordezkorik atzeman. 10 posturako ere, azken unean Potgieter fitxatu behar izan zuen Lapurdiko taldeak, sortu ziren zuloak nola edo hala estaltzeko. Roumieu aztalkariak sasoi osoa bakarrik egin behar izan du, ordezkorik gabe, eta bigarren lerroan edo barnekoetan kalitatea falta izan zaio taldeari.

2. Zuzendaritzaren egonkortasunik eza

Oker horiek guztiak aski ez, eta Baionak bere betiko gaitzekin segitu du. Iazko apirilean Alain Afflelouk Francis Salagoiti presidentetzatik bota zuen, bozen %51 bakarrik lortuz. Boterea eskuz aldatu arren, giroa txarra da oraindik talde barnean. Hilabete batzuk karguan pasatu ondotik, Michel Cacouaultek presidentetza Alain Afflelouri utzi zion, abenduan. Egun batzuk geroago, Christian Gajan eta Thomas Lievremont entrenatzaileen txanda izan zen. Alain Afflelouk, orduan, Jean-Pierre Elizalde izendatu zuen. Baina hiru aste geroago kargutik kendu zuen. Berriz ere beste batzuk izendatu zituen entrenatzaile: Didier Faugeron eta Denis Avril. Hori dena ez da modurik onena munduko beste puntatik eta erabat beste errugbi batetik heldu diren jokalariak talde berri batera egokitu daitezen.

3. Jokalarienjarrera txarra

Baina jokalariek ere badute erantzukizuna Baionak egindako sasoi txarrean. Lapurdiko hiriburuko taldeko zaleak itxaropentsu zeuden taldeak nor fitxatu zituen jakin zutenean. Chisholmen kasua aparte utziz geroz, etorritako inork ez du bere mailarik eman. Bakoitzak bere arrazoiak ditu: Phillipsek bi urte daramatza oporrik gabe sasoiak jokatuz; Rokocoko min hartuta iritsi zen Baionara, eta Heymans ongi hasi eta gero itzaliz joan zen. Baina anitzen jarrera ere dudan ezartzekoa izan zen. Tialata, adibidez, Zeelanda Berriko Munduko Kopatik hogei kilo soberan zituela iritsi zen Baionara. Lauakik profesionaltasun falta handia erakutsi du. Taldeko jokalari zahar anitzek ere anabasa eta parrandarako gogo handiagoa izan dute, zelaian dena emateko baino.

4. Etorkizuna

Horiek guztiak ikusiz, Baionak politika aldatu du hurrengo sasoiari begira. Christian Lantak eta Christophe Deylaudek osatutako entrenatzaile bikote berriak argi ditu taldearen gakoak. Haien aginduz, izarren ordez, Top14an eskarmentua duten jokalariak fitxatu dituzte datorren denboraldirako. Hutsuneak zeuden postuak indartu dituzte: Gregory Arganese aztalkaria, Dewald Senekal bigarren lerroa, Gabriele Lovobalavu eta Manu Ahotaeiloa barneko zein hegalekoak eta Scott Spedding gibelekoa. Hegoafrikako 8 postuko jokalari bat falta da etorrerak bukatzeko. Selekzioko Pierre Spies edo Duane Vermeulen izan behar luke jokalari horrek. Bekatuen ondotik, absoluzio bila hasiko da Baiona, Top14rako taldea prestatuz. Isila, langilea eta borrokalaria behar du izan. Zaleek ez dute gehiago eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.